Yanaysa Prietok (Habana, 1976) eta Maygred Bourricaudyk (Gibara, Kuba, 1983) osatzen dute Duo Jade proiektu musikala. Kubako musika tradizionala egungo korronteekin uztartzen du bikoteak, eta, hain zuzen, esperimentazioan oinarritutako lan berri baten atarian daude.
Gitarra bat eta bi ahots soilik erabiltzea, egun, errebeldia musikala al da?
YANAYSA PRIETO: Bai, guztiz. Badira intimitatera bideratuta dauden espazioak, hots, geurea bezalako proiektuetara bideratuak. Dena dela, musikaren industria, egun, ziztu bizian doa, eta jendeak bat-bateko bibrazioa bilatzen du. Beraz, minimalismoarentzat garai zailak dira, are gehiago dantza, kantua eta hausnarketa batzen dituen musika moldearentzat.
Euskal Herria oasia al da zuentzat eta zuen musikarentzat?
MAYGRED BOURRICAUDY: Euskal Herrian, etxean bezala sentiarazten gaituzte. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen eskutik etorri ginen lehenengoz, eta, orduz geroztik, Euskal Herriaren inguruan genuen hasierako irudi eder hura are gehiago edertu besterik ez da egin.
PRIETO: Iruñean Canela en rama abestu izan digute kalean; horrelako keinuek bistaratzen dute Euskal Herriak zein ondo hartu gaituen.
Zerk ematen dizue atentzioa bereziki euskal musikan?
BOURRICAUDY: Bere herriaren sustraietara hertsiki lotutako musika ekoizpena dela ikusten dugu, baina, era berean, ateak zabal-zabalik dituela, munduko edozein eraginetatik edateko.
PRIETO: Guri atentzio handiena eman diguten egileetako bat Kepa Junkera da, tradizioaren eta gaurkotasunaren bide horretan; Iker Lauroba eta Ruper Ordorika ere atsegin ditugu. Txundituta utzi gaitu Joseba Sarrionandiak ere, Kubarekin duen lotura tarteko. Dena dela, Sonakay taldekoekin kolaboratzea gustatuko litzaiguke gehien.
Euskal Herrira ez zarete oporretara etorri, gainera.
PRIETO: Ez. Gure hurrengo diskoa izango dena lantzen ari gara: Para besar de otro modo. Pare bat urte dira gure azken albuma, Caminando, kaleratu genuenetik, eta zerbait berriaren bila gabiltza. Hurrengo lana EP bat izango da, eta gai berriak jorratuko ditugu.
Zer aurreratu dezakezue?
BOURRICAUDY: Anbizio handiko diskoa izango da, eta orain arte landu ez ditugun ñabardurak izango ditu. Kasurako, folka, jazza eta son kubatarra uztartuko ditugu; horrez gain, poesia eta dantzagarritasuna nahastuko ditugu, orain arte egin dugun bezala. Beste berrikuntza bat rap erregistroa da: oraintsu ezagutu dugun alorra da, eta poesia eredu bat dela iruditzen zaigu.
Duo Jade eragin musikal guztietara zabalik dago, beraz.
PRIETO: Gure musikak iturri denetatik edaten du. Kutsu tradizionaleko kantautoreen poesia maite ditugu, baina baita Bob Dylanen, Buena Vista Social Cluben eta Leonard Cohenen ereduak ere.
BOURRICAUDY: Musikari eta musikazale gisa, baliagarria izan daitekeen influentzia orotatik ikasten dugu gure estiloa ontzerakoan.
Euskal Herrian emandako kontzertuetatik, zein duzue gogoan?
PRIETO: Donostiako Dabadaba aretoan jo genuenekoa ez zaigu inoiz ahaztuko. Lagun ugari bertaratu ziren, eta gaua berezi bihurtu zuten. Gogoan dugu musikarien eta ikusleen arteko egundoko komunikazioa izan zela, eta horrek intimitate giro bat sortu zuen, emanaldien ohiko eskemak apurtuz.
Zer abestirekin oheratuko zinatekete gaur gauean?
BOURRICAUDY: Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak aukeratuko nuke; denbora luzez entzun barik egon naiz, eta zinez maite ditut kantu horren hitzak.
PRIETO: Joan Manuel Serraten Hoy puede ser un gran dia. Baikortasuna transmititzen dit; alegia, egun falta den zerbait. Baikortasuna eta bizitzaren gorazarrea erakusten duten musikak behar ditugu.
ATZEKOZ AURRERA. Yanaysa Prieto eta Mygred Bourricaudy. Duo Jadeko kideak
«Gure musikak iturri denetatik edaten du»
Hirugarren albuma sortzeko prozesuan daude Prieto eta Bourricaudy. Euskal Herrian dira egunotan, eta kontzertuak emateko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu