Lourdes Iriondo, Maite Idirin eta Estitxu Robles 1970eko hamarkadako euskal kantariak omenduko dituzte bihar, Baionako Bil Txoko gelan: Hiru emazte kantari gogoan, Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Robles Arangiz (Baiona, 1968) kantarien parte hartzearekin. Emazte horien ezagupena desagertzea gelditzeko asmoz erabaki zuten kontzertu hori antolatzea lau emaztek, horien artean Patxika Erramuzpe (Aldude, Nafarroa Beherea, 1943).
Hiru emazte kantari gogoan iraganen da bihar gauean. Lourdes Iriondo, Estitxu Robles eta Maite Idirin omenduko dituzue.
PATXIKA ERRAMUZPE: Bazuen aspaldi nire beste hiru lagunekin gogoa nuela kantari horiek aipatzeko. 1970eko hamarkadan izugarrizko arrakasta ukan zuten, toki bat egitea lortu zuten egindako lanari esker, eta gure lagunak ere izan ziren. Baina, egun, emazte horiek ez dira gehiago aipatzen; ahantziak bezala dira. Gaualdiari esker nahiko genituzke berriz argitan eman; haien kantuak kantatuz, baina baita haien ibilbidea kontatuz ere.
1970eko hamarkadan famatuak zirela diozu, baina gaur egun kasik ahantziak. Zergatik ez dira gehiago aipatzen?
ERRAMUZPE: Ez dakigu. Irratiei galdetu behar zaie hori. Garai bereko artistak entzun ditzakegu irratietan, baina gizonak baizik ez: Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa... Beraz, hiru artista horiek ez baditugu guk aipatzen eta hurrengo belaunaldiari transmititzen, desagertuko dira.
NAIA ROBLES ARANGIZ: Ber arazoa da karriketako izenekin edo gertakari historikoekin, adibidez; gizonak baizik ez dira aipatzen, emazteek egindakoa biziki gutitan; kasik sekula ez dira aipatzen. Arazoa ez da soilik kantagintza. Nire kasuan, nire haurrek ere ez ez zituzten emazte horien kantuak ezagutzen, nahiz eta Estitxu nire ttantta izan.
Zer eragin izan zuten?
ERRAMUZPE: Garai hartakoaitzindariak izan ziren. Ez zituzten kantu zaharrak kantatzen, baina haiek sortu eta kantatzen zituzten; eta kantuekin militatzen zuten, militanteak ziren. Euskara, aberria, jendartean gertatzen zena aipatzen zuten. Francoren garaian kantatzen zuten: garai hartan, edozein kantari euskaldunentzat zaila izan zen, euskaraz kantatzea debekatua baitzen. Baina, emaztea izanki, oraino zailagoa zen. Baina lortu zuten beren ahotsak entzunarazten eta leku bat egiten, eta bereziki, atxikitzen.
ROBLES ARANGIZ: Egungo belaunaldiei bide bat ireki digute; aitzindariak izan dira, ez dira ahaztu behar.
Zer espero duzue kontzertu horren bidez?
ROBLES ARANGIZ: Errana izan den bezala, emazte horien izenak eta utzi dituzten altxorrak argitan ematea. Nahiko nuke baita ere irakaskuntza munduan direnei erakustea emazteek eginiko kantuak badirela eta ikasleekin lantzen ahal dituztela. Bai, Mikel Laboa entzutea eta lantzea ontsa da; baina zer emazte kantu landu genituen gazteak ginelarik? Bat ere ez. Gure helburua ez da salatzea edo kritikatzea; erakutsi nahi dugu arazo bat badela, eta arazo hori konpondu behar dugula. Emazte horiek historian berriz ezarri nahi genituzke. Garrantzitsua da bai emazte, bai neska ttipientzat ere ikus dezaten emazteak ere kantuan aritu izan zirela.
Egun, egoera hobetzear da?
ROBLES ARANGIZ: Nahiz eta sentitzen den emazte gehiagok lekua hartzea lortzen dutela, erran nezake oraindik badela bidea egiteko. Nire ibilbidean hori sentitu nuen, emazte gisa nire ideiak, iritziak eta hautuak errespetaraztea zaila egin zitzaidala gizonez inguratua nintzelarik; gure erabakiak etengabe zalantzan ezarriak dira. Anitzetan gertatu zait zerbait proposatzea eta hau erantzutea: «Ez, ez da polita. Ez duzu zuk hautatuko»; baina bai, nire hautua da, nik dut erabakiko! Lortu behar da inposatzen, baina zaila da.
ERRAMUZPE: Gaur egun, kantari gehiago badira, anitz erran nezake; eta beharrik.
Kontzertua bihar iraganen da. Nola sentitzen zarete?
ERRAMUZPE: Pixka bat estresatua. Baina badakit ontsa pasatuko dela, eta jendea izanen dela. Giro goxo batean izanen gara, Idirin, Robles eta Iriondo omentzeko.
ROBLES ARANGIZ: Biziki kontent. Plazer bat da Maialen Alfaro eta Maider Bedaxagarrekin kantatzea. Eginen dugu egin behar duguna. Ez dugu hori egiten geure burua aurkezteko, baina hiru kantari horiek oroitarazteko. Espero dugu emazteak zein gizonak izanen direla, ez baita emazteen arteko kontu bat. Gure egoera gizonei lotua da, eta haien sostengua beharrezkoa zaigu, elkarrekin aitzina gaitezen.
LOTSABAKO
Kantu bat?
ERRAMUZPE: Gaua, Lourdes Iriondorena.Artista bat?
ROBLES ARANGIZ: Mercedes Sosa.Inspirazio iturri bat?
ROBLES ARANGIZ: Bizia.Leku bat?
ERRAMUZPE: Nire etxea.