Makina bat film labur zuzendu ditu Koldo Almandozek (Donostia, 1973); azkenekoa Maria Elorzarekin batera egin du: Quebrantos. Duela bi urte, Irizar saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian, Oreina film luzeagatik.
Nola sortu da Txintxua Films ekoiztetxean ETBrentzat telesail bat egiteko aukera?
ETBk egin zuen deialdiari erantzunez, bi telesail labur egiteko proiektuak aurkeztu genituen. Hilabete batzuen ostean horietako baten inguruan interesa zegoela esan ziguten, eta aurrera egin genuen.
Nola osatu duzue gidoia?
Istorioa aspaldidanik aritu naiz lantzen, eta koadernoetan sekuentziak, pertsonaiak eta egoerak apuntatzen. Noir kutsuko pelikula batetarako ideia zen hasieran, orain telesail bihurtu dena. Gidoia moldatzen nenbilela, momentu batean Anjel Aldarondo sartu zen prozesuan. Ostean, Marian Fernandezek hartu zion erreleboa gidoia amaitzeko.
Europako iparraldean thrillerra eta genero beltza uztartzen dituzten telesailek harrera oso ona izan ohi dute. Haietatik edango al du Hondar ahoak lanak?
Hondar ahoak generozko telesaila da: Noir-suspensea. Ipar Europako eta Ipar Amerikako nobela beltzetatik edaten du nagusiki. Alde horretatik, generoaren bideak jarraitzen ditu. Desagerpen bat eta hiritik herri txiki batera ikerketa egitera joango den inspektorea. Erronka generoari nire ikuspegia ematea eta Basque Noir moduko bat egitea izan da.
Zeintzuk dira zure inspirazio iturriak telesailei dagokienean?
Ikusleak eragin eta iturri ezberdinak sumatuko ditu telesailean, eta espero dut erreferentzia horiekin guztiekin batera, begirada propio baten bilaketa ere sumatzea. Generoari gurea eta bereizgarria izango den geruza bat gehitu nahi izan diot.
Ondarroak (Bizkaia) zer pisu du kontakizunean?
Batetik, kostako edozein herritan gerta litekeen istorio bat da, baina, bestetik, ezagutzen duenak badaki nortasun eta berezitasun handiko herria dela Artibai ibaiko «hondar ahoa»-n dagoen herria.
Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoi dira aktore protagonistak. Argi zenuten horiek izan behar zirela aktore nagusiak?
Gidoia idazten joan ahala, istorioan aldaketak izan ziren, eta tonuari dagokionez erabaki ezberdinak hartu behar izan nituen. Ez nuen uste Eneko eta Nagore bezalako aktoreek proiektuan parte hartzeko aukerarik izango zutenik. Baina koronabirusaren kontuak haien agendetan eragina izan du. Tarte bat egin, eta biekin lan egiteko aukera eman zigun. Luxua izan da: asko lagundu didate, eta gozamena izan da egunero elkarrekin lan nola egin duten ikustea.
Nolakoak izan ziren grabaketak, abuztuko beroarekin?
Gure Vietnam partikularra izan da. Filmaketa oso gogorra izan da, oso. Eta lantalde artistikoak eta teknikoak izan duten inplikazio mailagatik izan ez balitz, ezinezkoa zatekeen horrelako proiektu bat aurrera ateratzea. Niri tentsioarekin lan egitea gustatzen zait; tentsioa diodanean, kontzentrazioa eta nerbioa esan nahi dut. Baina tentsio hori mantentzea zaila da, eta iraungitze data izaten du. Gu mugan ibili gara.
Asier Altuna bigarren unitatea zuzentzen aritu zen. Zer ekarpen egin du?
Oso epe laburrean eta intuizioz ondorio garrantzitsuak dituzten erabakiak hartu behar dira. Altunak eskarmentu handia du filmatzen, eta hori berme bat da. Zu ez zaude han, eta guztiz fidatu behar zara bigarren unitateak egingo duen lanaz. Horrelako proiektu bat ezin da beste modu batera egin.
Alardea, Hondar ahoak, Altsasu... ETBn izango da zer ikusi denboraldi honetan. Ikusle asko horren zain zeuden, ezta?
Ikusle datuek esango dute jende asko zain ote dagoen edo ez. Iruditzen zait uste baino gehiagotan gure desioek eta errealitateak ez dutela bat egiten. Beste gauza askorekin egiten dugun moduan, aldarrikapenaren pankartaren atzean argazkia egin bai, baina gero, egunerokoan aldarrikatzen dugun hori nekez betetzen dugula. Niretzat, hala ere, audientzien tranpan erortzea baino gehiago, lan duinak eta interesgarriak egitea da garrantzitsuena.
Koldo Almandoz. Zinemagilea
«Gurea eta bereizgarria den geruza bat gehitu diot generoari»
ETB1ek 'Hondar ahoak' telesaila estreinatuko du azaroan, Almandozek zuzendutako lehena. Suspensezko generoari bere ikuspegia eman dio; 'basque noir' moduko bat dela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu