Josebe Blanco. Artzaina

«Gure bizitzaren gaineko boterea supermerkatuei eman diegu»

Baserriari eragindako ajeez, landa eremuari sortutako kalteez, eta bi munduren arteko etenez ari da Blanco. Ekologikoan ekoiztea hautu «politikoa» dela dio, «baina baita erostea ere». Galdutako kontzientziez eta besteen esku utzitakoez mintzo da: «Oso menpekoak gara».

ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI.
enekoitz telleria sarriegi
Antzuola
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Pikunieta baserriko begiratokian egindako elkarrizketa bat (Antzuola, Gipuzkoa). Kafe pitxer eta pasta platertxoaren goxoan egindako elkarrizketa bat. Baita bidean gora mendiko pista batean ez aurrera ez atzera gelditu den argazkilariaren dei galduekin egindakoa ere. Josebe Blancok (Salceda de Caselas, Galizia, 1973) garbi dio gehiago fidatu behar dela pertsonen esanez, eta ez horrenbeste GPS pantailez. @hausnarrean aritzen da Twitterren, eta hausnarrean Zuzeu-ko bere blogean. Jandakoa bi etapatan digeritzea da hausnartzea. Okasiorako aukeratutakoa da hitza, inondik ere.

Gurasoengandik datorkizu nekazari munduarekin lotura?

Biak ziren nekazarien familiakoak. Nekazari txikiak: behi batzuk, oiloak, txerriak, baratzea... Gerraostean jaiotakoak ziren, gose handia ezagututakoak. Galizia gelditu zen gelditu zen moduan urteetan; pobretzea ikaragarria izan zen. Migratzea tokatu zitzaien. Ama Alemaniara joan zen, eta itzuli zen. Aitak soldadutza itsas armadan egin zuen, Cartagenan. Bukatu, eta merkantzia ontzi batean eman zuen izena bertan, eta lanean hasi. Urte askoan ibili zen merkantzia ontzietan. Enpresaren arabera, portua batean edo bestean tokatzen zitzaion. Denbora askoan Bartzelonan izan zuen portua, eta gurasoak hara joan ziren. Pasaia tokatu zitzaien gero, eta Euskal Herrira etorri ziren. Ni jaiotzear nengoen, eta aitak erabaki zuen itsasoko lanak uztea eta lehorreko lanetara bueltatzea. Antzuolara etorri ziren. Ni jaio Galizian egin nintzen, abuztu batean, baina ez naiz han sekula bizi izan, nahiz eta galizieraz hitz egiten dudan, etxeko hizkuntza galiziera zelako.

Noiz, nola eta zergatik erabaki zenuen zuk baserriaren aldeko apustua egitea?

Nire bizitzan nekazari mundua oso presente egon da. Nekazarien familia batetik natorrelako, eta, nahiz eta kalean bizi, baratzea geneukalako, sutarako egurra egin behar zelako, oilaskoak genituelako, untxiak... Hori umetan bizi izan nuen, eta ez zait arrotza egiten. Uda askotan joaten ginen Galiziara, eta artoa jasotzera joaten ginen, patata biltzera... Oso gertu egon den mundu bat da hori, nire parte dena. Unibertsitate garaian, Gasteizen, beste aldea tokatu zen. Nekazari mundua oso presente, baina beste ikuspegi batetik: zer jaten dut? Herritar gisa, baserriarekiko nire lotura janaria zen. Halako batean, eszedentzia eskatu nuen, eta, bukatzear nuela, zirt edo zart egiteko garaia iritsi zen: euskaltegira itzuli edo etxean gelditu. Akordatzen naiz Atharratzen geundela oporretan, eta tokatu zitzaidala dei hura egin beharra, hura bukatu zela esatea.

Eta Pikunietara iritsi zinen.

Baserri honen historia oso kuriosoa da. Izatez, beste familia batena zen, eta Azkoitiko hiru mutilek erabaki zuten, 20 urterekin, mendian eta menditik bizi nahi zutela, modu kolektiboan. Mugimendu antimilitaristatik, ekologistatik, gaztetxetik... zetozen. Baserria erreta zegoen; lau horma pusketa ziren, pinudiak izandako lurrez inguratuta. Eta hemen hasi ziren duela 32 urte. Hemendik jende asko pasatu da. Joan egin ziren batzuk, gelditu beste batzuk, eta nire bikotekidea horietako bat da. Elkar ezagutu genuen, eta duela zortzi urte etorri nintzen hona.

Emakumezkoa zara, ama zara eta baserritarra zara. Nola baldintzatzen du generoak zure eguneroko jarduna?

Lan asko egin ditut baserri munduarekin lotuta ez daudenak. Gizarte langile eta terapeuta gisa, nagusiki, eta irakasle gisa gero. Jendartean dagoen egiturazko bazterkeria eta matxismoa bizi izan ditut beste edozein esparrutako emakumeek bezala; gurekin doan motxila bat da. Baina ez dut bereziki sentitu nire lanarekin lotutako bazterkeria emakumezko izateagatik. Nire lanpostuetan emakumezkoa izatea ez da izan zama bat, edo agian ez naiz horren kontziente izan, baina ez dut horrela bizi izan.

Eta baserrian?

Baserrian ez dakit izan den zama, baina bai zailtasuna. Beti dago zalantza bat zure gainean, zure jakinduriaren gainean, zure gaitasunaren gainean... EHKOlektiboaren barruan topaketa bat egin genuen behin, Nafarroa Beherean, emakume artzain eta abeltzainen artean. Helburua zen guk bizitakoaz hitz egin, hausnartu eta konpartitzea. Irabazi Arte baserrian egin genuen. Erretiroa hartzear zegoen kide batek zioen makinak, teknologia, ongarri kimikoak... baserrietara iritsi zirenean, orduantxe gelditu ginela emakumezkoak atzean. Indarra, mekanika... gauza horiek gizonezkoen gauzak ziren. Behiak eskuz jeztea ez zen duina, makinak behar ziren, eta makina nork gidatuko du? Gizonak. Traktorea nork gidatuko du? Gizonak. Horri buelta asko eman nizkion. Gure ama behietara joaten zen, gure amona ere bai... Animalien zaintza gurea, emakumezkoona ere bazen, eta jakinduria bat genuen oso lotua lurrari, inguruari, landareei... Hori dena desagertu egin zen. Dena bihurtu zen albaitari, botika, eta Kooperatiban erositakoa.

Eta orain?

Orain, artzaina zarela esaten duzunean, galdetzen dizuten lehenengo gauza da ea traktorea gidatzen duzun. Baina nik artzaina izateko zertarako behar dut traktorea gidatu? Ondo dago, noski, eta alemanez jakitea ere bai. Nik behar dudana da ardia ulertu, ardia ongi zaindu, esnea goxatu, gazta sortu. Jakinduria beste gauza bat da. Etxera etorri izan diren ikasleengan oso nabarmena da: ardi kontuak Exkerrari [bere bikotekidea] galdetzen dizkiote; ni ez naiz existitzen. Ni gaztandegiarekin lotzen naute. Zergatik ote da? Parekatzen dutelako gaztandegia eta sukaldea? Oso bereizketa pobrea da; mekanismo batzuk ez dira ongi ulertzen.

Ekologikoan ekoiztea erabaki politiko bat da?

Dudarik gabe. Ekoiztea, eta erostea ere bai.

Baina ekologikoa ez al da marka bat?

[Barrez] Baduzu nahikoa bateria grabagailuan?

Jarriko dizkiogu pilak berriz.

Egiten dugun guztia da hautu politiko bat. Beste kontu bat da horretaz kontziente ote garen, edo horren ardura hartu nahi ote dugun. Guk modu ekologikoan egiten badugu lan, ez da lurraren osasunarengatik bakarrik, ez da animalien osasunarengatik bakarrik, ez da pertsonen osasunarengatik bakarrik. Horren guztiaren batuketa da, eta askoz gehiago da. Gu nekazariak gara, eta gure lana eta gure ardura da jendarte honetan janari osasuntsua egitea, gure herrikideak elikatzeko, ez tripa betetzeko, elikatzeko. Jendea ongi elikatzen den neurrian, osasuntsuago egongo da. Horrek bere ondorioak ditu osasun sisteman; horrek ondorio ekonomikoak ditu gizarte osoarentzat, eta guk gure txikitasunetik egiten dugun honek gure gizartea egituratzeko modu bat dauka atzean.

Ez da marka, orduan?

Nik bi multzo egingo nituzke: nekazaritza kapitalista eta ez kapitalista. Eta nekazaritza kapitalistaren barruan egongo dira ekologiko batzuk, kimiko batzuk... Hor denetik dago. Nekazaritza mota horren helburua dirua da; ardatza dirua da. Ekologikoan lan egiten ez duten enpresa batzuk halako batean konturatzen dira: «Kontxo! Hemen badago merkaturatzeko beste modu bat, eta, gainera, kontsumitzailea prest dago diru gehiago ordaintzeko. Konturatzen dira beren egituretan aldaketa minimo batzuk eginda emango dutela zereal ekologikoa, ez dutela ongarri kimikorik erabiliko... Haien helburua da dirua ateratzea, eta jarraituko dute lehen egiten zuten gauza berbera egiten, baina inputak aldatuta. Horrek aukera ematen du soja, artoa... behar duzun guztia zigilu ekologikoarekin bai, baina munduaren beste puntatik ekartzeko. Jakin nahi nuke lehengai horiek egiteko pertsona horiek zer baldintzatan ari diren lanean, zenbat kilometro koadro behar diren hori dena egiteko, zer preziotan ekartzen diren, eta bidaia horiek nola egiten diren, eta horrek guztiak zer ekartzen dien hango nekazari txikiei.

Eta hona heltzen denean?

Janari hori hona heltzen denean, normalean supermerkatuetara doa, eta horietan pertsonak non gelditzen dira? Hasi kutxan dagoen pertsona horretatik —normalean emakumezkoa— eta jarraitu katean atzera, atzera, eta atzera.

Zer da, orduan, ekologikoan lan egitea?

Ekologikoan lan egiteak esan nahi du gu naturara moldatzea, naturarekin lan egitea, eta ez alderantziz. Gure kasuan, guk moldatu behar dugu ardien erritmoetara, eta ez ardiek gure erritmoetara. Adibide bat: ekologikoan nik ez dut ulertzen nola moztu ahal zaien ardiei ilea urtean bi aldiz. Hori Euskal Herrian gero eta hedatuago dago. Ekologikoan nik ez du ulertzen hori egin daitekeenik.Nik urrian edo azaroan ilea mozten badiet ardiei, ardi horiek ez dira kanpora aterako. Eta Euskal Herrian daukagu daukagun eguraldia. Zenbat hilabete pasatuko ditu ardi horrek barruan? Horrek ekologikotik zer dauka? Non gelditzen da ardiaren izaera? Hori ez da ardi bat, eta hori ez da ekologikoan lan egitea.

Zer da ruralismoa?

Landa eremuan eta naturan egoteko modu bat. Bat eginda, harekin. Zer gertatzen da? Landa eremuarekin eta naturarekin dugun harremana dela ustiaketa baten historia. Landa eremura gerturatzen bagara, handik zerbait ateratzeko da, ez zerbait emateko. Abiapuntua ez da horren parte garela. Nik ulertzen dut hemen bizitzeko behar dudala sutarako egurra, behar dudala belarra... Baina behar dut ere sasia ardien elikadurarako, akaziak hesolak egiteko... Horko artegi hori? Bertako alertzearen egurrarekin eginda dago, horko mahaia ere bertako egurrarekin... Horrek ez digu eskubiderik ematen egurra lortu ahal izateko mendiak txikitzeko, eta eukaliptoak eta pinuak landatzeko, nahiz eta jakin horrek kalte egiten digula eta lotuta dagoela eredu jakin batekin zeinak dioen ahalik eta azkarren hazi behar dela, ahalik eta diru gutxienaren truke.

Landa eremua, beraz...

Zertarako nahi dugu landa eremua? Hori galdetzen hasi beharko genuke. Nik dudan sentsazioa da, eta horrela bizi dut, landa eremua ez dela garai batean bezala janaria eta beharrezkoak diren lehengaiak sortzeko —eta janaria diot, ez produktuak, janaria jendea elikatzeko eta bizirik jarraitzeko—, baizik eta landa eremua ari dela bilakatzen hiriaren zerbitzura dagoen eremu bat. Hiriak zer behar du? Zabortegi bat. Bada, zabortegia landa eremuan. Hiriak zer behar du? Aisialdia. Bada, aisialdia landa eremuan. Hiriak zer behar du? Energia berdea. Bada, landa eremua eguzki plakez estali, mendiak haize errotez... Horretarako balio du landa eremuak egun. Eta hemen, gure etxearen bueltan, han lau etxebizitza hutsik. Guztiak hutsik. Esaten digute gauza horiek guztiek lana ekarriko digutela, jendea ekarriko dutela landa eremura bizitzera, baina ez da egia. Ez zaigu jende gehiago etorriko eguzki plakak, haize errotak edo zabortegiak jarri dizkigutelako, ez. Jendea etorriko da umeei autobus zerbitzua jartzen dietenean, medikuak, pediatrak, postetxeak... Eta hori gaur egun ez da betetzen.

Noiz gertatu zen eten hori? Nola leundu liteke?

Ez dakit eten hori noiz gertatu zen, baina gaur egun gaude une batean non jendeak galdu duen bere bizitza zertara lotuta dagoenaren kontzientzia. Ez gara kontziente jaten ez badugu hil egiten garela, kito. Eta janari txarra jaten badugu gaixotu egiten garela. Horren kontzientzia galdu egin dugu, eta horrek ahul egiten gaitu. Politikariei entzuten diezu independentzia, autonomia, autogobernua... Auto, auto eta auto... Baina gero, gure bizitza egiteko oinarrizkoa den horretan, janarian, horretan ez gara autonomoak. Are gehiago, gure bizitzaren gaineko boterea multinazionalei eman diegu, supermerkatuei, banatzaile handiei. Haiek gaixotzen eta sendatzen gaituzte, aldi berean. Gure osasunaren ardura ere gainetik kendu dugu. Besteek dakite; besteek sendatuko gaituzte. Ez gara gai gure gorputzean zentratzeko eta sentitzeko ea hau egiteak edo bestea egiteak mesede edo kalte egiten digun. Oso menpekoak gara.

Pandemia garai betean Termometroa izeneko sail hartan hartu zenuen parte BERRIAN. Joan da denbora apur bat. Zer galdu dugu pandemian?

Sasoi hartan ez ginen kalera jaisten, eta horrek asko babestu gintuen. Oso gaizki pasatzen nuen. Beldurrez joaterakoan eta beldurrez itzultzerakoan. Pertsonak galdu ditut. Neurri batean, hezur-haragizkoak izateari utzi diote. Begidunak dira orain.

Beldurti bihurtu gaitu, beraz, pandemiak?

Beldurtiak garenon beldurra oraindik ageriagoan utzi du. Baina sentsazioa daukat beldur hori estali egin dugula teknologiarekin, aisialdiarekin, agintariekin... Erabaki dezatela agintariek zer, non eta nola; haiek babestuko gaituzte. Eta hori oso arriskutsua iruditzen zait, beldurra bizitzaren parte baita. Ez da ezer txarra beldurra sentitzea eta beldur zarela esatea.

Eta irabazi dugu zerbait pandemian?

Gogoratzen zara nola itxi zituzten azokak? Nola debekatu ziguten baratzeetara joatea? Bada, garai hartan 300 eragilek bat egin zuten manifestu baten inguruan, berdin Bilboko kalean bizi denak eta baserritarrak. Han ez zegoen arrakalarik, arrakala desagertu egin zelako konturatu ginenean zerk batzen gaituen: jan egin behar dugula, eta eskubidea daukagula erabakitzeko zer jaten dugun, eta eskubidea daukagula gure janaria egiteko eta aukeratzeko. Hori ukatu zigutenean... zazt. Hura guztiz hunkigarria izan zen, guztiz. Begira zenbat hilabete pasatu diren, eta hainbat lagunek esan didate azoketara eta denda txikietara jada jende gutxiago joaten hasi dela. Hura guztia ahaztu egin zaigu? Berriro atzera egin behar dugu? Behin horren kontzientzia hartu, horren aldarrikapena egin, eta orain nora goaz? Nik hura irabazi nuen, eta orain ez dakit irabazitako hura non gelditu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.