Mielotxin taldeko kidea

Iñigo Agerri: «Gure errepertorioan Nafarroako aniztasuna islatzen saiatzen gara»

Mielotxin folk taldeak hogei urte bete ditu aurten. Urteurrena ospatzeko, hiru kontzertu berezi prestatu dituzte. Lehenengoa larunbatean izango da, Iruñeko Gaiarre antzokian.

Iñigo Agerri, akordeoia eskuetan, urriaren 14an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iñigo Agerri, akordeoia eskuetan, urriaren 14an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2024ko urriaren 17a
05:00
Entzun

Mielotxin folk taldeak hogei urte bete ditu oholtza gainean. 2004an ekin zioten bideari, eta geroztik ez diote utzi kontzertuak emateari. Asko bidaiatu dute nazioartera; besteak beste, Alemanian, Suedian eta Jordanian izan dira. Orain, hiru kontzertu berezi prestatu dituzte urteurrena ospatzeko: Iruñeko Gaiarre antzokian, Tafallan eta Atarrabian (Nafarroa). Larunbatean izango dute lehenengoa, Iruñean. Bertako kide da Iñigo Agerri (Tafalla, Nafarroa, 1973).

Zer prestatu duzue Iruñeko, Tafallako eta Atarrabiako kontzertuetarako?

Kontzertu guztiak antzekoak izango dira, baina Iruñean artistaren bat gehiago egonen da. Azken urteetan izan ditugun gonbidatuak etorriko dira. Horien artean, Hutsun txalapartariak, Lauarin dantzariak eta Joaquin Taboada piano jolea. Horrez gain, haize metalezko proiektua berreskuratuko dugu. Garai batean, tronpeta, saxofoia eta tronboia izaten genituen, eta Gaiarreko kontzertuan gurekin izango dira berriz ere. Gainera, Izaskun Iturri dantzaria gurekin izango da.

Zein balorazio egiten duzu hogei urteren ostean?

Oso positiboa, ez baita batere erraza musika proiektu bati hainbeste urtean eustea. Hala ere, logikoa denez, aldaketa eta gorabehera asko egon dira. Bizitza pertsonala eta profesionala taldearen betebeharrekin uztartu behar dira, eta oso zaila izaten da. Beraz, honaino iristea oso arraroa da, are gehiago kontuan izanda folk musika jotzen dugula. 

Tafallan sortu zen taldea, 2004an.

Bai. Nik musikologia ikasketak egin nituen Oviedon [Asturias, Espainia], eta garai hartan folka bizi-bizirik zegoen Asturiasen. Ikasten ari nintzela, talde bat sortu nuen, eta giro horretan guztiz murgildu nintzen. Nafarroara itzultzean, zerbait egiteko grina nuenez oraindik, talde bat sortzea erabaki nuen.

Eta Tafallatik Jordaniaraino iritsi zineten. Abuztuan izan zineten han. Nolako esperientzia izan zen?

Oso aberasgarria da Nafarroatik eta Euskal Herritik ateratzea. Beste kultura bat ezagutzen duzu, eta konturatzen zara ez garela hain ezberdinak. Jordanian beste talde batzuekin izan ginen oholtzan; musikariak eta dantzariak zeuden. Alegia, gure formatu bera zuten. Hala ere, sentimendu kontrajarriak izan genituen bidaia hartan, hango egoera dela eta. Gu musika jotzen eta dantzatzen ari ginen bitartean, handik 200 kilometrora jendea hiltzen ari ziren.

Espainiako Estatuan kontzertu asko ematen dituzue, eta Europako beste herrialde askotan ere izan zarete. Nola hartzen dute zuen musika Euskal Herritik kanpo?

Oso ongi. Batzuetan, kanpotik hemendik baino gehiago deitzen gaituzte. Kostatzen zaigu Nafarroako zenbait tokitan jotzea; Tafallatik hegoaldera ez dugu askotan jotzen. Uste dut udal askotan zuzenean baztertzen gaituztela gure izenean tx ikusten dutenean. Kanpora joan garenetan, oso harrera ona egin izan digute beti. 

Zuen musika atzerrian zabaltzea duzue helburu, baina aipatu izan duzu Nafarroaren izaera definitzea zaila egiten zaizuela batzuetan.

Hasieratik izan dugun zutabea izan da hori. Jendeak, edo batzuetan guk geuk, bereizketa automatikoa egiten dugu; jota bat abesterakoan edo euskaraz kantatzerakoan, badirudi posizio politiko jakin bat hartzen dela. Nik askotan planteatu diot neure buruari: zein da Nafarroaren izaera? Iruñetik hegoaldera dagoen ondarea edo iparraldera dagoena? Uste dut bien batuketa dela; bestela, beti egongo da hutsune bat. Gure errepertorioan, Nafarroako aniztasuna islatzen saiatzen gara.

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Oso kontziente gara gure publikoa heldua dela, eta gure erronka nagusia gazteak erakartzea da. Aurten horretan gabiltza. Ikusten ari gara gazte belaunaldiek gero eta gutxiago dakitela gure herriko musikaz, eta gu garrantzitsuak izan gaitezke hori azaltzeko.

LOTSABAKO

Izan zareten herrialde bat?
Brasil.

Musika tresna bat?
Akordeoia.

Zuen diskoen artean gogokoena?
Cuando la beharra obliga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.