«Gure egin dugu Bilboko erdigunea!»

Ia laurehun lagunek parte hartu dute Lasterka Askatasunera independentziaren aldeko lasterketa herrikoiaren lehen aldian. Umorea eta aldarrikapena gailendu dira Arriaga plaza inguruan.

Lasterka Askatasunera lasterketa herrikoiaren irteera. AITZOL ZAMALLOA
Lasterka Askatasunera lasterketa herrikoiaren irteera. AITZOL ZAMALLOA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 18a
15:45
Entzun

Batzuek ziztu bizian gurutzatu dute helmugako marra, eta beste batzuek, berriz, lurrean zilipurdika kroketarena egiten. Batzuk kirol arropa fosforeszentea jantzita iritsi dira Arriaga plazara, eta beste batzuk iratxo mozorroarekin. Batzuek gibela botatzen egin dituzte Areatzako azken metroak, eta gehien-gehienek lagunei eskutik helduta. Lasterka Askatasunera independentziaren aldeko lasterketaren amaieran, dena den, irribarreak izan dira nagusi, eta Bilboko erdialdeko kaleetan euskara eta aldarrikapena zabaldu dituztelako harrotasuna.

Lasterka Askatasunera laterketa herrikoia
Lasterka Askatasunera lasterketa herrikoia. Zumbarekin egin dute beroketa. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Herri lasterketetan garrantzitsuena ez da izaten irabaztea, baina beti irabazten du baten batek. Hamar kilometroko proban Pello Garcia de Andoin izan da bizkorrena, eta dotore helmugaratu da, Sestaoko Pikutara konpartsaren elastikoarekin. Bere erlojuaren arabera, 34:30ean egin ditu hamar kilometroak, baina ez dio garrantzirik eman horri: «Giro ona eta euskalduna izan dela nabarmenduko nuke; konpartsako lagunek animatuta etorri naiz». Aldi berean, eskertu du konpartsek kirol mundura begiratu izana: «Normalean antolakuntza alternatiboa asko bideratzen da kontzertu eta antzekoetara. Iruditzen zait oraingo honetan kirolaren alde eginda bete-betean asmatu dutela. Aurrerago trail bat antolatzera animatuko nituzke».

Konpartsak aipatu ditu, Lasterka Askatasunera Bizkaiko 11 gazte konpartsen ekimenez antolatu baita, eta helmugan argi gelditu da parte hartzaileen aniztasuna ohiko kirol proba herrikoietakoa baino handiagoa izan dela. Ia laurehun parte hartzaileek zumba saioa egin dute lehenbizi, beroketa moduan, eta, gero, Arriagatik Euskalduna zubiraino zihoan ibilbidean murgildu dira. «Erakutsi dugu Bilbo erdialdeko kaleak gureak ere badirela», azaldu dute Amaia Fernandez eta Nerea Jimenez parte hartzaileek: «Larunbat goizetan turistaz beteta ikusi ohi ditugun kaleetan erakutsi dugu beste Bilbo bat ere badagoela: euskaldunagoa, herrikoia...».

Lasterka Askatasunera laterketa herrikoia
Iratxoz mozorroturiko parte hartzaileak. AITZOL ZAMALLOA

Bilboko Uribarri auzoko aldapak jaitsita iritsi dira biak Arriagara; urrunagotik, aldiz, Alaitz Uriarte mungiarra, Aiko Gazte Konpartsako kidea. Herriko jaietako zapia lepoan lotuta egin du ibilbidea. «Gazte konpartsek zeresana badugula erakutsi dugu hiriburuan, eta bestelako aisia eredu bat ere posible dela. Korrikak eta halako ekitaldiek erakutsi dute kirola eta aldarrikapena batera joan daitezkeela, eta hau beste froga bat da».

Udaberriko larunbat goizetan, Arriaga plaza lepo egon ohi da, eta Bilbora etorritako bisitariek —bai urrunekoek eta bai gertukoek— irudi koloretsuak ikusi dituzte. Arratsaldeko euri zaparradari izkin eginda, umorea izan da nagusi lasterkarien artean. Askotariko aldarrikapenek ere izan dute tokia: besteak beste, euskal presoen aldekoak eta Palestinako herria pairatzen ari den genozidioaren aurkakoak.

Lasterka Askatasunera laterketa herrikoia
Parte hartzaile batzuk kroketarena egiten, helmugara iristear zirela. AITZOL ZAMALLOA

Amaieran, Maite Otxandio antolatzaile taldeko kidea pozik zegoen. «Pozarren gaude, aurreikuspenak hobetu ditugu eta. Parte hartzaileen iritziak onak izan dira, eta bultzada bat da hori». Parte hartzaile kopurua alde batera utzita ere, helburua bete dutelakoan dago. «Gazte konpartsok geure egin dugu Bilboko erdigunea, eta kapitalismotik eta kontsumismotik urruntzen den aisia eredu bat posible dela erakutsi».

Lasterka Askatasunera laterketa herrikoia
Pello Garcia de Andoin gizonezkoen arteko irabazlea. AITZOL ZAMALLOA

Bazkaria, elektrotxaranga, dj-AK...

Lasterketa zen eguneko ekitaldi nagusia, baina Lasterka Askatasunera ekinaldiak egun osoko egitaraua du. Eguerdian, bazkari herrikoia egin dute Bilboko Solokoetxe auzoan, eta, arratsalderako, kalejira antolatu dute, elektrotxaranga eta guzti (18:30). Gauean, berriz, DJ saioak egongo dira Zazpi Katun, Zazpikaleetako gaztetxean (21:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.