Jokoaren sortzaileak

Asier Morillo eta Oihane Montejo: «Masifikazioari irtenbidea ematea da gure jokoaren helburua»

Asier Morillok eta Oihane Montejok joko digital bat sortu dute Aniz, Ziga eta Berroeta herriak ezagutzeko. Besteak beste, Baztango turismo bulegoan daude jokoan aritzeko kodeak.

Oihane Montejo eta Asier Morillo, urtarrilaren 10ean, Burlatan (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Oihane Montejo eta Asier Morillo, urtarrilaren 10ean, Burlatan (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Burlata
2025eko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Baztango begiratokitik (Nafarroa) abiatzen da jokoa, Zigatik, eta Aniz eta Berroeta zeharkatzen ditu gero. Galderak erantzun, altxorra bilatu edo herrian sakabanatuak dauden harribitxiak eskuratu beharko dituzte jokalariek. Asier Morillok (Azpeitia, Gipuzkoa, 2003) eta Oihane Montejok (Burlata, Nafarroa, 2003) sortu dute, bisitarientzako denbora-pasa gisa, baina turismoak eragindako masifikazioari irtenbidea emateko asmoa ere badauka jokoak.

Nola suertatu zen jokoa egiteko aukera?

ASIER MORILLO: Hainbat herritako udalekin hitz egin genuen, eta Baztango Udalak interesa agertu zuen gure proiektuaren inguruan. Turismoaren masifikazioa arazo handiak eragiten ari da leku askotan, baita Baztanen ere. Horri irtenbidea emateko helburua dauka gure jokoak; herri txikiak, hain ezagunak ez direnak, ezagutarazi nahi ditugu. Horretarako, bailarako hiru herri zeharkatzen dituen ibilbidea diseinatu genuen. Puntu ezagun batetik abiatzen da, Zigan dagoen Baztango begiratokitik, eta Aniz eta Berroetatik igarotzen da gero. 

Unibertsitateko proiektu baten harira egin duzue.

MORILLO: Bai. LEINN ikasten ari gara [Mondragon Unibertsitatean]. Ekintzailetza gradua da LEINN, eta gure proiektuak aurrera eramaten ikasten dugu. Iaz hainbat ideia pentsatzen hasi ginen. Hasieran, Euskal Herrian barrena pintxoen ibilbide bat egitea bururatu zitzaigun, baina ez genuen ezer zehaztu, eta ideia hori bidean geratu zen. Ideiari forma ematen joan gara, eta, leku berriak ezagutzea asko gustatzen zaigunez, proiektu hau sortu genuen azkenean.

Aurretik halako zerbait egina zenuten?

OIHANE MONTEJO: Ez, lehenengo aldia izan da.

MORILLO: Gu beti izan gara ihes gelen eta antzerako jokoen oso zaleak. Ekitaldi batera joan ginen behin, eta han Roadgames aplikazioa deskubritu genuen. Sortzaileekin hitz egin genuen, eta Euskal Herriko txokoekin zerbait egitea proposatu genien. Horrela abiatu zen dena.

Zer da Roadgames aplikazioa?

MONTEJO: Ginkana moduko jokoak dituen aplikazio bat da. Jokoen bitartez ibilbide bat egiten da, txoko berriak ezagutzeko. Argitu beharra dugu Roadgames plataforma ez dugula guk sortu. Aplikazioan toki asko agertzen dira: Tenerife (Espainia) eta Madril, adibidez. Guk Baztango jokoa egin dugu.

Argibideren bat eman beharko da jokoari buruz...

MONTEJO: Aplikazioan sartzean, hark markatzen duen erradioan egon behar da jokatu ahal izateko, hau da, herrian bertan. Zazpi joko mota daude: Matchmaker, G-spot, Esploratzaile, Sprinter, Groupie, Experto eta Altxorraren bila. Lehenengo jokoan herriko txokoen irudiak agertzen dira, eta horiek bilatu behar dira. Esploratzaile modalitatean, askotariko galderak egiten zaizkie jokalariei, eta erantzunak ere herrian zehar bilatu behar dira. Sprinter jokoan, harribitxiak herrian sakabanatuak daude, eta, atzerako kontaketa bat dagoenez, korrika joan behar da guztiak garaiz hartzeko. 

Umeentzako jokoak dira?

MONTEJO: Ez, adin guztietarako jokoak dira. Familian egiteko oso aproposak dira, baina bikoteka edo lagunartean ere egin daitezke. 

Taldean ere jokatu daiteke, beraz...

MORILLO: Bai. Kodeak behar dira jokoan sartzeko. Baztango turismo bulegoan, hainbat landetxetan eta nire Instagram kontuan (@asiermorillo) eskuratu daitezke. Bi kode jasotzen dira, bi partaiderentzat, baina nahi duten guztiek har dezakete parte. 

Zergatik Aniz, Ziga eta Berroeta?

MONTEJO: Baztango Udalak proposatu zizkigun herri horiek, horiek dituztelako bisitari gutxien.

MORILLO: Hasiera batean, Almandoz eta Belate herriak ere sartu behar genituen. Baina horiek baztertzea erabaki genuen azkenean, ibilbidea motzagoa izateko eta oinez egin ahal izateko.

Abian da dagoeneko?

MORILLO: Bai, martxan da dagoeneko.

LOTSABAKO

Aritu zarete zuek jokoan?
BIEK: Bai.

Zein joko gustatzen zaizue gehien?
BIEK: Sprinter.

MONTEJO: Hori da dibertigarriena. Hasieran, oinez hasten zara, baina bukaeran, denbora gutxi duzunean, korrika hasten zara, alde batetik bestera. Herriko jendea harrituta gelditzen da [barrez].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.