Berdin dio zein instrumentu hartzen duen eskuetan: xirolarrua, arrabita, alboka, zarrabetea... heldu orduko hasten da horiek jotzen Juan Mari Beltran (Donostia, 1947). Instrumentu bakoitzak barruko teklaren bat ukitzen diola dirudi, herri musikarekin lotutako istorio bat gogoratzeko: «XX. mendean oraindik ere Arabako Errioxan-eta xirolarru joleak aritzen ziren. Baina garai bateko Euskal Herrian jotzen zirenak hauek ziren», esan du horietako bat gordetzen ari zela. Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasoko du udaberrian, «musika tradizionala berreskuratu, babestu eta transmititzeko egindako lanagatik».
Nola hartu duzu saria?
Sari bat gustuz hartzen da; sorpresaz ere bai, jaso duten aurrekoen izenak ikusita. Adibidez, gizon horrekin aritu nintzen lanean [paretako koadro bat seinalatu du]; uste dut bera dela 2. edo 3. Manuel Lekuona saria: Aita Jorge Riezu. Harekin asko ikasi nuen; Aita Donostiaren kantutegia prestatzen lagundu nion.
Saria iragartzean, kolektiboari eman zenion garrantzia.
Ez dagoelako besterik, talde lana da. Landa lana egitera gutxitan joan naiz ni bakarrik, beti izan dut jendea gertu. Eta ez hori bakarrik: hartzen baldin baduzu nik idatzitako edozer, ikusiko duzu: «Honengandik jasotakoa, honen laguntzari esker...».
Donostian ala Etxarri-Aranazen [Nafarroa] jaioa zara?
Ez, ez, ni Donostian jaio nintzen. Musikan Etxarrin hasi nintzen, 7 urterekin, han bizi ginelako. Baina jaio eta bederatzi hilabete egin nituen Donostian. Aita itsasoan lanean egoten zen, Ternuan. Ni jaio nintzen martxoan, eta bera Eguberrietarako etorri zen. Orduan mugitu ginen hara. Baina, bitartean, ama nirekin izan zen, Donostian.
Dena da talde lanaren emaitza. Landa lana egitera gutxitan joan naiz ni bakarrik. Beti izan dut jendea gertu
Hain zuzen, txistua eta klarinetea izan ziren zure lehen instrumentuak. Zuk aukeratu zenituen?
Etxarrin, musika bandak urte asko zeramatzan, eta prestigio handia zuen. Txistulariak ere han aritzen ziren, eta niri bertan sartzea tokatu zitzaidan, 7 urte nituela. Klarinetistak behar ziren musika bandan, eta klarinetea eman zidan irakasleak. Baina, era berean, esan zidan herrian txistulariek laguntza behar zutela taldea indartzeko, eta txistua hartu nuen egun hartan. Lehenengo egunetik izan nintzen multinstrumentista.
Zerbait piztu zizuten barruan?
Erakargarria zen. Nola ez da izango erakargarria 7 urteko haur batentzat klarinetea eta txistua jotzea festetan protagonista badira? Denak egoten ginen haiei begira... 11 urterekin, jada musika bandan nengoen. Etxarriko musika kiosko horretan jotzen genuen, eta txistulariekin erromerietan ibiltzen nintzen.
Kalera berehala atera zinen, hortaz?
Bai, talde horietan aukera izaten zenuen alde batera eta bestera jotzera joateko. 12 edo 13 urterekin, Etxarriko musika bandan egun-pasak egiten genituen; eta urte hartan-edo, txistulariekin, sanferminetako txistularien alardean parte hartu genuen. Gauza horiek oso erakargarriak ziren 12-13 urteko haur batentzat.
Eta Donostiara bizitzera joandakoan?
1962an zen hori; orduan bata eta bestea utzi nituen. Baina Etxarritik ekarritakoekin, Donostian jarraipena izan genuen, aitari esker. Bixente anaia eta biok aritzen ginen musika bandan eta txistu taldean. Orduan, aita zenak eraman gintuen Goizaldi dantza taldera, Donostian, eta musika kontserbatoriora. Han, Isidro Ansorena maisuarekin hasi ginen txistuarekin.
Inportanteena da musikarekin jolastea, musika bizirik eskaintzea. Ez dago aldaezina den ezer
Ez zenuten etenik izan, beraz.
Donostian bereziki txistuari eman genion jarraipena, hor mundu bat dagoelako inguruan. Guk bikote bat osatzen genuen, bi ahotsetara jotzeko. Isidro Ansorenak askotan jasotzen zituen eskaerak Donostiako auzoetan eta inguruko herrietan jotzeko. Batzuetan bera joaten zen, baina, besteetan, bere ikasleak bidaltzen zituen.
Zuek, esaterako.
Hor, bat-batean, anaia eta biok aritzen ginen Grosen, Saguesen, Astigarragan [Gipuzkoa], Intxaurrondon, Ategorrietan... festa askotan jotzen. Diru pixka bat ere ateratzen genuen, eta, horrela, harremanetan jarri ginen beste dantza talde batzuekin. Dantza talde horiekin kanpora ateratzen hasi ginen, 17-18 urterekin. Gogoratzen dut, adibidez, Miranda Ebrora [Burgos, Espainia] joan ginela, hiru egunetarako. Diru asko irabazi genuen horrela.
Eta musikarako erabiltzen zenuten diru hori ere.
Aitari esan nion: «Diru horrekin, txistu on bat erosi nahi nuke». Txistu garesti bat, Isidro Ansorenak egiten zituen horietako bat. Geroztik, jornala etxean amari entregatu, eta musika jotzetik ateratzen nuena, liburuetarako, diskoetarako, soinu tresnetarako... erabiltzen nuen. Hortik ateratzen nuen dirua hemen [Soinuenean] dauden diskoak eta soinu tresnak erosteko.
Nola hasi zinen materiala biltzen?
Hasi ginen dantzen jatorrizko tokira joan, eta musika jasotzen. Bai Euskal Herrian, bai eta kanpora ateratzen ginenean ere: munduan ibili naizenean saiatu naiz hango liburuak, diskoak, soinu tresnak... ahal nuen neurrian eskuratzen. Bereziki ideia horrekin: ezagutu zeure burua, baina kokatu munduan; bestela, gal zaitezke. Eta, noski, ezagutu zeurea ere. Mundukoa ezagutzen baduzu eta zure herrikoa ez, hori ere arriskutsua da.
Horregatik sortu zenuten Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa. Zergatik herri musika?
Musikan horrenbeste bide daude jorratzeko, eta denak izan daitezke oso aberatsak. Gu zentratu gara beste lekuetan baloratzen ez den herri musikaren munduan. Eta demostratu nahi dugu herri musikak badituela bi osagai berezi: bata, erabat unibertsala dela. Hau da, gure txistuaren antzekoak mundu zabalean jotzen dira. Baina, era berean, unibertsalak diren horiek toki bakoitzean tokikoak dira: han egin dute hangoa zena eta hemen hemengoa egin dute.
Herri musikarekin lotutako lekukotzat gordetzea zen xedea?
Bai, gordetzea helburuetako bat da, gero beste batzuek ere erabili zitzaten; nahi genuena zen jarraitu zezala horrek bizirik. Hori da inportanteena: musikarekin jolastea, musika bizirik eskaintzea. Ez dago aldaezina den ezer, ezta musika ere. Transmisioa da zuk hortik hartzea, eta zuretik eskaintzea. Zerbait bizirik baldin badago, beti dago mugimendua.
Esan izan duzu Soinuenea dela zure ibilbideko azken geltokia, baina baita abiapuntua ere. Zergatik?
Bildutako guztiak behar zuen etxe bat. Niretzat inportantea da egin dugunak aukera izango duela jarraitzeko. Gainera, ez bakarrik hemen [Soinuenean bertan], laster izango da eskuragarri zure telefonotik. Kontu hau ez delako gurekin bukatzen; herri musika biltzen, gordetzen eta erakusten espero dut hemendik ehun urtera ere jarraituko dutela.
Etxea deitu diozu. Bizi ere, bertan bizi zara.
Hemen bizitzea abantaila da niretzat. Lehenengo urteak pasatu nituen hemen lanorduetatik kanpo, 1995etik 2002ra arte, dena antolatzen. Hasieran, Herri Musikaren Txokoa izenarekin aurkeztu genuen proiektua, eta ez diogu izen hori kendu. Txokoa polita zen, baina -eneak sendoago bihurtzen du.
Baduzu tresna kuttunik?
Ez dago bat kuttuna, asko dira. Nola ez da kuttuna izango Miranda Ebron jota erosi nuen lehenengo txistu on hura? Nola ez da kuttuna izango Etxarrin bizi ginela aita zenak anaia Bixente eta niri erositako danbolina?
Transmisioa modu askotan egin daitekeela esan izan duzu. Hori da Soinueneak erakusten duena? Kontzertuak, artxiboak, argitalpenak...
Bai, hemen daude diskoak, lortu dugun informazio guztia, egindako grabazioak... Hori da transmititzeko sistema bat. Baina beste bat kalea da; kalean jotzen duzunean. Askotan gertatu izan zaigu; Hernanin [Gipuzkoa], esaterako, alboka jotzeko tradiziorik ez dago, eta haurrak etorri zaizkigu esanez alboka ikasi nahi dutela. Nola da hori posible? Bada, kalean entzun izan dutelako.
Musika eskolako irakasle ere urte askoan izan zara, Hernanin.
Aurrez, nire jornala enpresa batean ateratzen nuen, eta dantza taldeetan ikastaroak ematen nituen. Batzuk luzeak, besteak laburrak: Iruñean, Bilbon, Donostian... Baina, 1985etik aurrera, Hernaniko udal musika kontserbatorioan —gero musika eskola zenean— hartu ninduten lau gauza irakasteko: txalaparta, txistua, alboka eta dultzaina. Hor ibili nintzen 29 urtez, erretirora arte.
Tradizioa eta abangoardia lotuta daudela ere esan izan duzu. Zergatik?
Erabat. Budapesten dago Europako herri musikari buruzko artxibategirik handienetakoa. Bela Bartokek egin du hori, XX. mendeko konpositore batek. Kontsideratuta dago musika garaikideko erreferentzia bat. Pentsatzen jarriz gero, abangoardiazko konpositore gehienek harreman handia daukate herri musikarekin; gauza asko hortik hartzen dituzte. Nik ere askotan jo dut musika garaikideko jaialdietan, landa lan horretan nenbilela, txistua, alboka eta txalapartaren atzetik.
Niretzat inportantea da egin dugunak aukera izango duela jarraitzeko. Kontu hau ez da gurekin bukatzen
Sortzaile gisa, inspirazio iturri izan da zuretzat tradizioa?
Bai. Erritmoekin, adibidez, egin izan dugu: dagoen bat hartu, eta horren gainean doinu berriak sortu. Beste batzuetan, berriz, izan da hitzak eramaten zaituela: kantu bat ezagutzen duzu, eta ez zenuen inongo helbururik, eta, bat-batean, entzuten duzu zeure buruan beste musika batekin. Hori ere askotan egin dugu.
Musikaren industria nola ikusten duzu?
Bueno, bereziki diskografia eta disko mundua larri dabil, ez? Guk oraintxe bukatu dugu disko berri bat, Xirolarrua kostaldean. Diskoa ez da aterako fisikoki. Web orrian jarriko dugu, deskargatzeko, bere liburuxka eta guzti. Gero, ikusten duzu egoera berri baten aurrean gaudela. Badaude kontzertu handi batzuk, milaka jarraitzaile dauzkatenak. Sarrerak salgai jartzen dira, eta hamar minutuan amaitu. Hori hor dago. Gu ez gaituzte onartzen hor, baina guk badaukagu gure mundua, eta gure munduan badaukagu lekua. Hain inportantea da niretzat bizirik dagoen zerbaitetan aritzea... Guk ez ditugu hamar minutuan milaka sarrera salduko, baina herri musika bizirik dago.
Zer erronka gelditzen zaizu egiteko?
Soinu tresnak Euskal Herriko musikan entziklopediarekin ari gara. Hirugarren liburukiarekin ari gara, eta laugarrena geratzen zaigu. Soinuenea txokoaren egoitza berria ere gauzatuko dela ematen du. Eta, momentu honetan, saiatzen ari naiz hor dagoen materiala ahalik eta txukunena gordetzen, dokumentatzen: «Grabazio hau hemen egin genuen, pertsona hauek ziren...» informazio hori guztia ondo gordetzen. Eta, hortik aparte, gustatuko litzaidake jarraitzea ahal den neurrian proiektu musikal berriekin.
Herri musikak bizirik jarrai dezan?
Bai, eta horrekin guztiarekin gozatzen, ahal den neurrian.