ATZEKOZ AURRERA. Jone San Martin. Dantzaria

«Gure mugek azaleratzen dute gure sormena ere»

Sormena garatzeko moduen bila aritzean, muga fisikoak lagungarri izan daitezke. Hala uste du Jone San Martinek. Aurreskua dantzatzeko beste modu bat irakatsi du Donostian, aulkian eserita.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Dantzarekiko ikuspegi zabala du Jone San Martin dantzariak (Donostia, 1966), eta egunero egiten diren mugimenduetan aurkitzen dela uste du. Hamaika proiekturen bidez ematen die hark ikusgarritasuna mugimendu horiei, Berlinen, batez ere. Jaioterrira itzuli da egun hauetan, ordea, eta ikastaro bat ere eman du. Bere proiektu pertsonal batetik abiatutako koreografia bat oinarri hartuta, aulkian eserita aurreskua dantzatzen irakatsi du.

Nola sortu zitzaizun ikastaroa emateko aukera?

Orain dela lau bat urte aurreskuaren bertsio bat egin nuen besoekin, Kukai dantza taldearekin. Lorea Igartuak mezu elektroniko bateanidatzi zidan bazekiela horrelako zerbait egin nuela, eta ikasteko interesa agertu zidan. Gurpil aulki batean eserita zegoela ere gaineratuzuen. Ideia oso polita iruditu zitzaidan, eta baietz erantzun nion.

Zein gaitasun landu nahi zenituen?

Gorputzek espazioan zein posizio hartzen duten landu genuen lehenik, oso simetrikoa baita aurreskua. Gorputzak zein norabidetan eta nola mugi daitezkeen ikus zezaten nahi nuen. Bost dantzari bakarrik ziren gai mugimenduak inolako trabarik egiteko, eta lau gurpil aulkian zeuden. Mugimenduak egokitu genituen haien gaitasunetara. Oso interesgarria da; batzuentzat beso guztia hartzen duen mugimendua beste batzuentzat ukalondotik hatzetara doan mugimendubihurtzen baita. Egokitu egin du parte hartzaile bakoitzak hasierako bertsioa bere gaitasunetara.

Hankak erabiltzeko gai ez direnen azalean jarri zarete modu horretan?

Horretarako balio izan du, baina halakoa zen koreografia hasieratik. Dena dela, hankak erabili ditugu, adibidez, pisua emateko, tente izateko eta diagonalak aldatzeko. Eserita zeuden guztiak; beraz, oinen mugimendua simulatzeko, aulkia erabil zezaten eskatu nien.

Espero bezalako emaitzak eman ditu?

Lau orduko ikastaroa izan zen, eta hori ez da ezer dantzarako noziorik onenak dituenarentzat ere. Izan dugun denbora gutxia kontuan hartuta, oso emankorra izan da. Koreografiaren pausoak oso ondo jarraitu dituzte parte hartzaileek, ematen duena baino zailagoa baita.Oso interesgarria izan da ikustea pausoak nola erreproduzitzen zituzten. Muga eta gaitasun jakin batzuk dauzka pertsona bakoitzak, eta horrek mugimendu pertsonalizatuak eragiten ditu.

Hartu-emaneko ikastaroa izan da, beraz?

Dudarik gabe. Bada pauso bat aurreskuan, hankak airean gurutzatzen direna. Hori eskuekin egiten nuen nik nire bertsioan, airean bi eskuak gurutzatuz, baina ikasleetako batzuk ez ziren hori egiteko gai, eta mugimendu berri bat proposatu zidaten. Nire bertsioaren itzulpen ez-literario bat egin dute, euren kabuz. Entzuten lagundu dit, eta ikusten zein ederra izan daitekeen osatu gabeko mugimendu bat eta pertsona bakoitzak hori egiteko hartutako bidea. Azken finean, gure mugek azaleratzen dute gure sormena ere.

Atzerrian, diziplina artistiko desberdinetako artistekin kolaboratu izan duzu batez ere. Euskal Herrian zailagoa al da elkarlana?

Atzerrian ikasi eta lan egin dut; baina, egia esan, Donostian bertan ere kolaborazioak egin ditut. Horietako batzuk oso garrantzitsuak izan dira, baita arriskatuak ere.

Zein eremu artistikotan sentitu zara erosoen?

Dantzariek daukagun gauza onenetariko bat da oso malguak garela, edo, behintzat, hala izatea komeni zaigula. Dantza oso diziplina konplikatua da, zeure buruarekin zorrotz jokatzea eskatzen baitu. Une oro norbere burua aztertu eta kritikatzen da. Horrek, aldi berean, prestatzen gaitu beste diziplinetako artistekin kolaboratzeko. Artistak kolaboratzeko prest badaude gainontzekoei ezer inposatu gabe, elkarlanerako aukerak sortzen dira, diziplina edozein izanda ere. Diziplinak berak ez, horien atzean dauden artisten esku dago hori. Bestearen gainetik jartzeko nahirik ez dagoenean, denok erlaxatzen gara, eta jolasten hasten gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.