'Gure Haundie' ezagutzera

Altzoko Handiaren bizitza ezagutzeko, bisita gidatua egingo dute Altzon bihar. Haren jaiotetxea, hilerria, monumentua eta herriko eliza bisitatuko dituzte, ibilbide zirkular batean

Altzoko Handiaren omenez egindako estatua, Altzon. JUANAN RUIZ / FOKU.
ane insausti barandiaran
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Eleizegi Erraldoia gisa zen ezaguna munduan, eta Altzoko Handia deitzen zioten Euskal Herrian; baina etxean, Altzon (Gipuzkoa), Gure Haundie esaten zioten Migel Joakin Eleizegi Ateagari. Herriko pertsonaiarik ezagunenetarikoa izan da, eta zeresan handia eman du azken urteetan. Haren istorioa eta bizitza herritarrei azaltzeko, bisita gidatuak antolatu ditu Altzoko Udalak biharko.

Ezaguna da aspaldion Eleizegiren istorioa: 1818an jaio zen, eta 12 urte pasatxo zituela hasi zen akromegalia garatzen, hipofisiak hormona gehiegi sortzen ziolako. Gaixotasun haren ondorioz, osteoporosia eta min izugarriak sortzen zizkion artrosia ere izan zituen. 2,40 metro luze izatera iritsi zen, eta munduan batera eta bestera ibili zuten, jendeak nolakoa zen ikus zezan: antzokietan ikara ematen edo jeneralen tankeran jantzita, esate baterako.

Haren hezurrak non gordeta zeuden, hori zalantzan izan zen urte askotan, bi teoria nagusitu baitziren: lehenak zioen hezurrak lapurtu egin zituztela; bigarrenak, Altzon bertan zeudela, herriko hilerrian lurperatuta. 2020ko abuztuan argitu zen misterioa, ordea: Aranzadi zientzia elkarteko kideek haren hezurduraren elementu gehienak aurkitu zituzten, Altzoazpiko hilerriaren hezurtegian, eta egoera onean, gainera. Orduan egiaztatu zuten etxean egon zirela beti.

Azken urteetan, are ezagunagoa egin da haren istorioa. Bereziki 2017az gerotik, Moriarti ekoiztetxeko Aitor Arregik eta Jon Garañok Handia filma sortu zutenetik. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta Irizar saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zituen. Goya sarietan, berriz, lortutako hamahiru izendapenetatik hamar poltsikoratu zituen filmak.

Bisitarako plana

Altzo Muñoko Batzarremuño kultur etxean elkartuko dira parte hartzaileak bihar, eta 10:30ean hasiko da bisita gidatua. Lehenik, dokumental labur bat ikusiko dute, eta, gero, erakustokia bisitatuko dute. Ibilbide zirkular bat egingo dute azkenik, Altzoko Handiaren bizitzan garrantzizkoak izandako lekuak ezagutzeko. Jaiotetxera joango dira, Ipintza baserrira; gero, haren altuera neurtzeko iltzeen markak dituen Altzoazpiko elizan egingo dute geldialdia; eta, bukatzeko, haren hezurrak topatu zituzten hilerria bisitatuko dute.

Euskaraz izango da saioa, eta bi ordu eta erdi iraugo du. Hiru euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek. Norbanakoentzat, familientzat zein taldeentzat dela esan dute antolatzaileek, baina komeni dela landa inguruneetan ibilaldiak egiteko gutxieneko ohitura izatea. Informazio gehiagorako, www.altzo.eus webgunera jo daiteke. Bisita gidatuan parte hartzeko, berriz, ezinbestekoa izango da izena ematea, telefono honetara deituta: 943 67 02 49.

Altzoko Handiaren istorioa ezagutzeko bisita gidatua

Bihar, 10:30etik aurrera, Altzon (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.