Itsasoko uraren laginak hartu, laborategira eraman eta uraren kutsadura aztertu. Hori da Belen Gonzalezen (Madril, 1985) lanetako bat; Itsas Zientzietako doktorea, ikertzailea eta EHUko Kimika Analitikoko Saileko irakaslea da. Plentziako (Bizkaia) itsas estazioan duen bulegoko leihotik, sakon ikertu nahi duen elementu kimikoz betetako ur masa handia ikusten du. Bizkaiko kostaldeaz gain, Amazonas ibaia eta Antartika ere bisitatu ditu, hango ur kalitatea aztertzeko. Azken bidaia horri buruzko hitzaldia eman zuen ekainaren 12an Bilboko Hika Ateneoan: Bidaia arriskutsua. Antartikako abenturatik kutsadura globalera.
Zer harreman duzu itsasoarekin?
Familia Murtziakoa [Espainia] dut, nire gurasoek han ezagutu zuten elkar. Urteak eman ditut hango hondartzetan, kostaldean, eta betidanik itsasoa maite izan dut. Gero, ozeanoaren inguruan gehiago jakin nahi nuela erabaki nuen.
Nola bihurtu zenuen haurtzaroko jakin-mina lanbide?
Ingurumen zientziak ikasi nituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta, espezialitate posibleen artean, uraren teknologiekin, arazketarekin eta itsas ekosistemekin loturarik handiena zuena aukeratu nuen. Gero, Herbehereetara joan nintzen master bat egitera; uretako ekologiako espezialitate bat egin nuen han, eta uraren kalitatea ikertzen hasi nintzen. Bete-betean sartu nintzen itsas munduaren ikerketan.
Nola neurtzen da uraren kalitatea?
Parametro asko neur daitezke: biologikoak, biokimikoak, tenperatura, gatz kantitatea, bakterioak, alga kopurua... Kutsatzaile organikoek eragindako kutsadura aztertzen dut nik batez ere.
Non aurki daitezke kutsatzaile organiko horiek?
Leku guztietan daude. Badira ikusten ez diren batzuk; adibidez, zioplastikoak. Eta kutsatzaile kimikoak gutxiago ikusten dira. Plastikoak eta horiek egiteko erabiltzen diren kutsatzaile kimiko guztiak dira, baita plastifikatzaileak ere. Arazo globala da.
Nolakoa da ura aztertzeko prozesua?
Normalean, masa espektrometriaren teknika erabiltzen dugu egiten ditugun analisietan; oso analisi zehatzak dira. Zer aurkitu nahi dugun oso zehatz identifikatzea lortzen dugu. Ziurtasun osoz esan dezaket uretan dauden aspirinen maila, ibuprofenoa eta kafeina neurtzen ari naizela, adibidez. Oso analisi konplexuak dira.
Elementu kutsatzaileak uretan aurkitzeaz gain, airean ere aurkitu dituzue?
Bai. Bartzelonan tesi bat egin nuen, eta ozeanoetako kutsatzaile organiko iraunkorren banaketan zentratu nintzen. Ondorio nagusia izan zen askotariko kutsatzaile organiko iraunkorrak (bromatuak, kloratuak, hidrokarburoak eta ia lagin guztiak) aurkitu genituela airean, uretan eta plaktonean, Ozeano Atlantikoaren, Indiakoaren eta Barearen erdian. Kutsatzaile horiek nonahi daude. Eta Indiako Ozeanoan ez bagaude ere, gure zartaginetan erabiltzen ditugun kutsatzaileak iristen zaizkigu, adibidez.
Bizkaiko kostaldeko uretan ere badaude?
Bai. Atzera begirako datuak erabiliz, aldaketa handia gertatu dela ikusi dugu. Gero eta kutsadura, ur berotze eta okupazio handiagoa dago. Ikusten ari gara diziplina guztietatik ekosistemak bilakaera bat izan duela, eta ez du hoberantz egin. Baikorrak izan behar dugu: ingurumen erregularizazio bat betetzen bada eta irtenbide eraginkorrak ezartzen badira, natura susper daiteke.
Zer irtenbide proposatzen dituzu?
Nire ustez, zientzian ditugun erronka handienetako bat da irtenbide eraginkorrak, azpiegitura politikak eta gizartea erabiltzeko politikak proposatu ahal izatea, benetan eraginkorrak izan daitezen. Ez da nahikoa esatea: «Begira! Kafeina dago itsasoan!». Hori eragotzi egin beharko litzateke teknologia berriak erabiliz. Gure lurraldeez harro egon nahi badugu, haiek babesten ikasi behar dugu. Gure ibai eta itsasoek merezi duten kalitateagatik borrokatu behar dugu. Substantzia kopuru jakin bat sortzen dugu, eta substantzia horiek behar bezala bildu eta tratatu behar dira ur horiek ezin hobeto gera daitezen, aurkitu ditugun moduan.
Zer egiten duzu ura leheneratzen ari dela ziurtatzeko?
Itsas estazioan lanean ari garenak hainbat proiektutan gaude. Ur araztegietan lan egiten dugu edaten dugun uraren kalitatea eta ingurumenera itzultzen duguna ikusteko, eta, aldi berean, ikertzeko uraren kutsadura zein den. Era berean, beste proiektu batean, aztertzen dut nola kutsatzen garen egunero edaten dugun uraren edo hartzen ditugun elikagaien bidez.
Amazonas ibaiaren ura ere ikertu duzu. Osasuntsu dago?
Bueno... Amazonas ibaiaren alde ona eta txarra da ibai handia dela, materia organiko asko duena. Ibai horrek denbora asko iraungo du, ur asko eta bizidun asko dituelako, eta kutsatzaile asko degradatzeko gai diren mikroorganismoz josita dago. Egia da nahiko urruneko eremua izan arren, ibilbidea handia izan arren, nahiko ondo zainduta dagoela, baina, era berean, etengabe garatzen ari da, eta gizakien presentzia gero eta handiagoa da, eta hori ez da erregulatzen.
Gizakiaren presentzia nabari da hartutako ur laginetan?
Bai. Metatu egiten dira, hain zuzen, soja tradizioz hazi beharko ez litzatekeen eremu batean soja hazteko erabiltzen diren produktu kimiko guztiak, oihana desagerrarazteko eta hiriak eraikitzeko erabiltzen diren pestizida guztiak, eta hartu ditugun uraren laginetan ikusten da hori. Azken datuek erakusten dute farmako eta plastiko pila bat dagoela inguruan.
Zer egin daiteke Amazonas ibaian hainbeste sendagairik ez egoteko?
Arduratsu kontsumitu behar da; zer hartzen ari garen jakin behar dugu. Medikuak agindutakoa hartu behar dugu, noski, baina buruko mina dugun bakoitzean ez dugu sendagairik hartu behar. Zer eta zenbat hartu behar dugun neurtzen jakin behar dugu.
Bidaia arriskutsua. Antartikako abenturatik kutsadura globalera da eman zenuen hitzaldia. Kutsatzaile organikoen abentura edo amesgaiztoa?
Oraindik laginak aztertzen ari gara. Duela hogei urteko ikerketa batzuetan, nire tesian aztertzen nituen kutsatzaile organiko iraunkorrak zehaztu zituzten. Kutsatzaile horiek oso erraz doaz batetik bestera, eta nekez degradatzen dira; behin ingurumenean askatu direnean, oso zaila da desagertzea, eta leku guztietara iristen dira.
Zer kutsatzaile daude Antartikan?
Duela hamabost urte debekatutako pestizidak aurkitu izan ditugu. Oso bitxia da, baina Antartikan daude. Substantzia horiek haraino iritsi dira, eta, klima oso hotza denez eta bakterioen degradazio txikia denez —eguzki ordu gutxi urtearen erdian, eta tenperatura oso hotzak—, degradazio prozesuak askoz motelagoak dira: gehiago irauten dute desegin gabe, alegia. Horrez gain, kutsatzaile emergenteak aztertzen ari gara; hau da, berez kutsatzaileak ez ziren substantziak, baina, asko erabiltzen ditugunez, ekosistemari kalte egin diezaioketenak.
Antartikan turistifikazioak ere eragiten du ekosisteman?
Ez da imajinatu behar Antartika New York denik. Kontinente handia da, eta ezin da han bizi. Ehun bat basetan baizik ez da bizi jendea. Egia da gune batzuk turistifikatzen ari direla, batez ere Argentinatik eta Txiletik gertu dagoen penintsula. Antartikako turismo gehiena itsasontzietara mugatzen da, eta, lurra zapaltzen dutenean, beti izaten da denbora jakin batez oso kontrolatutako eremuetan. Baina hazkunde handia dago, kontrolpean egon beharko lukeena.
Gizakiak bere aztarna utzi du, beraz?
Bai. Erabat garbia izan beharko lukeen ekosistema bat da, baina oraindik ere aurkitzen ditugu medikamentuak itsasoan.