Casa Camara jatetxera heldu eta argiak itzali ditu Arantza Uriarte Camarak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1953). Nahiago du jangela argi artifizialik gabe. 47 urtez Pasai Donibaneko Casa Camara jatetxe ezaguneko zerbitzaria izan da. Orain dela urtebete erretiratu zen, eta orain gutxiago joaten da, baina xehetasun batzuk bere modura jartzea gustatzen zaio. Ustez, jangelako 30. mahaian eseri da elkarrizketa erantzutera, baina oraingo zerbitzariek hemeretzigarren mahaia dela esan diote. Hori ere aldatu dute joan zenetik.
Ondo daramazu erretiroa?
Pentsatzen nuen gehiago kostatuko zitzaidala. Jakin dut delegatzen, baina oso pozik egin dut lan hemen. Hasieran asko kostatzen zitzaidan hona [jangelara] ateratzea, nahiago nuen barruan geratu, baina hori egiten ere ikasi nuen; jende asko ere ezagutu dut. Baina erretiroa hartu dut ikusi dudalako iritsi dela horretarako garaia. Jabetuta nengoen azkenaldian lan egiteko modua aldatua zela, eta niri kostatu egiten zitzaidala. Eta nekatu ere egiten nintzen.
Orain, gauez, ostiraletan eta larunbatetan egiten dute lan, eta hori hobea da langileentzat. Lana bizitzarekin kontziliatu beharra dago; bestela, ostalaritzan ez du inork lan egin nahiko. Zaindu egin behar da, bai bezeroa, bai langilea.
Zure seme Mikelek kudeatzen du orain jatetxea.
Poz handia ematen digu familiako gazte batek honekin jarraitzeak. Pablo Camara da Casa Camararen sortzailea [argazkiaren eskuineko artelaneko gizona], nire birraitona. Haren semea zen Miguel Camara eta, aldi berean, Angelitaren aita zen. Angelita zen nire ama [ezkerreko argazkiko emakumea]. Eta orain nire semeak hartu du.
«Camara familiakoen etxea jendez beteta egoten zen beti. [...] Hamabi haur ginen»
Niretzat pisu handia izan zen jatetxea eramatea, Regina ahizpak erretiroa hartu zuenean batez ere. Adibidez, pandemia garaia ikaragarria izan zen. Neure buruari esaten nion: «Ezingo dut jarraitu? Nire familia osoak egin du lan hemen eta beharbada nirekin bukatuko da?». Eta orain ikusten dut Mikelek ere baduela pisu hori, baina, bueno, lan guztiek dute horrelako zerbait. Gertatzen dena da guretzat Casa Camara lana baino askoz gehiago izan dela: gure etxea da; hemen jaio nintzen.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Nire aita arrantzalea zen, Pysben [bakailaoaren arrantzarako eta komertzializaziorako Pasaiako enpresa, joan den mendekoa] egiten zuen lan. Baina itxi egin zuten, eta lana lortu zuen Vigon [Galizia]. Ni jaio nintzenetik 10 urte bete arte, bertan bizi izan ginen, baina udara guztietan hona etortzen ginen ama eta kurtsoan zehar dena gainditu zutenak.
Eta gainditzen zenuten?
Gogoan dut guk trena hartzen genuela, eta nire neba zaharrena han gelditzen zela, negarrez. Gaixoa. Guretzat, udan han gelditzea ikaragarria zen. Baina, bestela, ondo. Vigo polita zen, ezberdina. Gaztelaniaz ikasi nuen eskolan. Etxean euskaraz egiten genuen, baina gaztelaniaz ere bai, nire aitak euskara oso gutxi hitz egiten zuelako.
Zer moduzkoak ziren udak Pasai Donibanen?
Camara familiakoen etxea jendez beteta egoten zen beti. Egoten ginen gure amona, haren hiru seme-alabak, Pantxeke, Felipe eta Angelita, eta baita haien seme-alaba guztiak ere: hamabi haur. Idazkaria eta sukaldaria ere gurekin bizi ziren.
Gogoan dut Bidaniatik, Legazpitik, Brinkolatik, Gabiriatik [Gipuzkoa]... emakume asko etorri zirela lanera. Ez dut esango orain gaizki lan egiten dutenik, baina lehen gozamena zen, ze jendea! Oso neska finak ziren, kategoria handikoak. Eta hemen bizi ziren: lana amaitutakoan gu zaintzen gintuzten, edo gurekin etortzen ziren igeri egitera.

Zer egiten zenuten jatetxean?
Ni eta Mari Luz [lehengusina] ginen ia gazteenak, eta enkarguak guk egiten genituen. Adibidez, Donostiara joaten ginen kafe bila edo otarrainen bila. Galiziako haztegi batetik Donostiara bidaltzen zituzten trenez. Egurrezko kaxa batean heltzen ziren, iratzeekin. Gainera, otarrain gehiegi heltzen baziren, eta haztegiko kaioletan sartzen ez baziren, aske uzten zituzten hor bertan. Beraz, kaioletakoak amaitzen zirenean, norbaitek jaitsi behar zuen bila salabardo batekin, eta gu bidaltzen gintuzten.
Gogoan dut orduan ez zegoela izozkailurik. Eta plazan, Arkupe izozki dendan, haiek egiten zituzten izozkiak, oso onak. Bada, bainatzen ari ginela, garrasi egiten ziguten: «Banillazko bi eta hurradun bat». Edalontziak eman, eta, bainujantzian ginela, izozki dendara joaten ginen, eta izozkiak ekartzen genituen jatetxera.
Herria oso ezberdin oroitzen duzu?
Jende askoz gehiago bizi zen Alde Zaharrean: kale oso alaia zen, eta ume asko ibiltzen ginen. Mareen arabera bizi ginen: marea goian goizez zegoenean, orduan bainatzen ginen; bestela, marea behean zegoenean, paduran zizareak hartzen genituen, gero arrantza egiteko.
Gogoratzen dut frantsesak etortzen zirela, eta ontziralekutik Andoni Lujanbiok [bizilagunak] esaten ziela: Mesié, tire una monodé al agué [Jauna, bota txanpon bat uretara]. Oraindik ere haurrek eskatzen dituzte txanponak. Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen, baina egia da herria orain askoz tristeago dagoela. Esaterako, lehen itsasbazterrean zeuden pabak mantendu beharko genituzkeela iruditzen zait. Oso politak ziren, oso-oso gureak ziren, baina kendu egin zituzten, eta bat bera ere gabe geratu gara. Orain, portuak ez luke jartzen utziko, baina pabak portua baino lehen zeuden hor.
«1884an baimena eman zioten oraindik ere jatetxe erdian dagoen haztegia irekitzeko; horixe da jatetxearen existentzia ziurtatzen duen lehen dokumentua»
Zerbitzari izan zinen berehala?
Ez. Nik kanpoan ikasi nuen, Salamancan [Espainia], Filosofia eta Letrak, eta Errenteriako [Gipuzkoa] ikastolan bi urtez egon nintzen lanean. Baina badakizu zer gertatzen zen? Ikasten ari ginela, udan hemen lagundu behar genuen; ikasketak bukatu, eta berdin. Aukeratu behar izan nuen, bat edo beste. Gu bost anai-arreba gara: bi neskek hemen jarraitu genuen lanean; mutilak, ordea, behar zenean egoten ziren, baina bakoitzak bere profesioa izan du. 24-25 urterekin hasi nintzen hemen lanean.
Kontatu dizute nolatan sortu zuen birraitonak Casa Camara?
Nire birraitonaren aita maisu izateko etorri zen Burgostik [Espainia], eta nire birraitona Hondarribian [Gipuzkoa] jaio zen. Bertako emakume batekin ezkondu zen, eta gero etorri ziren Pasai Donibanera bizitzera. Birraitona Pablok Pasaiako Udalean egin zuen lan idazkari modura, baina karlisten eta liberalen artean arazoren bat izan zen, eta udala utzi, eta Casa Camara jatetxea abiatu zuen. Hasieran, kaia zen hau toldo batzuekin estali zuen, eta meriendak ematen zituen. Bazkariak eta afariak ematen hasi zenean izugarrizko iraultza izan omen zen. Belle époque garaia zen.
Casa Camara da Gipuzkoan irekita dagoen jatetxerik zaharrena.
1884an baimena eman zioten oraindik ere jatetxe erdian dagoen haztegia irekitzeko; horixe da jatetxearen existentzia ziurtatzen duen lehen dokumentua, eta gordeta daukagu. Donostian kasinoa zegoen, eta Lehen Mundu Gerratik alde egin zuten aristokrata asko ibiltzen ziren; bezero boteretsuak ziren. Orduan eskuratu zuen Casa Camarak izen ona. Kartelak ere ikusi ditugu Casa Camarari publizitatea egiten ziotenak: Pablo Camara eta seme-alabak. Otarrainen, ostren eta abarren haztegia.
«Bezero batekin barre asko egin nuen: zein animaliaren haragia zen jakinarazteko, 'mu' edo 'bee' egiten nion. Nahi izanez gero, moldatzen da bat»
Beti funtzionatu du ondo Casa Camarak?
Gaur egun, astearte batean jatetxea beteta egotea normala iruditzen zaie oraingoei, baina niri ez. Casa Camarak ez du beti ondo funtzionatu gauza asko bizi izan ditugulako: gerrak, terrorismoa, krisia... Ez da erraza izan.
Eraiki duzue harremanik bezeroekin?
Gogoan dut frantses asko etortzen zirela eta, tartean, bi senar-emazte. Urteak joan eta urteak etorri, haien emazteak hil egin ziren, baina bi gizonek etortzen jarraitzen zuten. Bada, halako batean, gizon bakarra azaldu zen, bestea hil egin zelako. Berari erreparoa ematen zion laguna gabe hona sartzeak, eta nik laguna gabe ikusi nuenean... Biak negarrez aritu ginen. Noski, urte askotako harremana genuen.
Frantsesez dakizu, orduan?
Gure garaian, eskolan frantsesa ikasten zen, ez ingelesa. Eta, nahiz eta asko ez jakin, moldatzen ginen. Halere, nik hartu izan ditut komandak ingelesez, batere jakin gabe. Bezero batekin barre asko egin nuen: zein animaliaren haragia zen jakinarazteko, «mu» edo «bee» egiten nion. Nahi izanez gero, moldatzen da bat. Oso ohikoa izaten zen kanpoko jendea etortzea, eta egun batzuetan hiru mahai soilik zeuden nik hartzeko moduan, beste guztietan ingelesez hitz egiten zutelako.
Izan duzue bezero xelebrerik?
Martell koñakaren jabea behin haztegitik behera erori zen, polea eta guzti. Sokari heldu zion, goialdetik askatu zen, eta uretara erori zen. Bera da haztegitik behera erori den bakarra, nik dakidala.
Cristobal Balentziaga, Orson Welles, Ernest Hemingway… Horrelakoak etorri dira, eta oso ondo iruditzen zaigu, baina herriko jende gaztea etortzea nahi dugu. Herriko kuadrillak jaietan afaltzera etortzeko ohitura hartzen hasi zirenean, asko poztu eta hunkitu nintzen; jakin badakit ahalegin handia dela hona etortzea.
Zuek misera zerbitzatzen zenuten, baina ez zenuten halakorik jaten...
Etxekoek eta langileek janari normala jaten genuen: barazkiak, babarrunak... Guk ez genuen miserarik jaten, ez. Horrekin oso zorrotza zen gure amona: berak egiten zituen otorduak, eta denok gauza bera jaten genuen. Horrela da oraindik ere: ni gaur bazkaltzera etorri naiz, eta brokolia eta oilaskoa jan dugu, eta ez zait burutik pasatu ere egin beste ezer jatea.

Kokoteraino bukatuko zenuen haztegiko kaiola igo eta jaisteaz…
Pisu handia du; nik jada ezin dut igo, baina jendeak hori nahi du. Hamabost pertsonarentzako bazkarietarako otarrainak sukaldean utzi ohi dituzte, baina itxura berdin-berdin egin behar izaten dute, gutxienez birekin.
Zerbitzatu duzuen janaria aldatu da urteetan zehar?
Lehen, ezkontzetan hau ematen genuen: arrautza egosia, esparragoak, urdaiazpikoa, frijituak... eta oilaskoa! Faktura eta menu zahar batzuk gordeta dauzkagu. Azpizuna eta horrelakoak eskaintzen dezente geroago hasi ginen.
1924an, Pasai Donibaneko traineruko gizonek Kontxako Bandera irabazi zutenean, arrain zopa, otarraina eta oilaskoa jan zuten arraunlariek. Bueno, arraunlariek eta herri erdiak. Bankete oso bat prestatu genuen jangelan. Beti izan dugu harreman oso estua arraunarekin. Lehen, arraunlariak jainkoa bezala ziren guretzat. Telefonoak hasi ziren garaian, Kontxako estropaden egunean, Donostiara joan ezin zenak hemen jasotako dei baten bidez izaten zuen estropaden berri.
Zuk arrauna egin duzu?
Batelera izan naiz herriko jaietan egiten den estropadan. Nati Etxarri hankeko, Ana Amiano brankan, Andoni Lujanbio patroi, eta laurok atera ginen, orain dela 50 urte baino gehiago, kar, kar. Behin irabazi ere egin genuen!
Asko hitz egiten duzu zure herriaz...
Donostian bizi naiz orain, eta esaten didate oso astuna naizela Pasai Donibanerekin, eta esaten diet, harro, bertakoa naizela. Asko maite dugu herri hau. Iruditzen zait Pasai Donibane berez dela polita. Eta politagoa izan zitekeen pixka bat zainduko bagenu denok, nortasuna galtzen utzi gabe. Iruditzen zait Casa Camarak herria ezaguna egiten lagundu duela eta lana eman duela. Herriarentzat Casa Camara zer ote da? Hori jakitea gustatuko litzaidake.