Ostiralean partida dauka Alavesek Mendizorrotzan, Gasteizen. Hezigaitzak taldeak, Arabako Garrasia harmailako mugimendu feministak, puntu morea ezarriko du. Harmaila «pertsona guztientzako espazio segurua» izatea bermatu nahi dutela azaldu du Irati Zubillagak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1996), Hezigaitzak taldeko kideak.
Hezigaitzak mugimendu feministakoek beharrezkoa ikusi zenuten Mendizorrotzako harmailetan sexu erasoen aurkako protokolo bat sortzea.
Hezigaitzak sortuz geroztik, harmailako eta futboleko egoera behatu genuen. Konturatu ginen harmailako gehienak gizonak zirela, eta, gure bizipenak kontuan izanda, ezinbestekoa iruditu zitzaigun emakumeen presentzia bultzatzea. Partidetara joateko eta harmailan egoteko, emakumeok harmailan seguru sentitu behar dugu; horretarako, beharrezkoa ikusi genuen protokolo bat abiatzea. Protokoloa, gainera, Iraultza 1921 eta Arabako Garrasiak taldeek dituzten balioei lotuta dago.
Zuen harmailetan ez duzue oraindik erasorik jasan. Hala aipatu duzue. Prebentziorako tresna da, beraz?
Funtsezkoa iruditzen zaigu pertsona oro gure harmailetan seguru eta babestuta sentitzea, eta jarrera mota horien inguruan beti eduki dugun, daukagun eta edukiko dugun zero tolerantzia publiko eta ofizial egiteko modu bat ere bada protokolo hori.
Puntu morea da espazio segurua...
Beheko lehen ilaretan dago puntu morea, speaker-en eskuinean; atsedenaldian, berriz, material postuaren alboan. Beraz, erasoa partidan zehar gertatzen bada, lehenbizi speaker-ei abisatuko diete. Ondoren, animazioa etengo dute, eta protokolo morea aktibatu dela oihukatuko dute, bandera morea podiumean jarriz. Puntu morearen arduradunak biktimarekin hitz egitera joango dira, eta klubeko segurtasun langileei deituko diete erasotzailea kanpora dezaten. Erasotzailea zelaitik atera bezain laster, animazioari ekingo zaio berriro.
Erasotzailea zelaitik kanporatzen ez bada, animazioa eten egingo da partida osoan, eta, amaitu ondoren, komunikatu bat aterako da gertatutakoa salatzeko; betiere, biktimak baimena ematen badu, eta, jakina, intimitatea eta anonimotasuna errespetatuz. Partida bukatutakoan, egoera aztertu eta ezinbesteko neurriak hartuko dira. Beharrezkoa balitz, erasotzailea harmailetatik kanporatuko litzateke, bai eta Iraultza 1921 taldetik ere, bazkidea bada.
Zer urrats egin behar dira norbaitek partida batean eraso sexistaren bat edo genero jazarpena hautematen badu?
Lehenbizi, behatu. Begi bistan gertatzea oso zaila bada ere, alerta egoeran egon sexu erasoak identifikatzeko, eta gogoratu langile emakumeek ere eraso sexistak jasan ditzaketela. Ondoren, eraso baten lekuko bazara edo beste pertsona batek eraso bat aipatzen badizu, eraso egin diotenari lagundu. Osasun zerbitzuei eta puntu moreko arduradunari abisatu gero, eta arduradunek protokoloa aktibatuko dute.
Zein da Arabako Garrasiaren erreakzioa eta zeregina harmailetako eraso edo jazarpen egoeren aurrean?
Harmailan gauden partaide guztiok estatutu batzuk sinatzen ditugu urtero txartela berritzerakoan. Haietako bat da arrazakeriaren, homofobiaren eta matxismoaren aurka borrokatzea.
Gainerako zaleek nola hartu dute protokoloa?
Oso harrera ona izan du. Gure taldea beti izan da eta izango da feminista, antifaxista eta ororen askatasunaren defendatzailea. Horregatik, gure zaleek babesa eta harrotasuna adierazi dizkigute.
Futbola aldatzen ari da?
Bai, futbolak gure gizartearekin bat egiten du. Gizartea aldatzen ari den bezala, futbol giroa ere eraldatzen ari da. Gaur egun, gero eta emakume gehiagok egiten diogu kasu futbolari eta gero eta gehiagok animatzen dugu gure taldea. Nahiz eta pertsona askok pentsatzen duten futbola gizonen gunea dela, emakumeok presentzia hartzen ari gara. Hezigaitzak mugimendua bezalako ekimenekin, aldarrikatzen dugu emakumeok futbol zelaietan presente gaudela eta ahotsa daukagula. Horregatik, gure harmaila gune segurua izatea nahi dugu, Alaves animatuz lasai disfrutatu ahal izateko.
lotsabako
Lasai joango da ostiraleko partida?
Iraultza feminista da, eta izango da; beldurrik ez dugu izan.Hooliganen mundua matxista da?
Taldearen arabera. Iraultza 1921, ez.