Gorputzean nabari du adina Agustin Ugartek (Irun, 1932); ez, ordea, buruan: lanean ari da oraindik ere —«lan boluntarioan», argitu duenez, Behar Bidasoa GKE gobernuz kanpoko erakundean. 80 urterekin ikasi zuen ordenagailua erabiltzen, eta ez da geldirik egoten: emailak bidali, gauzak kudeatu, telefonoari erantzun… Besteei laguntzea, boluntario lana, betidanik barru-barruan darama Ugartek, eta horren adibide da haren etxea: paretetan hamarnaka argazki ditu zintzilik, egin dizkioten aitortza guztiekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik iritsi berri zaio azkena, lankidetza arloan egin duen ibilbidearengatik.
Bizitza osoan egindako ibilbidea aitortu berri dizu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Noiz piztu zitzaizun beti besteei laguntzeko grina hori?
16 urterekin piztu zitzaidan. Gazte Langile Katolikoetan sartu nintzen, eta gaixoen zerbitzua sortzen parte hartu nuen, tuberkulosia zuten gaixoei laguntzeko batik bat. Lantegian dirua jasotzen genuen, hilero 2 pezetako ekarpenarekin [0,0120 euro]. 18 urterekin lehen bisita egin nuen tuberkulosia zuten gaixoen erietxe batera, Andazarratera [Asteasu]. Jasotzen genuen diruarekin elikagaiak eta estreptomizina erosten genituen. Andazarrateko erietxea itxi zutenean, Donostiako osasun hirira joaten hasi ginen, oinez; orduan ez zegoen autobusik, ezta autorik ere. Mus, xake eta domino partidak antolatzen genituen gaixoak eta gaixo ez zeudenak elkarrengana hurbiltzeko. Gabonetan, berriz, jaialdiak antolatzen genituen.
Nolatan hasi zinen tuberkulosia zuten gaixoei laguntzen?
Ricardo Alberdi apaizaren eskolakoak ginen, besteak beste, Jose Ramon Amunarriz 2002an Ruandan hil zen misiolaria eta biok. Elkartasuna, maitasuna, anaitasuna eta lana bezalako balioak irakatsi zizkigun. Hark esaten zigun kristauak, sakristian ez ezik, kalean egon behar duela: auzo elkarteetan, sindikatuetan, lantegietan… Ideia horiek motibatu gintuzten.
13 urterekin hasi zinen lanean.
13 urterekin aroztegi batean hasi nintzen lanean, eta, 14 urterekin, Escalante lanparak egiten zituen lantegi batean, 60 urterekin erretiroa hartu nuen arte.
Alberdiren filosofiari jarraituz, sindikatuen mugimenduan sartu zinen gero…
Lantegian, sindikatuen bitartekaria izan nintzen. Adibidez, neskek mutilek baino soldata baxuagoa jasotzen zuten, lan berbera egin arren. Soldatak berdintzea lortu genuen, eta duela 50 urte baino gehiagoko kontuez ari naiz hizketan.
Herri mugimenduan ere ibilitakoa zara…
1960an talde batean elkartu ginen Irunen, orduko egoerak bultzatuta, eta lortu genuen Irungo Udala izatea lehena zinegotziak iruzurrik gabe hautatzen. Apoderatuak edo ahaldunak jarri genituen hautesleku guztietan kontrolatzeko. Garai hartan tertzioka hautatzen zituzten zinegotziak: sindikatuen tertzioa, familiaren tertzioa eta kultur arloko tertzioa. Tertzio bakoitzean bi zinegotzi sartzea lortu genuen. Udalarekin lotuta, hilero, udalbatzarretara joaten nintzen. 13:00etan egiten ziren, eta lantegitik ateratzen nintzen hara joateko. Behin, udalbatzar batean, garai hartako alkate [Antonio] Tejedorrek, publikoari begiratu eta ni ikustean zera esan zuen: «Agustin hemen dago; has daiteke udalbatzarra». Horrez gain, Santiagoko Auzo Elkartea ere sortu nuen.
Beste pasadizo batez ere gogoratu naiz. Garai hartan ez zegoen gizarte segurantzarik, eta mutualitateak izaten ziren. Sektoreka, enpresak eta langileek ekarpenak egin behar izaten zituzten. Metalaren mutualitatean 90.000 langile ginen. Gipuzkoako mutualiatea oso gaztea zen, eta kotizazioen soberakinak Madrilera bidaltzen zituzten. Guk erabaki genuen metalaren arloko diru funtsak Madrilera ez bidaltzea eta beharra zuten familiei ematea. Milaka eskaera jaso genituen.
Oso zaila izango zen horrelako ekintzak diktadurapean aurrera eramatea, ezta?
Oso zaila ere. Pentsa, bi aldiz egon nintzen komisarian.
Zer dela eta?
Laguntza Gorrirako dirua jasotzen genuelako. Behin, Maiatzaren Lehenaren bezperan, Irungo Kale Nagusian genuen lokaleko atea jo ziguten. Bileran geunden barruan. Atea irekitzera joan nintzen, eta, berriro barrura sartu nintzenean, zuri-zuri ikusi ninduten nire kideek. Hiru polizia sartu ziren lokala erregistratzera. Egia esan, ez ziren oso azkarrak, eta gauza handirik aurkitu gabe alde egin zuten. Hurrengo egunean, deklaratzera joan behar izan zuten bilerako zaharrenak eta gazteenak. Bitartean, ni, baratzera joan nintzen genituen helbide guztiak erretzera.
Ez zenuen beldurrik?
Gurasoengatik kezkatzen nintzen, batez ere. Ni inoiz ez naiz izan ausarta; aitzitik, atzean geratu izan naizela esango nuke. Gurasoen etxera deitzen zutenean, ordea, kezkatu egiten nintzen.
Nola egin zenuen jauzia herri mugimendutik nazioarteko lankidetzara?
1977an Ruandara joan zen Jose Ramon Amunarriz misiolaria. Talde berekoak ginen biok, eta Amunarrizek hango errealitatearen berri eman zidan. Laguntza behar zuten. Hainbat lagunekin elkartu nintzen elkartasun espiritu horrek bultzatuta, eta laguntzeko mobilizatzen hasi ginen. Eskutitz pila bat bidali genuen, eta dirua biltzen hasi ginen. Adibidez, txaboletan teilatuak egiteko dirua jaso genuen. Hortik sortu zen Behar Bidasoa, eta, ordutik, hainbat proiektu jarri ditugu martxan.
Zein zen zuen filosofia?
Guk GKEn egiten genuena ez genuen egiten onak ginelako. Bi munduen arteko bidegabekeria sozial bat dago [herrialde garatuak eta ez garatuak], eta haiena zena bueltatu nahi genien guk; alegia, munduaren hegoaldeko herrialdeen kontura iparraldeko herrialdeetan sortzen zen gainbalioa bueltatzea. Elkartasun espiritu horrek bultzatu gintuen. Pribilegiatuak izan gara balio horiek irakatsi zizkigutelako: lana, sakrifizioa, besteei laguntzea, justizia… Ikuspegi horretatik abiatuta, hainbat herrialdetan lan egin dugu: Ruandan, Kolonbian, Paraguain… Gainera, jarraipena duten proiektuak dira denak. Eta giza laguntza ere bidaltzen dugu; oso garrantzitsua izaten da hori, jende askorengana iristen delako. Adibidez, 2010ean Haitiko lurrikara izan zenean, zazpi tona elikagai bildu genituen, hiru edukiontzi. Jendeak ilusioz erantzuten du, baliagarri sentitzen delako.
Zuk zer sentitzen duzu, adibidez, laguntza hori bidaltzean?
Poza. Jendeak ere zoriontzen zaitu, edo bueltan eskutitzen bat jasotzen duzu, eskerrak emanez. Uste dut, zentzu batean, ez dudala ego-rik. Denok dugu ego-a, baina sari horrek, adibidez [aldundiarena], ez didala bizitza aztoratzen. Eta sari garrantzitsua da, ibilbide guztiaren aitortza egin didatelako, azkenean. Baina urteak daramatzat boluntario gisa lanean, eta horrela jarraituko dut; horregatik, ez diot utziko betikoa izateari. Saiatzen naiz apala eta xumea izaten, eta besteei laguntzen.
Frustraziorik nabaritu al duzu noizbait bidean oztoporen bat topatu duzulako?
Ez dut sentitu horrelakorik; alderantziz. 1977an Ruandara dirua bidaltzen hasi ginenean, laguntzak bidaltzeko baimena eskatu behar izaten zitzaion ministerioari, dibisak ezin zirelako bidali. Orduan, nik, txeke bat prestatzen nuen dolarretan, eta nire lankide Juncalek pakete bat egiten zidan lantegian. Txekea liburu baten barruan sartu, eta, nonbaiten, orri zehatz batean, txekea zegoela zehazten nuen. Etxera iritsitakoan, paketea paperean bildu, bizikleta hartu, eta Hendaiako [Lapurdi] posta bulegora joaten nintzen fakturatzera. Inoiz ez zen galdu pakete bakar bat ere. Milaka dolar bidali genituen.
Beti bilatzen zenuten moduren bat, beraz, nahi zenutena lortzeko.
Beste behin, ur eskasia zegoen Ruandan, eta 1989an iturburu bat aurkitu zuten. Iturburu hori, ordea, kanalizatu beharra zegoen, eta Jose Ramon Amunarriz ekin eta ekin ibili zen hori lortzeko. Azkenean, lortu zuen laguntza, baina %30 finantzatu beharra zegoen. Gabonen testuinguruan Jose Ramonekin harremanetan jarri nintzen, kaxa batzuk prestatuta genituela eta; berak eskatu zidan kaxarik ez bidaltzeko, eta, horren partez, proiektua finantzatzeko. Nire baitan pentsatu nuen: «Ez ote gara gai izango kaxak bidali eta proiektua finantzatzeko?». Lanari ekin genion. Eskutitz mordoa bidali genuen, eta, azkenean, bi gauzak egitea lortu genuen.
Hain zuzen, hurrengo egunean, GKE bat sortu behar genuela pentsatu genuen, norbanako bezala ez genuelako inolako berme juridikorik, eta hala sortu genuen Behar Bidasoa, 1989an. Ordutik, proiektuak aurrera eramateko ekarpen mordoa jaso dugu Eusko Jaurlaritzatik, udaletatik, erakundeetatik, enpresetatik… Gure kasuan, gainera, Behar Bidasoak GKE bezala jasotzen dituen diru laguntzak ez ditugu inoiz onartu, eta laguntza guztia proiektuetara bideratu izan dugu. Boluntario bezala aritu gara beti.
Nola ikusten duzu egungo gizartea elkartasunaren ikuspegitik?
Irizpide batzuk behar dira balorazio egokia egiteko, eta nik ez dauzkat. Edozein modutan, berekoikeria eta elkartasuna zegoen lehen. Orain, berriz, ezberdina da; bizimodua aldatu egin da. Etxe parean kafetegi bat dago, eta, orain, 11:30ean, jendea ariko da kafea hartzen. Lehen ez zen horrelakorik. Gizartea asko aldatu da. Propaganda handia dago kontsumoa bultzatzeko. Horrez gain, ziurgabetasun handia dago. Zer izango zen guretzat sei hilabeteko kontratu batekin lan egitea? Edo urtebetekoarekin? Ziurgabetasun handia eragiten du horrek. 25-30 urterekin etxetik alde egin nahi dute gazteek, baina nola?
Pandemia eta krisi garai honetan, nola bultza daiteke elkartasuna?
Galdera interesgarria da. Zein herritan bizi gara? Hasteko, gazteek ez daukate lanik. Unibertsitatea bukatuagatik, gurasoei esker bizi dira. Etsigarria izan behar du. Nola lor daiteke elkartasun kontzientzia hori egoera honen aurrean? Oso zaila da. Kontzientzia hartu behar dugu. Horrez gain, propagandarekin bonbardatzen gaituzte. «Telebistan esan dute…». Baina zuk ez al daukazu nahikoa irizpide errealitatea zer den eta zer ez bereizteko? Irizpideak falta zaizkigu. Ez dugu jaso heziketa zibiko-sozialik horretarako. Alberdiren eskoletan Ikusi, epaitu eta ekin izaten zen gure leloa. Ikusi munduaren errealitatea, iritzi bat eduki errealitate horri buruz eta horren arabera ekin.
Arazoa, agian, ekitea da?
Baina zein baliabide daude ekiteko? Gure garaian modu librean egiten genuen dena. Orain, berriz, alderdi politikoek baldintzatzen dute dena, beren marka utzi behar dutelako. Auzoetan lan egiten has daiteke.
Behar Bidasoan lanean ari zara oraindik ere. Ez duzu etenik…
Hala da. Lehengoan, adibidez, hirurehun posta elektroniko bidali nituen. Orain, adibidez, 2020ko 2.000 memoria iritsiko zaizkit; 500-600 gutunazaletan sartu eta bidaltzeaz arduratuko naiz. Baldintzatuta nago, baina maila horretan lan egin dezaket, eserita. Hankek huts egiten didate, baina burua nahiko ondo daukat.