Ixiar Gurmendi: «Gure esfortzua izan zen erakustea modernoa izan zitekeela euskalduna izanik»

Biurriak taldeko kantaria izan zen Gurmendi 1960ko hamarkadan; atzerriko kantak euskaratzen zituzten. Ingeles eta euskara irakasle izan zen hainbat hamarkadatan. Kantatzeko gogoa ez zaio itzali.

Ixiar Gurmendi kantari eta irakaslea. JON URBE / FOKU
Ixiar Gurmendi kantari eta irakaslea. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Hernani
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Euskaldun gehienentzat ezaguna egin zen haren ahizpa Arantxa Gurmendi aktorea, Goenkale-ko Hortentsi pertsonaiari esker. Baina kontatzeko moduko istorio ugari ditu Ixiar Gurmendik ere (Donostia, 1946). Euskal kultura frankismo garaian pizten ari zen momentua gertutik bizi izan zuen. Parte hartu zuen horretan, Biurriak taldearekin. Irakaskuntzan ere bide emankorra egin du.

«Gazteok, izan zaitezte ye-ye edo nahi duzuena, baina lehenen eta beti euskaldunak». Hala esan zuen Ramon Saizarbitoriak, gaztetxoa zela, 1966ko urtarrilaren 9an Hernaniko Aitor antzokian (Gipuzkoa). Izena oraindik izan gabe, Ez Dok Amairu taldeak sorrerako jaialdia zuen hura. Biurriak taldekoak ere han zineten. Zer gogoratzen duzu?

Gogoratzen dut antzokia bete-beteta zegoela. Txalo asko egin ziguten. Biurriak taldekoek lau abesti kantatu genituen: Nere Maite [All my loving, The Beatles], Ezko panpin, doñu panpin [Poupée de cire, poupée de son, Serge Gainsbourg], Orain alde egin deikezu [I only want to be with you; Surf taldearen bertsioa] eta Obeto ezagutu [I should have known better, The Beatles]. I only want to be with you kanta originalaren hitzekin ez geunden ados, emakumea egoera sumisoan jartzen baitzuen, eta Madagaskarreko bertsioak esaten zuen «egin dezakezu nahi duzuna, eta alde egin dezakezu», eta hori euskaratu genuen.

Nortzuk zineten Biurriak taldean?

Iñaki Araiz [gitarra baxua], Juanin Iturralde [gitarra solista eta erritmikoa], Juan Mari Gurmendi [bateria], Arantxa Gurmendi eta ni neu [ahotsa, musuteklatua eta panderoa]. Denak donostiarrak ginen, 18-22 urte artekoak.

Talde hori sortu aurretik, Ingalaterran bizipen bereziak izan zenituzten, ezta?

Arantxak eta biok Idazkaritza ikasketak egin genituen, eta ingelesez ikasten ere hasi ginen. Ingalaterrara joan nahi genuen, baina oso gazteak ginen, eta etxean ez ziguten uzten. Baina gure etxe azpian harategi bat bazen, eta haien alaba au pair moduan zegoen Ingalaterran. Amak harremana zuen haiekin, eta harategikoen alabari esker, joan ahal izan ginen au pair moduan Ingalaterrara. 1963an joan nintzen hara, 17 urte nituela. Familia judu batekin izan nintzen, Londrestik gertu.

Zer deskubritu zenuen han?

Dena berria zen. Donostiatik, gehienera, Baionara joaten ginen. Londresen ibiltzea ikaragarria izan zen. Ingalaterrak koloniak zituenez beste toki batzuetan, leku guztietako jendea zegoen. Musikari dagokionez, Donostian Duo Dinamico eta Elvis Presley entzun zitezkeen garai hartan, eta Ingalaterran deskubritu nituen orduko taldeak; The Beatles, kasurako. Gero, Arantxa Donostiara itzuli zen, eta nik Ingalaterran jarraitu nuen.

Biurriak sortu, eta berriro itzuli zinen hara, ezta?

Bai, ingelesarekin jarraitu nahi nuelako. Buruan nuen ingeleseko irakaslea izan nahi nuela.

Zure ahizpak jende asko ezagutzen al zuen?

Arantxa ahizpa Jarrai antzerki taldean zebilen. Horrez gain, Zeruko Argia-n ere idazten zuen, Gazte naiz atalean. Bestalde, Kataluniako Nova Cançon oinarrituta, Mikel Laboa Euskal Herrian halako zerbait egiteko ideiarekin zebilen. Arantxa sortzaile horiekin saltsan zebilen, eta berak ireki zuen bidea gure taldearentzat.

Izenak dioen bezala, zuek ere bihurriak al zineten?

Bai, bihurri samarrak. Garai hartan izen asko txorienak ziren: Enarak, Urretxindorrak... Beste zerbait nahi genuen guk, eta Biurriak ondo zihoakion gure izaerari [barrez].

 

Entseguak egiteko arazoak zenituzten?

Hasieran, Donostiako Amara auzoan utzi ziguten lokal bat. Hortik Garibai kaleko zapatari baten dendaostera pasatu ginen. Ondoren, Kresala elkartean utzi ziguten bodegako gela bat, eta han oso gustura ibili ginen. Kresalan ere eman genuen kontzertu bat. Baina Kresalan obrak zirela eta, Amarako lokalera itzuli ginen. Kontzertuetara joateko, bestalde, furgonetaren bat uzten ziguten, baina garraio publikoan ere joaten ginen. Dena zen abentura bat.

«Karlos Santamaria gure defentsan azaldu zen 'La Voz de España'-n: aldarrikatu zuen hizkuntza batek bizia izan behar duela, eta ez gordetzeko zerbait»

Tresneriarekin pasadizorik oroitzen al duzu?

Hain zuzen ere, gure aitak tailer bat zuen, eta debozioa zuen lanarekin: zinema proiektoreekin ere ibiltzen zen. Berak egin zizkigun anplifikadoreak. Bafleekin, mikroekin eta halakoekin asko lagundu zigun. Zorte handia izan genuen alde horretatik. Gainera, jarraitzailerik sutsuenak gurasoak genituen. Haien lagun batzuek egiten zituzten komentarioak gure itxuragatik, anaiaren ile luzeagatik eta. Baina gurasoek beti babesten gintuzten.

Frankismoa zen. Eta kritika batzuk jaso zenituzten: baten batek idatzi zuen La Voz de España-n «profanazioa» zela zuena.

Bazen jende bat esaten zuena euskarak museorako behar zuela, eta gurea euskara profanatzea zela. Baina gure aldekoak ere agertu ziren; gazteekin festa pizten zen. Bilboko kontzertu batean sekulako giroa sortu zen. Eta, bestalde, Karlos Santamaria gure defentsan azaldu zen La voz de España egunkarian ere; Santamariak aldarrikatzen zuen hizkuntza batek bizia izan behar duela, eta ez gordetzeko zerbait. Gure helburua zen euskaraz egitea, eta sentitzen genuen beste herrialdeetako gazteen tankerakoak ginela. Jarrai antzerki taldeak ere jaso zituen kritikak, antzerkigile modernoak euskaratzen ari zirelako.

Biurriak taldea 1968an.
Biurriak taldea, 1968ko maiatzaren 19an, Hernaniko (Gipuzkoa) Aitor antzokian. Ezkerretik bigarrena da Ixiar Gurmendi. GURMENDI SENDIA
Baten batek pentsatuko du garai hartarako aurrerakoiak zinetela?

Bai, eta hala ginen. Euskal Herrira dena berandu iristen zen; The Beatles taldearen berri izan genuen Ingalaterrara joan ginelako. Diskoak erostera Baionara joaten ginen, bestalde: The Rolling Stones, The Who eta orduko diskoak erosi, eta ondo egokitzen zitzaizkigun kantak ekartzen genituen euskarara. Akordeak, bestalde, belarriz ateratzen genituen, ez genuen partiturarik, ez zegoen Internet... Eta kontuan izan garai hartan zentsura pasatu behar genuela.

Nola amaitu zen Biurriak taldearen bidea?

1968. urtearen amaieran izan zen hori. Arazoa izan zen taldeko musikari gizonezkoek soldaduskara joan behar izan zutela. Eta erabaki genuen uztea. Arantxa, gero, Frantziara joan zen bizitzera.

Irakasle nola hasi zinen?

1967an hasi nintzen lehen klase batzuk ematen, Nazareten, Donostian. Gero, Lakuntzara joan nintzen ingeleseko titulazioa atera ahal izateko, eta han proposatu zidaten ingeles eskolak ematen hastea. Gero, nire senarra dena ezagutu nuen, eta Hernanira etorri ginen bizitzera. Bi seme izan nituen, eta, ordutegiak zirela-eta, Cebanken aritu nintzen irakasle 1970eko hamarkadan. Kontua da... ni Elbira Zipitriaren ikaslea izan nintzela.

Halakorik ez duzu kontatu orain arte. Zipitriaren ikaslea zara, beraz.

Ixiar Arzellus zen lehen irakaslea. Zipitriaren etxean eskolak klandestinoak ziren. Baina horren ondotik ikasketak gaztelaniaz egin behar izan nituen, ezin ziren euskaraz egin. Bestalde, kontuan hartu behar da garai hartan egiten genuena ez zela euskara batua; Martin txilibitu eta Xabiertxo liburuak baino ez genituen euskaraz. Hortaz, handik urte askotara, ingeles irakasle nintzela, alfabetatze klaseetara joatea erabaki nuen, euskara hobetzeko eta euskara batua ikasteko. Hortaz, euskara irakasle ere aritu nintzen eskola publikoan. Irakasle eskolako ikasketak, berriz, UNEDen egin nituen, euskaraz.

Hernaniko Langile ikastolan noiz hasi zinen irakasle?

1980an. Baina, horren aurretik, Hernaniko lehen haurtzaindegia sortzeko taldean ere ibili nintzen, 1975ean. Atzietas haurtzaindegia martxan jartzea lortu genuen. Han ezagutu nituen pertsonak funtsezkoak izan dira nire bizitzan.

Langile ikastolan ere dena egiteko egongo zen.

Bai, materialak guk sortzen genituen. Lan asko egin genuen: ipuinak egokitzen genituen, antzezlantxoak... Zerbait ona bazuen Langilek: ez zinen zerbaitetan gelditzen, eta kito. Nik maila guztiak pasatu nituen, denetarik egin nuen. Beti gustatu izan zait kantatzea, dantzatzea, antzeztea... eta Langilen hori guztia lantzeko aukera genuen. Erabiltzen genuen pedagogia espresioan zegoen oinarrituta, baina modu zabal batean: Freinet. Oso gustura sentitu nintzen, beraz.

Hezkuntza munduan eboluzio handia ikusi duzu Zipitriarekin hasi eta gaurdaino?

Bai, baina esango dizut Zipitria oso aurrerakoia zela. Berak erakusten zuen era aurrerakoia zen. Ez genuen ikaslibururik, baina horrek ez du esan nahi ikasten ez genuenik. Urgull mendira joaten ginen, gauza asko egiten genuen kanpoan... Zipitria 36ko gerraren aurreko eskola batean ibilia zen, Saran [Lapurdi], eta puntan zeuden irakasleen metodoak ikasi zituen. Baina, noski, gauzak asko aldatu dira.

Freinet hezkuntza mugimenduko ordezkaria ere izan al zara?

Ba, begira, Freinet nazioarteko mugimendua da. Biltzarretara joaten hasi ginen, eta Espainiako ordezkari gisa aritu nintzen bolada batean. Horri esker, Japoniako, Mexikoko eta beste herrialde batzuetako biltzar batzuetan parte hartu nuen.

Ixiar Gurmendi, kantari eta irakaslea
Ixiar Gurmendi kantari eta irakaslea. JON URBE / FOKU
Kantatzeko zaletasuna ez duzu galdu, ezta?

Ez, hori etxetik jaso genuen; amak eta aitak Donostiako Orfeoian kantatzen zuten, eta han ezagutu zuten elkar. Musika eta antzerkia asko baloratzen ziren gure etxean, eta hori garrantzitsua izan zen niretzat. Bestalde, Hernanin abesbatza bat sortu zen, eta izena eman nuen. Hamabost urtez abestu nuen Kantuz abesbatzan; gero utzi egin behar izan nuen. Eta erretiroa hartu ostean, Goiz Eguzki jubilatuen abesbatzan hasi nintzen.

Hernaniko musika eskolakoekin ere aritzen zara kantuan.

Abesbatzako entsegu baten ostean, esan ziguten musika eskolakoen emanaldi bat zegoela. Ikustera gelditu nintzen; han zen Joxan Goikoetxea musikaria, bere ikasleekin. Oso polita iruditu zitzaidan, eta Goikoetxeak bat egitera animatu ninduen. Joera desberdinak izena du klaseak.

Garai bateko ingelesezko kantak euskaratuta eramaten al dituzu bertara?

Bai, horixe. Goikoetxeak bereak eramaten ditu, eta nik, neureak. Berriki The Rolling Stones taldearen kanta bat euskaratu dut: Ruby tuesday. Goikoetxeak grabatuta du.

Nola ikusten duzu gaur egun euskal musika?

Euskaraz denetarik ikusten dut, eta horrek asko pozten nau. Edozein estilo entzun dezakezu euskaraz, eta ez da arrotza egiten. Hizkuntza askotan entzun eta kantatu izan ditut kantak, baina euskaraz egitea berezia da niretzat. Bere garaian, gure esfortzua izan zen erakustea modernoa izan zitekeela euskalduna izanik. Gure borroka hori zen. Orain, haserretu egiten naiz leloak eta izenak ingelesez ikusten ditudanean, euskaraz izan beharrean. Eta hori nik diot, ingeleseko irakaslea izanda!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.