ATZEKOZ AURRERA. Josean Bengoetxea. Aktorea

«Gure ogibidea jai giroan ere aritzea da»

Aurten, hondartzako zinema izango da berriro Donostiako Aste Nagusian, garai batean bezala. Ondarretan egingo dute, su festen ondoren, eta 'Urte berri on, amona!' emango dute gaur.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Komedia beltzarekin hasita berreskuratuko du gaur Donostiako Aste Nagusiak aspaldiko hondartzako zinema, eta, orotara, hiru pelikula emango dituzte. Josean Bengoetxea (Donostia, 1964) aktoreak Urte berri on, amona! filmean lan egin du, eta beste hainbat pelikula ezagunetan ere utzi du arrastoa; iaz, Donostiako Zinemaldiko lau filmetan hartu zuen parte, hain zuzen, Loreak, Lasa eta Zabala, Los tontos y los estúpidos eta Negociador filmetan, eta horietako hiruretan, paper nagusiarekin, gainera. Zinema munduan aritzeagatik da, batik bat, ezagun, baina telebista saioetan eta antzerki lanetan ere aritu da.

Lehen joaten al zinen hondartzako zinemara?

Horixe baietz. Tortilla ogitartekoa eskuan, zinema gogoko zuten hiru lagunekin joaten nintzen, urtero.

Urte berri on, amona! filma emango dute gaur; zuek estreinatuko duzue, beraz, lehengo ohitura.

Zorionez eta zoritxarrez. Ongi legoke Telmo Esnal zuzendariarekin, Nagore Aranbururekin eta Kontxu Odriozolarekin elkartu eta ilara bat hartzea pelikulaz gozatzeko, baina tamalez, ezin izango dut joan.

Tokia, eguna, ordua, filma. Zer diozu?

Pelikula egokia dela uste dut, familiartean edo lagunartean ikusteko. Ez da hasieran espero duzuna gertatzen den horietakoa, baina badu bere gatza eta piperra. Gainera, filmean ageri diren hainbat leku Donostian dira; beraz, toki aproposagorik ez dago filma ikusteko. Eta zer esanik ez Aste Nagusi batean. Orduak ere gauean izan behar zuen...

Komedia beltza Aste Nagusian. Parranda bati hasiera emateko aproposa?

Zergatik ez? Komedia izateaz gainera, hausnarketara bultzatzen duen filma da, baita tragediara eramaten duena ere. Barrenak astintzen ditu, baina, filma ikusi ondoren, badago aukera festa lasai hasteko, izozkia dastatzen edo kalimotxoak hartzen, eta, bide batez, ikusitakoari buruz hitz egiten.

Madrilen eta Donostian bizi zara. Nola bizi duzu Donostiako Aste Nagusia?

Esango nuke nire garaiko donostiar askok ez dugula Donostiako Aste Nagusia gogoz bizi izan. Ez dakit, ordea, oraingo jaiak ordukoen berdinak diren. Donostiarrok burges puntu bat daukagu ezbairik gabe, eta uste dut jaiak beti turismora begira antolatzen direla, eta ez dut esaten hori gaizki dagoenik. Edonola ere, ez dira ahantzi behar jai herrikoiak sustatzen dituzten bestelako jai alternatiboak. Ni Egia auzokoa naiz, eta hor beste mota bateko festak izan ditugu betidanik, Porrontxo jaiak, esaterako. Aspaldi utzi nituen, ordea, baina, zorionez, gure ogibidea jai giroan aritzea ere bada, inauterietan bezala, mozorrotu egiten baikara hainbat pertsonaiaren azalean jartzeko.

Zinemaldiko lau filmetan izan zinen iaz. Aurten asmorik bai etortzeko?

Azalduko naiz, bai. Aurten ez dut pelikula bakar batean ere parte hartuko, baina irrikan nago Amama eta beste hainbat pelikula ikusteko eta, oro har, euskal filmen ondoan egoteko, hurbil. Beharbada, une horiek dira gehien bizi ditudanak, Donostiako Zinemaldia eta Jazzaldia.

Lanean jazotako anekdotarik?

Oro har, hainbatetan sartu izan dut hanka. Orain, adibidez, gihar bikiko ebakuntza batekin nabil. Hilabeteak neramatzan antzerkia egin gabe, eta orain berriro ere horri heltzeko gogoz nengoela, lehenengo antzerki entseguan gertatu zait hori. Badirudi nik antzerkia maite dudala, baina antzerkiak ni ez. Duela lauzpabost urte, beste hankako gihar bikia apurtu nuen.

Aktore ezaguna izaki, parranda lasaiak egiteko aukerarik izaten al duzu?

Ez dut uste nire aurpegia aski ezaguna denik, eta Madrilen, are gutxiago. Kalera irteten naizenean, oro har, ez naute ezagutzen, eta ezagutzen nautenak begira geratzen zaizkit, baina errespetatzen naute. Gertatu izan zait, hala ere, telesailetan parte hartzeagatik, eta gaiztoaren papera egiteagatik, kaleko jendeak ni halakoa naizela uste izatea, eta denetik entzun behar izan dut.

Zer deritzozu zinema kalean, auzoetan eskaintzeari?

Uste dut komenigarria dela, beharrezkoa, zinema toki ezberdinetara eramatea. Zaletasuna hortik abiatu behar da, eta zaletasun horretara bideratu jendea.

Eta zezenketen inguruan?

Erabat kontrakoa naiz. Aitak hiltegian egiten zuen lan, eta gogoan dut, Groseko zezen plaza oraindik bazegoenean, laguntzera eramaten ninduela: zezenak kamioian sartzen zituen, hiltegira eramateko. Horixe zen nik izaten nuen ikuskizuna; urteetan, subkontzientean irudi bortitzak izan ditut. Egia esan behar badut, ulergaitza iruditzen zait gizarte honetan horrelakoak ahalbidetzea. Badirudi ez dugula ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.