2cybikes konpainiaren arduraduna

Josu Iarritu Albizua: «Gure ideiak mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra uztartzen ditu; galdera da ea bezeroak hori nahi duen»

2cybikes konpainia sortu du Amurrioko lagun talde batek. Bizikletak elektrifikatzen dituzte, bigarren bizitza emanez.

Josu Iarritu, joan den astean, Gasteizen, egokitutako bizikleta batekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Josu Iarritu, joan den astean, Gasteizen, egokitutako bizikleta batekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2024ko azaroaren 6a
05:00
Entzun

Araba Ekinean-en Zure ideiak balio du lehiaketako bi sari lortu zituen 2cybikes proiektuak maiatzean: Aclima saria, ekinaldirik jasangarrienaren arloan, eta Mobility Lab sari berezia, trantsizio energetikorako berrikuntzaren arloan. «Word eta Excel dokumentuetatik abiatu eta ekiten hasteko momentua izan zen hori», esan du Josu Iarritu Albizuak (Amurrio, Araba, 1980). Nahi ez diren bizikletak erosi, elektrifikatu, eta 2cybikes.com atariaren bidez saltzen dituzte. Urriaren 26an egindako Made in Araba Day jaialdian aurkeztu zituzten lehen bizikletak.

Nolatan bururatu zitzaizuen ideia?

Kasualitatez. Faktore askoren batura izan zen. Master bat egiten ari nintzen komertzio elektronikoaren eta eraldaketa digitalaren inguruan; beste kide bat mantentze lanetan aritzen da, eta bizikleta oso gustuko du; eta hirugarrenak bateriekin egiten du lan. Gainera, hiruroi asko gustatzen zaigu Landetara joatea. Han ikusi genuen, oporraldiaren amaieran, bizikletak oso merke saltzen zirela, eta pentsatu eros genitzakeela eta motor bat jarri, saltzeko.

Zertan datza bizikleta bati motorra jartzeko prozesua?

Azken batean, motorra bateria bat da. Edozein dendatan daude salgai. Motorra pedalierrean edo gurpilaren ardatzean integratuta egoten da, aurrekoan edo atzekoan. Guk atzeko gurpilean integratzen dugu. Orduan, gurpila erosten dugu, baina aire ganbera eta gurpil azal zaharrak erabiltzen ditugu. Kable bidez lotzen ditugu motorra, gurpila eta palanka.

Edozein bizikleta bihurtu daiteke elektriko?

Ia-ia edozein, bai.

Bizikleta elektrikoak saltzen badira, zertarako elektrifikatu erabilitako bat?

Gure helburua ez da bizikleta elektrikoak ekoiztea. Horretarako badaude multinazional handiak. Gainera, guk baino merkeago salduko dute, ezin baikara lehiatu haien prezioekin. Baina gure ideiak mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra uztartzen ditu, bizikletei beste bizialdi bat emanda. Horrek ezberdintzen gaitu; galdera da ea bezeroak hori nahi duen.

Merkatua badago?

Hortik hasi ginen, eta ikusi genuen proiekzio guztien arabera bizikleta elektrikoak asko ugarituko direla hamar urtean. Gainera, lege guztiak bizikletaren garapenaren alde doaz. Ez dut uste bizikleten kontra egiten duen politikaririk dagoenik.

Etorkizuna bizikletena da?

Tranbia oso ondo dago, eta ez du kutsatzen, baina errailak iristen diren tokiraino eramaten zaitu. Bizikletak ez du mugarik. Eta erosoa da aparkatzeko. Are gehiago, elektrikoa bada: ez duzu sasoiko egon beharrik, eta ez zara izerditan ailegatzen.

Eta euria eta hotza egiten duenean?

Begiratu Eskandinaviara: izotza eta elurra egin arren, bizikletan ibiltzen dira batetik bestera. Europako beste herrialde batzuetan hemen baino bizikleta kultura handiagoa dute. Hemen, egiteko asko dago oraindik. Bidegorriak eta erraztasunak falta dira.

Gasteizen normalizatuta dago bizikleta erabiltzea, baina herri txikiagoetan? Amurrion ikusten da jendea bizikletan aurrera eta atzera?

Herri txikiagoetan, agian ez dago halako beharrik. Baina gero eta gehiago ikusten dira.

Lotsabako

Bizikletan ibiltzen zara?
Gutxi. Mugitzeko bai, baina aisialdian ez.

Bizikletak udarako bakarrik dira?
Ez. Gaur egungo arropekin ez dago arazorik neguan ere ibiltzeko.

Noiz ikasi zenuen gurpiltxorik gabe ibiltzen?
Noiz ez dakit, baina non bai: amamaren etxe ondoan bazegoen espaloi bat albo batean belardia zuena, eta hor. Badaezpada, erortzen banintzen, belarretara erortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.