Vendetta musika taldea sortu zenetik urtero etorri da sanferminetara. Iaz kontzertua debekatu zien udalak, eta aurten, programa ofizialean sartu ditu. Gogotsu daude aurten ere Pello Reparaz ahots eta tronboia (Arbizu, 1990) eta Enrike Rubiños bateria (1977, Tolosa). Euskal Herriko mugetatik at eramango dituen Puro infierno biran murgilduta daude. Iruñekoak kontzertu bereziak direla esan dute.
Talde moduan nola bizi dituzue sanferminak?
ENRIKE RUBIÑOS: Uztailaren 7an ustekabeko kontzertu bat egin genuen Muthiko Alaiak peñan. Peñako leihoak ireki, eta kalera begira jo genuen. Gaur, Foruen Plazan joko dugu, 23:30ean.
PELLO REPARAZ: Sanferminak bereziak bilakatu dira taldearentzat. Lehenengo konzertuetariko bat hemen izan zen, duela bi urte. Aurreko urtean ere, Herriko Tabernan izan ginen. Udalak kontzertua zentsuratu zuen arren, jo genuen.
Nolatan bururatu zitzaizuen ustekabeko kontzertua ematea?
E. R.: Muthiko Alaiak peñaren ideia izan zen. Hala ere, Skalariak taldearekin ere, zenbait kontzertu eskaini genituen kalean. Herritik herriarendako egiten dugu lan.
Festa giroko musika da zuena, balada gutxi egiten duzue. Jendea mugitzea gustatzen zaizue?
E. R.: Horixe nahi dugu. Gurekontzertuetan jendea mugitzen ikusten dugunean disfrutatzen dugu gehien. Baladarik ez dago gure diskoetan. Azkeneko diskoan, abesti lasaiagoren bat badago.
Iaz, Iruñeko Udalak zuen kontzertua debekatu zizuen. Hala ere, jo zenuten.
P. R.: Betidanik salatu dugu Iruñeko Udalak eta beste udal askok euren herriarekin duten jarrera. Eurek izan behar ziguten guri beldurra, eta ez alderantziz. Joan den urtean, hura zuzenean bizi izan genuen. Horren kontra zerbait egin behar zela argi genuen. Udalaren debekuari bizkarra emanez, jotzea erabaki genuen.
Aurten, programa ofizialean sartzea lortu duzue. Gero eta oihartzun handiagoa daukazuen seinale?
E. R.: Manager izugarria daukagulako da hori (irribarrez). Egia da gero eta toki gehiagotan gaudela, eta kontua goraka doa. Taldearekiko interesa handitzen ari da. Gaztea irratiak, adibidez, Begitara begira abestia erosi digu.
P.R.: Bitxia da, egia esateko. Guk geuk ere ez dakigu noraino ikuskatzen duen Iruñeko Udalakprograma osoa. Iaz, Herriko Tabernan jotzeagatik debekatuta, eta, aurten, programan sartzea lortu dugu.
Puro infierno diskoak aurrekoek baino arrakasta handiagoa eduki du. Mugak hausten jarraitzeko asmoa daukazue?
E. R.: Intentzioa bai, baina hori ez dago asmatzerik. Kristorena iruditzen zaizun diskoa egin dezakezu, ilusio handiz eta ikaragarrizko abestiekin, baina gerta daiteke inori ez gustatzea. Oraingoarekin ez da horrelakorik gertatu; jendeari anitz gustatu zaio. Gero eta jende gehiagorengana iristea da gure nahia.
Non ez zenukete inoiz joko?
P. R.: Noranahiko ibilgailuen modukoak gara. Ez dago horrelako arazorik. Guk lekua moldatuko genuke, kasu horretan.
Sanferminak Iruñean. Pello Reparaz eta Enrike Rubiños. Vendetta musika taldeko kideak
«Gure kontzertuetan jendea mugitzen ikusirik disfrutatzen dugu gehien»
Sanfermin bereziak izanen dira aurtengoak Vendetta taldearentzat. Bi kontzertu izango dituzte: Muthiko Alaiak peñan, ortzegunean, eta Foruen plazan, gaur, 23:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu