Eric Dicharry. Artista eta antropologoa

«Gure gizartean, emozioak ez dira jada existitzen edo pornografikoak dira»

'Mugetaz' erakusketa zabalduko du gaur Eric Dicharry sortzaileak Baionako Euskal Museoan. Performance parte-hartzaile baten bidez, Parisek euskaldunen hitzari muzin egitea salatuko du.

GAIZKA IROZ.
Edu Lartzanguren.
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Eric Dicharry (Baiona, 1969) artista eta antropologoa da. Mugetaz egitasmoaren inguruko erakusketa zabalduko du gaur, Baionako Euskal Museoan, argazkiekin, aizkorekin, testuekin eta performance batekin.

Nola egin zenuen antropologiatik arterako bidea?

Nire familian euskara galdu izanak bultzatu ninduen antropologia ikerketak egitera. Nire amatxik bakarrik zekien euskara nire inguruan: kanpotar batekin ezkondu zen, eta ez zion euskara transmititu nire amari. Euskal kultura ikertzen hasi nintzen, eta nire bizitzak eta ikerketak harreman estua hartu zuten. Maskaradaren diskurtsoa ikertzen hasi nintzen, eta, fitsik ulertzen ez nuenez, euskaldun bihurtu behar izan nuen. Sorkuntzaren prozesua izan da nire gaia, antropologian, eta hortik etorri da neure burua artera desbideratzea.

Herriaren hitza «konfiskatu» dutela diozu Mugetaz egitasmoan. Arte garaikidea salatzen ari zara?

Arte garaikidea gizartetik kanpo geratzen da, eta artisten diskurtsoak gero eta hermetikoagoak dira. Nik ez ditut kultura eta politika bereizten; kultura, niretzat, politika da. Ekintza honekin zubia egiten saiatzen naiz: hitzak jarri ditut jendearen eskura, eta jendeak aukeratu ditu. Galdera sinplea da: nork hartzen du hitza gure gizartean? Zenbat manifatan egon gara, eta zer atera dugu horretatik? Departamendua izango genuela esan zigun François Mitterrandek duela 31 urte, eta 2012an ez dut departamendurik ikusten. Batzuetan, hitza hartzen dugu, eta, gero, hitzak zanpatzen dituzte, belarri batetik sartu eta beste batetik atera, eraginik gabe. Arte garaikidearen lengoaiarekin kontatzen dut.

Planteamendu horrekin, Aurore Martinen afera ez al zaizu artelanen baterako lehengai mamitsua?

Argiki. Nire lanak irekiak dira, eta norberak interpreta ditzake. Lan honetan ere, norbaitek Eskubiderik hitza aukeratu du. Hori azaroaren 1ean izan zen, Martin atxilotu aurretik. Ez zen, beraz, horretarako egina, beste afera baterako baizik, baina horren oihartzuna dakar. Beste emakume bat etorri zen, egitasmoan parte hartu nahi zuela: «Errefuxiatu bat naiz, 30 urtez, eta ez dut paperik», esan zidan.

Aizkorak erabiltzen dituzu erakusketan. Ez dizu beldurrik ematen halako ikur zorrotza artean erabiltzea?

Aizkora denona da, Euskal Herrian baliatu izan den tresna da. Galdetzen dudana ez da tresnaren manipulazioa, baizik eta tresnaren tratamendua. Esaterako, eta hitza nuen jarrita, eta inork ez du aukeratu. Bizi garen munduan hitzak polisemikoak dira, eta horrek erakusten digu zer-nolako gizartean bizi garen eta zelako eragina izan duen hemengo gatazka politikoak. Esan bezala, nire lanak irekiak dira, eta emozio askotarikoak sortzen dituzte. Gure gizartean, emozioak ez dira jada existitzen edo pornografikoak dira: ezin dugu barre egin, ezin dugu negar egin. Emozioak sortzen saiatzen naiz arte garaikidearen bidez.

Zertan izango da performancea?

Sorkuntza prozesu osoa jendaurrekoa izan da, arte garaikidean ohikoa dena ez gertatzeko: lan baten prozesua ikusi ezean, azken emaitza irrigarria dela. Jendeakhorman jarritako hitzak hartuko ditugu, lurrera bota eta horiekin paper pilotak egingo ditugu, eskultura bat sortzeko. Herriak harturiko hitzak, alegia, aintzat hartu ez diren hitzak, demokraziaren disfuntzioa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.