Alkizako plazan (Gipuzkoa) egin dute geldialdia Eli Garmendia (Tolosa, Gipuzkoa, 1984) eta Carlos Pericas (Palma, Herrialde Katalanak, 1983) argazkilari nomadek, haien autokarabanarekin. Han abiatu dute Erretratu Nomada ekinbidea, herritarrei erretratuak egin eta argazki artxibo bat osatzeko. Batetik, parte hartzen duten pertsonei argazki bat oparituko diete paperean, baita digitalki ere, «argazkilaritza materikoa aldarrikatzeko». Bestetik, artxiboa herriko udaletxearen esku utziko dute, «herriaren historia eta ondare gisa». Gipuzkoako beste zazpi herri txikitan egingo dute gauza bera.
Nola bururatu zitzaizuen Erretratu Nomada ekinbidearen ideia?
ELI GARMENDIA: Duela hiru urte hasi ginen autokarabanan bidaiatzen, eta konturatu ginen gure ibilbidea herri txikietatik pasatzen zela, naturaz betetako lekuetatik; beraz, ohartu ginen leku horiek berezi egiten zituztenak bertako herritarrak zirela. Hori izan zen hazia, orduan hasi ginen pentsatzen nola gerturatu gintezkeen pertsona horiengana. Carlos erretratuetan aditua denez, ideia hori bururatu zitzaigun.
CARLOS PERICAS: Une horretan, Espainiako Estatuan Espainia hutsa kontzeptuaz hitz egiten ari ziren, jendez husten ari zirelako hainbat herri txiki. Gure galdera zen: zer gertatzen da horrelako herrietan bizi direnekin? Ez genuen despopulatzeaz hitz egin nahi, baina azpimarratu nahi genuen horrelako herrietan bizitzeak dakarrena.
Nola hartu zaituztete Alkizan?
C.P.: Oso ondo. Herritarrak harrituta daude ikusita kanpotik gatozela haiei erretratuak egitera, baina normala da. Garrantzitsuena da uler dezatela hau beraientzat dela, eta parte hartzera animatzea.
E.G.: Herri txikietan gertatzen da leku itxiagoak direla, eta bat-batean norbait kanpotik etortzeak beste leku eta ideia batzuetarako leiho bat irekitzen diela. Eskolako haurrak gerturatu zirenean, adibidez, 2tik 6 urtera artekoak, azaldu genien Burgosen bizi diren marrokiarrei egin dizkiegula argazkiak, Irunen bizi diren afrikarrei... azken batean, inguru honetatik harago mundu bat dagoela.
Zergatik erabaki zenuten bizitza nomadari ekitea?
E.G.: Bartzelonan hamabost urtez bizi izan ginen, eta aspertuta geunden bertako erritmoaz.
C.P.: Konturatu ginen bertan bizitzeko, lagunak egiteko eta profesionalki hazteko etapa burutu genuela. Lanean ari ginen alokairua ordaintzeko, eta ez geneukan guretzako denborarik, ez pentsatzeko, ez gauzak lasai hartzeko... Disfrutatzeko denbora izatea, hori da gakoa guretzat.
E.G.: Hiru urte hauetan jende gehiago ezagutu dugu Bartzelonan ia hamabost urtean baino. Azken batean, lekuak baino gehiago, gure bidaien mapako txintxetak ezagutu ditugun pertsonak dira.
Askorentzat utopikoa izango da.
E.G.: Lagun batzuek esaten ziguten: «Nik hori erretiroa hartutakoan egingo dut». Eta guk pentsatzen genuen: «Ba nik ez dakit erretiroa hartu ahal izango dudan, eta ez dakit bizirik egongo naizen ere». Horregatik erabaki genuen horrela bizitzen hastea.
C.P.: Egiatan, «erretiratuak bezala» bizi gara [barrez], erritmo lasai bat daramagulako.
Nola egiten da horrelako bizi proiektu bat ekonomikoki bideragarri?
E.G.: Esan beharra dago, arlo erromantikoa alde batera utzita, lan handia egiten dugula, ordu asko ematen ditugu ordenagailuaren aurrean. Baina gutxiago behar dugunez, gutxiago kontsumitzen dugu.
C.P.: Gure gastu nagusiak gasolina eta janaria dira. Bartzelonako eta beste hainbat tokitako bezeroak mantendu ditugu, eta deitzen digutenean lanera joaten gara, autokarabanarekin edo, batzuetan, hegazkinez. Gero, bidean aurkitzen ditugun pertsonekin ere lan egiten dugu, okin bat ezagutu eta beretzat web orri bat sortzen, adibidez.
Aurreiritziak daude nomada izateari buruz?
E.G.: Denetik dago, baina egia da oporretarako autokarabana modan egon arren, bertan bizi garelako askok hippytzat hartzen gaituztela, fundamenturik edukiko ez bagenu edo lanik egingo ez bagenu bezala.
C.P.: Egia da jendeak autokarabana asko ondoan ikusitakoan inbasio moduan-edo irakurtzen duela, eta autoz beteta ikusterakoan, ez.
Pasadizo bereziren bat gogoratzen duzue?
C.P.: Asko ditugu: Zerbait matxuratu eta jendeak tailerreko ateak irekitzea konpontzeko, Ingalaterratik idaztea falta zaigun pieza bat eskaintzeko istripu bat izan ondoren... Bidaiariek elkar laguntzen dutela lehen pertsonan bizi izan dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Eli Garmendia eta Carlos Pericas. Argazkilari nomadak
«Gure bidaien mapako txintxetak ezagutu ditugun pertsonak dira»
Bartzelonan hamabost urtez bizi ondoren, nomada bizimoduari ekin zioten Garmendiak eta Pericasek. Gipuzkoako hainbat herri txikitako biztanleei erretratuak egingo dizkiete, argazki artxibo bat osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu