Hendaiako Rouge Elea konpainiako kideak

Corine Cella eta Ander Fernandez: «Guk ez dugu ikuslea harritu nahi: poesia egin nahi dugu»

Hogei urte bete berri ditu Hendaiako Rouge Elea konpainiak. Musika, zirkua eta dantza elkartzen dituzte beren ikuskizunetan, eta denarekin «hiru dimentsioko dantza bat» osatu.

Rouge Elea. Corine Cella eta Ander Fernandez
Corine Cella eta Ander Fernandez. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Hendaia
2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

«Dantza, zirkua, eta musika»: horrela deskribatu dute Corine Cellak (Aix-en-Provence, Okzitania, 1976) eta Ander Fernandezek (Donostia, 1981) Rouge Elea konpainia. 2003an sortu zuten egitasmoa, Hendaian (Lapurdi). Cellak sortu zuen, zirkua eta dantza oinarri hartuta, eta musikariak batu ziren ondoren, Fernandez haien artean. Hogei urte bete berri ditu konpainiak aurten, eta herri hartako Borderline Fabrikan ospatu zuten urteurrena, abenduaren hasieran.

Pailazorik eta karparik aurkitu daiteke zuen zirku ikuskizunetan?

CORINE CELLA: Pailazoak, karpa koloretsuak eta horrelakoak irudikatzen ditu jendeak zirku hitza entzutean, baina gurean ez da halakorik. Zirku garaikidea egiten dugu guk, dantza garaikidearen antzekoa, baina zero eta hamar metro arteko garaieretan; hau da, aireko dantza. Hiru dimentsioko dantza egiten dugula esan daiteke. Guk ez dugu ikuslea harritu nahi: poesia egin nahi dugu.

Harreman estua duzue Hendaiako Borderline Fabrikarekin, ezta?

CELLA: Hala da. Azken bi hamarkadetan, leku askotan ibili izan gara: Bruselan, Marseillan [Frantzia], Parisen... gure ikuskizunak prestatzen, entseatzen eta egiten. Baina duela bi urte inguru ireki zuten Borderline Fabrika, Hendaian, eta gaur egun bertan egiten ditugu entseguak. Rouge Eleak zerikusi handia izan zuen Borderline irekitzean.

Zerk eman zion hasiera Rouge Eleari?

CELLA: Konpainian, nire lehenengo ikuskizunak errudun nagusi bat izan zuen: zuhaitz bat. Zuhaitz batetik zintzilikaturik egindako ikuskizun bat izan zen, Calao izenekoa. Harrezkeroztik, milaka zuhaitz erabili ditugu.

ANDER FERNANDEZ: Calao-rekin batera sortu zen Rouge Elea, momentu berean.

Zuhaitzak ere konpainiako kideak dira, ala?

CELLA: Oinarri oso garrantzitsuak dira. Zuhaitzetan nire aireko dantzak egitean, askatasun handia sentitzen dut, beste inon aurkitzen ez dudana. Jada lau ikuskizun egin ditugu zuhaitzekin.

Borderline Fabrika barruan baduzue zuhaitzik?

CELLA: Ez. Metalezko estruktura batean egiten ditugu entseguak, zazpi metroko garaieran. Jada nire lagun mina bihurtu da [barrez].

Musikak protagonismo berezia dauka zuen konpainian?

FERNANDEZ: Ez. Rouge Elean beti dantza, zirkua eta musika bateratu izan dira, batak bestea osatzen baitu. Ikuskizun eta proiektu askotarikoak egin izan ditugu azken hogei urteetan; batzuek garrantzi handiagoa ematen diote musikari, baina ez osotasunean.

CELLA: Gainera, musika beti zuzenean izan dugu. Zuzeneko musikak bikote ederra osatzen du dantzarekin, eta, zuhaitzak bezala, askatasun handiagoa ematen digu sortzerakoan.

Nolakoa da ikuskizun bat sortzeko prozesua Rouge Elean?

FERNANDEZ: Normalean, bi urte pasatzen ditugu ikuskizun bat prestatzen. Hogei urteotan zortzi ikuskizun egin ditugu. Bi urte horietatik ia erdia ikerketan ematen dugu. Corinek gai bat proposatzen du, eta, hortik abiatuta, gai hori aztertzen dugu ikuskizuna sortzeko. Horretarako, hainbat tokitan egonaldiak egin behar izaten ditugu. Gure ikuskizunak kalean egiten ditugu gehienbat; beraz, eguraldia faktore garrantzitsua da. Horregatik, apiriletik urrira artekoak izaten dira gure denboraldiak.

CELLA: Gure ikuskizunek, sarritan, emozio asko sortzen dituzte ikusleengan. Horregatik da hain garrantzitsua gure ikerketa prozesua. Aztertu, pentsatu... Gaia ondo jorratzea dugu helburu, ikusleak poesia ikus dezan.

Inprobisazioak badu lekua zuen ikuskizunetan?

CELLA: Bai. Dena idatzita dago, baina batzuetan denbora luzatzeko ahalmena dugula sentitzen dugu, eta inprobisatzeko momentuak sortzen ditugu. Gure artean konexio handia dugu, eta badakigu nola jokatu.

FERNANDEZ: Guk kalean egiten dugu lan normalean, eta emanaldia noiznahi alda dezaketen hainbat faktore daude han. Nik nire partiturak ditut buruan, baina, era berean, asko gozatzen ditut momentuan sortzeko uneak.

Abenduaren 2an ospatu zenuten konpainiaren 20. urteurrena.

FERNANDEZ: Bai, Borderline Fabrikan ikuskizun festa oso berezia izan genuen. Jende asko gonbidatu genuen, 2003. urtetik bidelagun izan diren pertsona asko. Ospakizun bat izan zen. Ikuskizun txiki bat egin genuen, eta, ondoren, zuhaitz bat landatu genuen Borderlineren parean. Festa handi batekin bukatu genuen.

CELLA: Oso polita izan zen. Konpainiaren ibilbideko jende asko etorri zen, eta haien artean inprobisazio bat eskaini ziguten: opari eder bat, ahaztezina.

LOTSABAKO

Zuhaitz bat? CELLA: Pago negartia. FERNANDEZ: Mizpirondoa. Erreferente bat? CELLA: Catherine Magis.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.