Ion Telleria. Naiz irratiko koordinazio taldeko kidea

«Gure komunitatearen zor da Naiz irratia»

Naiz irratiak Hego Euskal Herriko hamar eremutan ditu FMko frekuentziak, eta Telleriak azaldu du gehiagotara zabaldu nahiko lukeela. Uste du 'Naiz' atariko komunitateari entzunda eraiki behar dutela irratia.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Info7 irratian aritu zen beharrean eta Naiz irratiaren sorreran parte hartu du Ion Telleria kazetariak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1982).

Irratiak etorkizunetik du gehiago iraganetik bainoago. Hala diozu promozio bideo batean. Nolako etorkizuna izango du?

Hori da erantzuten zailena. Baina irratia nostalgiarekin lotu izan da garai batean, eta azken hamarkadan audiogintzaren bueltan punta-puntako teknologia bihurtu da. Badirudi irratiak bere burua berriro asmatzen jakin izan duela, eta podcasten booma hor dago. Guk Naiz irratian argi dugu irrati bat egin nahi dugula, eta horrek ez du esan nahi podcastak egingo ez ditugunik. Emisio jarraituari garrantzi handia ematen diogu.

Elkar entzutearen kontzeptua ere aipatu duzu bideoan. Iruditzen zaizu inoiz baino garrantzitsuagoa dela egun herritarren artean elkar entzutea?

Euskal gizartean jendeak ez du onartzen bera ez entzutea, zorionez. Beste garai batzuetan, hedabideek hitz egiten zuten, eta besteek, entzun. Aldatu egin da hori,eta jendeak beren ahotsa entzuna izatea nahi du. Ona da, eta teknologiak laguntzen du horretan. Guk ere ez dugu beste modu batean ulertzen, gure komunitatearen zor gara. Haiei entzunda eraiki behar dugu irratia.

FM bidez emititzen du Naiz irratiak, eta herritar askok Internet bidez ere entzuten dute.

Bai, eta Interneti esker lortzen dugu txoko guztietara iristea. Baina FMkoa oso garrantzitsua da. Prest gaude Euskal Herri osoan FM bidez emititzeko, baina hori ez da gertatzen nahi edo ahal ezin dugulako, uzten ez digutelako baizik. Erabaki politikoak daude tartean, herri egitasmo batzuei bidea itxi zaie urteetan. Gure asmoa da bultza egiten jarraitzea.

Audioaz gain, Naiz irratiko Bigarren kafea saioa ikusi ere egin daiteke Internet bidez. Nola doa ahalegin hori?

Bigarren kafea-k hasieratik egin du apustu multimedia izateko. Twitch plataforman emititzeko pausoa ere eman dugu. Entzulearen esperientzia aberasten du. Kultur arloko puntako jendea gonbidatzen dute saioan, eta kontzertu akustiko batzuk ikustea ere ez da makala.

Beste bat musika saioa hasi da berriz. Euskal musikak egun askorako ematen du, ezta?

Euskal musikak ematen du hiru irrati kate eta lau telebista egiteko. Beste kontu bat da ea sortzaileei ematen diegun behar dituzten bezainbeste plaza. Naiz irratian hasieratik egin dugu apustu euskal musika eszenaren alde,gure ardatz nagusietakoa da. Beste bat saioan musikariei eskatzen diegu biluzteko, eta nondik edaten duten ezagutzeko aukera ematen digute. Munduaz duten ikuskera ezagutzeko modua ere eskaintzen du saioak.

Naiz irratia Arrosa sarearen parte da. 20 urte bete ditu sareak. Zer ekarpen egin du urteotan?

Arrosa irrati sarea herri ekimeneko irratigintzaren abangoardia izan da. Elkar ikasi, elikatu, animatu eta babesteko ezinbesteko sarea izan da. Zenbait irratik etsi egingo lukete, Arrosarengatik izan ez balitz. Plataforma ezin hobea da Arrosa, eta zailtasunak daudenean elkar laguntzeko oso baliagarria da. Harreman iraunkorrak eta emankorrak dauzkagu sareko beste irratiekin; aurrera begira, apustu garrantzitsua izaten jarraitzen du.

Naiz irratiko taldekoa da Gara egunkaria. Paperezko egunkariak luzaroan jarraituko al du?

Ez dakigu, baina irauten duen bitartean hor egon behar dugu. Azken urteetan, Gara-ren taldeak azaldu du trantsizio teknologiko bat garatu behar zuela, eta Naiz-en sorrera egon da hor. Garaira ondo egokituta iritsi gara, zaila baita pentsatzea paperezko egunkaritik bakarrik garatuko dela proiektu bat. Interneti esker, gure komunitatea asko zabaldu da, eta inoiz pentsatu ez genukeen tokietara zabaltzeko gai gara. Garrantzitsuena mezua da; asmatu behar dugu ahalik eta bizkorrena egokitzen, eta kontatzeko duguna entzun dadila bermatzen.

Harpidetza digitalak, tartean.

Ezinbestekoak dira. Irratia bera ez litzateke sortuko Naiz-en komunitatea egon izan ez balitz. Gara-ren zor bidegabearen harira, ordaintze horren bidea harpidetzen bidez egitea izan da aukera. Ezin batetik ona ateratzea izan da kontua: komunitatea zabaldu dugu, eta proiektuaren bideragarritasuna indartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.