Maider Garcia de Bikuña. Sexologoa

«Gurasoek uste dutenak eta seme-alabek egiten dutenak ez dute zerikusirik askotan»

'Sexualitatean xirikatuz' liburua aurkeztuko du gaur psikologoak, eta sexu harremanen arriskuak azken atalerako utzi dituela dio, gizartean gai horren inguruan zabalduriko beldur giroa errealista ez dela iritzita.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Maider Garcia de Bikuña psikologoa eta sexologoa da (Agurain, Araba, 1976). Prentsan eta telebistan aritu izan da. Iratxe Porrasekin batera, Sexualitatean Xirikatuz liburua idatzi du (Erein). Gaur aurkeztuko dute, 12:00etan, Gasteizko Liburuaren Etxean.

Aurreko batean galdera egiten zenuen: gizonak urdinak eta emakumeak arrosak al gara?

Badirudi emakume guztiek berdinak izan behar dutela eta baita gizonezko guztiek ere. Bada, kolore asko daude tartean, eta gutako bakoitza kolore guztietako adreiluz dago eraikita. Gauza batzuetan oso ezberdinak gara, baina bestetan uste baino antzekoagoak, esaterako kitzikatzerakoan gorputzak duen erreakzioetan. Emakumeei klitoria tentetu egiten zaie, baina, noski, zakilaren tentetzea askoz errazago ikusten da. Antzeko sistema dugu fisiologia aldetik. Mutilen barrabilak, esaterako, obulutegiak sortzen diren leku beretik ateratzen dira. Beraz, ez gara bi planetatakoak, eta horrek erraztu egiten du gure arteko komunikazioa.

Xirika gazte aldizkarirako lau urteotan idatzitako testuen biduma da liburua. Gazteen sexualitatean jarri duzue arreta?

Saiatu gara edonorentzat idazten, era ulergarrian. Guraso eta irakasleek ere irakurtzeko moldatu dugu. Sexologook erabiltzen ditugun hitz teknikoak eta kalean erabiltzen direnak azaltzen ditugu, esaterako, baita hitzok nondik datozen ere.

Sexu heziketa eta politika ofizialak kritikatzen dituzue.

Kritiko barik objektibo izaten saiatu gara, baita politikoki ondo ikusten diren gauza batzurekin ere. Biharamuneko pilula, esaterako, adabaki bat da, eta kondoiak leku guztietan jartzea ez da sexu heziketa. Beste gauza asko landu behar dira horiek ondo erabiltzeko. Asmo onez diru asko gastatzen da kanpainetan, eta azalean geratzen gara. Papiloma birusaren txertoarekin gastatzen ari diren diru guztia ginekologotan gastatuz gero, inork ez luke txertorik beharko, eta ez genuke umetokiko minbizirik garatuko. Gainera, emakume guztientzat balioko luke, ez soilik adin tarte batekoentzat.

Beldurraren gizarteak kutsaturik du berez plazeraren eremukoak diren jarduerak?

Kontuz horrekin eta kontuz bestearekin... besterik ez dugu entzuten, eta arriskua sexualitatearen atal txiki bat baino ez da. Guk azken atalerako utzi dugu arriskuen gaia. Sexualitatea ez da hasten seme-alabek bikotekidea dutenean. Denok gara sexudunak, eta betidanik dugu sexualitatea, ez soilik 15-16 urtetik aurrera. Arriskua somatzen dugunean hasten gara horretaz hitz egiten, nahiz eta gurasoek uste dutenak eta seme-alabek benetan egiten dutenak askotan zerikusirik ez duen. Egunero nago gazteekin, eta ez dira horren arduragabeak; badituzte beste gauza batzuk buruan.

Gurasoek gehiegizko irudimena dutela esaten ari zara?

Ez dut hori esaten, baina egia da komunikabideetatik datozen informazioak eta datuak kontu handiz hartu behar direla. 13-14 urtekoek askotan diote «nire gurasoek sekulako gauzak esaten dizkidate. Zertarako eraman behar dut nik kondoia, oraindik ez dut-eta inoiz ligatu, eta asmorik ere ez dut». Errealitatetik piska bat urrun egoten dira gurasoak batzuetan, beldur horiekin. Hori ere jakin behar da, lasaitasun gehiagorekin bizitzeko seme-alaben nerabezaroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.