Toban ehortzirik (I). Eduardo Osa Santibañez

«Guardia zibilak berbertatik sartu zion tiroa Etxebarrietari»

Graham Greenek gidoia idatzi, eta zinemagintzaren historiara iragan den filma egin zuen Carol Reedek 1949an: 'Hirugarren gizona'. Orson Welles, Joseph Cotten, Alida Valli... 1968an ere Tolosako Bentaundin Txabi Etxebarrieta hil zutenean, bazen 'hirugarren gizon' bat, guztiaren lekuko isil-gorde. Ibarran ehortzirik dautza haren hezurrak. Haren egia, aldiz, haizea bezain libre dabil.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Ibarra
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Txabi Etxebarrieta zein izan zen gogorarazi beharra dagoen ez dakit...

Garaian, behintzat, haren berri ez zuenik ez zen. Are gutxiago Tolosan. Txabi Etxebarrieta ezaguna da ETAren lehen heriotza eragin zuelako, Jose Pardines guardia zibila hil zuen Adunan. Era berean, ezaguna da bera izan zelako guardia zibilak hil zuen lehen etakidea. Eta, bestalde, Etxebarrieta bazen nor. ETAko liberatua zen, eta bilbotarra izanagatik ere, Gipuzkoako kideen ardura zuen. Gauza gehiago… 1966an ETAk bosgarren biltzarra Gaztelun egin zuenean, buru zen Etxebarrieta. Ordu arte, ETAk sabotaje ekintzak eginak zituen, kideak armetan trebatzen ere jardun zuen, baina artean ekintza armaturik ez zen izan. Iñaki Sarasketa ere ETAkoa zen; oiartzuarra, 19 urteko gaztea.

1968, ekainak 7. Txabi Etxebarrieta eta Iñaki Sarasketa Donostiatik Beasainera zihoazen Seat 850 Coupe lapurtutako batean…

Eta gertatu zen N-1 errepidean obretan zeudela. Etxebarrietak eta Sarasketak Aduna aldetik hartu behar izan zuten eta, han, trafikoa zaintzen ari ziren bi guardia zibilek geldiarazi egin zituzten. Lapurtutako autoa zela sumatu, nonbait ere, eta guardia zibiletako bat, Jose Pardines, kapotarenazpian begira hasi zen bastidore zenbakiaren bila. Txabik ez zion tankera onik eman, eta, orduan, autotik irten eta tiroz hil zuen guardia zibila. Arratsaldeko bostak eta erdiak ziren. Ziztuan eskapatu ziren handik. Eta Tolosara etorri ziren. Arriarango gasolindegi ondoan autoa utzi eta Izaskun aldera egin zuten oinez. Handik gure etxera jaitsi ziren, Berazubira. Hantxe ginen nire emazte Juli Alijostes eta biok.

Lehendik ezagutzen zenituzten?

Sarasketa ez, baina Etxebarrieta bai. Jokin Gorostidiren bitartez ezagutu genuen. Gorostidi geure herrikoa genuen, Tolosakoa, eta ETAkoa. Harekin harremana zuen nire koinatuak, Gregoriok [Alijostes], lanetik, eta mendira elkarrekin joaten zirelako ere bai. Garaian, ETAk propaganda zabaldu besterik ez zuen egiten, gazteak biltzeko asmotan. Gu ere Gorostidiren lagunak ginen; emazte Juli eta biok, esan nahi dut. Are gehiago, Txabi Etxebarrieta ere ezagutzen genuen.

Hura ere bai?

Eta nola ez, bada! Gorostidiren bidez! Etxebarrietak bazekien non bizi ginen, eta Adunakoa eta gero halaxe etorri zen gure etxera. Sarasketarekin batera, alegia. Baina poliziak ere bazuen gure gaineko susmoa, eta ez zitzaigun iruditu gure etxean seguru zeudenik. Orduan, Julik esan zien onena zutela Ibarran ezkutatzea, haren gurasoen etxean, han seguru egongo zirela. Hasieran baietz, baina laster ezetz Etxebarrietak, Lazkaora joan behar zuela. «Kontaktu bat dut han, eta hemen baino hobeto egongo naiz Lazkaon». Nik, berriz, eramango nuela esan nion. «Baina kontuz ibili behar dugu, honezkero guardia zibilek jarriak izango dituzte kontrolak». Eta gogoan dut Txabik ezetz esan zidala: «Baita zera ere! Horiek kontrolak jartzen dituzteneko...»

Eta Lazkaora eraman zenituen?

Ez, bada! Abiatu bai, baina ez ginen heldu, Bentaundin geldiarazi gintuztelako. Neu nintzen gidari, Etxebarrieta nuen ondoan, eta atzean, berriz, Sarasketa. Laster esan zion Etxebarrietak Sarasketari: «Eta, behar baldin bada, erabili pistola!». Eta Sarasketak ezetz: «Pistola erabili nik? Ezta pentsatu ere!». «Orduan, emadak, alferrik daukak-eta!». Baina ez zion eman, hala ere. Kontuan hartu Sarasketak 19 urte zeuzkala, gazte-gaztea zen. Etxebarrieta ere gaztea, baina 23 urtekoa.

Bentaundin geldiarazi zintuzteten...

Bai, guardia zibilaren kontrola. Eta, jakina, altoa eman ziguten. Eta Etxebarrietak esan zuena: «Arin irtengo naiz autotik. Gerrian daukat pistola, eta, guardiak, aldiz, zorroan sartuta edukiko du. Berak ateratzen dueneko, guardiak mendean izango ditugu». Eta, halaxe, atera zen Etxebarrieta autotik: «Zer da hemen?», galdezka guardia zibilari. Baina hura ere ez zen, nonbait ere, ostiralean jaioa, eta zerbaiti igarri. Pistola ateratzen hasi ordez, Etxebarrietaren gainera jauzi egin eta heldu egin zion, besoen artean hartu zuen, preso, ez zezan batere mugimendurik egiteko modurik izan. Etxebarrieta ahula zen, eta guardia zibila, berriz, indartsua. Eta guardia zibilak, batak besteari: «ETAkoak dituk! ETAkoak dituk!».

ETAkoak dituk! Garaian bazen ETAren albisterik, beraz?

Bai, hainbat orri eta panfleto banatzen ziren. Asko, ETAren zigiluarekin. Hortaz, batek «ETAkoak dituk!» esan, besteak garrasiak aditu, eta aditu orduko, pistola atera eta tiro egin zuen autoaren kontra. Tiroak aurreko kristala hautsi zuen, baina, zorionez, balak ez gintuen jo. Urduritasuna, gurea, bizian inoiz ez bezalakoa! Sarasketa ziztuan irten zen autotik eta, tiro artean, Bidania aldera hartu zuen korrika. Guardia zibil hura, orduan, Etxebarrieta eta beste guardia zibilaren ondora hurbildu zen. Artean herio batean zeuden, guardia zibilak besoen artean harrapatuta baitzeukan Txabi Etxebarrieta. Bigarren guardia zibilak, orduan, pistola bi gorputzen artean sartu, arma jiratu eta tiroa sartu zion Etxebarrietari.

Pistola bi gorputzen artean sartuta?

Bai, arma jiratu eta berbertatik sartu zion tiroa. Ni autoan nengoen, artean, baina horixe ikusi eta aire! Autoa abiarazi, eta hanka egin nuen, ziztuan. Denok geunden urduri, gu ez ezik, baita guardia zibilak ere. Estutasunean, ez ziren ohartu zein auto mota zen ere. Ni, autoan, aurreko kristala hautsita… nora jo? Amezketara joan nintzen. San Martinen zebilen nire koinatu Gregorio [Alijostes], galeperretan. Gertatu zena kontatu, auto barruko kristalak garbitu eta berari utzi nion ibilgailua, konpontzeko. Hark Batista Galartzari esan, eta hurrengo egunean kristal berria ekarri zuen Donostiatik. Bentaundiko karroza-egileari agindu eta gure etxe aurrean bertan jarri zion berria.

Autoaren berririk ez zuten guardia zibilek.

Ez, bada! Arrastorik ere ez haiek! Dakidanez, Sarasketak alde egin zuenean, Bidaniara bidean zen auto bat geldiarazi zuen, pistolaz mehatxu eginda. Errezilera eramanarazi zuen. Han, bertako baten bati-edo esan, eta haiek, tartean zen herriko apaiza, beste aldera igarotzen lagunduko ziotela esan zioten. Iparraldera heltzen, alegia. Sarasketak ezetz esan zien, ordea, berak ez zuela okerrik egin, ez zuela zertan alde egin. Ez zuen mugaz bestaldera joan nahi.

Baina Iñaki Sarasketa Errezilen bertan harrapatu zuten guardia zibilek…

Diotenez, sakristaua ikaratu egin zen. Guardia zibilari, edo dena delakoari, Sarasketa hantxe zutela jakinarazi zien eta hurrengo egunean, goizeko seietan, harrapatu zuten Sarasketa. Bi egunean eutsi omen zion ezer esan gabe, nik alde egin nezan, alegia, baina badakigu zer diren poliziaren eta guardia zibilaren tratu txar eta torturak, eta azkenean nire izena eman zuen. Eta atxilotu egin ninduten. Baita nire koinatua ere, Amezketara joan nintzela, kristala aldatu genuela, eta gainerakoa esan behar izan bainuen. Esanarazi zidaten.

Esanarazi… Espainiar polizia eta guardia zibilen eskuetan ezer “esanaraztea” badakigu zer den...

Badakigunez! Joka eraso zidaten. Koinatuak esan zidan nire garrasiak aditzen zituela. Sekulakoak omen ziren. Edo kristorenak. Akabatu egin behar nindutela ematen omen zuen. Hurrena, Donostiara eraman gintuzten. Koinatua eta biok, esan nahi dut. Antiguako kuartel parte txarreko hartan izan gintuzten, eta han ere galanki eman zidaten. Jesusenak. Orduantxe, gorriak eta beltzak ikusi nituen. Okerrena, hurrengo egunean, Juli emaztea etorri zitzaidanean: «Hara nor dugun hemen! Julia Alijostes dugu-eta! Saltsa guztietako burruntzalia!». Halaxe, aizu! «Zu ere barrura!», esan zioten nire emazteari. Adore handikoa zen Juli, euskaltzalea, politikan konprometitua. Guardia zibilek bazuten Juliren berri.

Eta hura ere atxilotu zuten.

Bai. Julik esan zien ez zekiela hildako poliziarik izan zenik, eta egia zen, Txabik eta Sarasketak ez baitziguten Adunakoaz ezer esan, atzeko autokoek guardia zibilei tiroka eraso zietela besterik. Dena delakoa, ni Martutenera, eta Juli emaztea Jaenera (Espainia). Hiru hilabeteko salbuespen egoera ezarri zuen Francok. Koinatua, aldiz, libre utzi zuten, familiakoa zela, baina libre utzi zuten.

Zure bizipenaren lekuko bat ezagutu dugu berrikitan...

loba, inondik ere! Koldo [Alijostes]! Bizitzak liburuan idatzia duela badakit. Sei urte zituen garaian, eta Amezketako plazan zegoen, lagunekin jolasean. Idatzi duenez, autoan heldu nintzen, aurreko kristala txikituta, haien etxera sartu eta, berehalaxe, bere ama eta biok jaitsi ginela oroitzen omen da, autoa. Autoa hartu eta Amezketatik gorako auzora joan ginela, San Martinera, Gregoriorengana. Koldok idatzi duenez, berbertan ohartu zen oker larriren bat bazela han, nire aurpegia ikusi besterik ez zegoela.

Nola askatu zen hari mataza korapilo bihurria?

Ez zen giro izan. Bata bestearen atzetik etorri ziren zigorrak. Esan dudanez, lehenengo, neu atxilotu ninduten. Gero, Juli emaztea. Azkena, koinatua ere bai. Ilobak idatzi duenez, bere aita [Gregorio] atxilotu zutenean ere plazan zegoen, jolasean. Orduan ere guardia zibilen Land Rover berde haietakoa etorri omen zen, haien etxera sartu eta aita eskuburdinez lotuta atera omen zuten. Eta eraman, jakina. Ekaina zen, uda, herritarrak plazan zebiltzan, frontoian. Haien etxea herriko plazan zegoenez, jende guztiak ikusi omen zuen Koldoren aitaatxilotuta zeramatela. Jende guztiak. Eta, besteak beste, semeak, Koldok. Eta dio Koldok, oraindik, begi-ninian josita duela momentu hura, bere aita Gregorio eskuak lotuta preso eraman zutena. Hura ikusi eta gero, etxera igo omen zen, eta, han, negarrez ikusi omen zuen ama.

Zein izan zen zuen zoria, senar-emazteona?

Martutenen eduki gintuzten biok, zein bere hegalean. Burgosko prozesuan epaitu gintuzten biok. Hura eta gero, Jaengo kartzelara eraman ninduten ni. Manzanasen heriotzaren ondoko salbuespen egoerak sekulako errepresio jasa ekarri zuen. Noiznahi ziren miaketak eta atxiloketak. Hainbat jende hartu zuten preso, eta 56 behintzat Espainiara erbesteratu zituzten. Haietarik sei emakumezkoak ziren. Bat, Juli. Beste bat, gurean ezaguna, Txaramako Eugeni, Maria Eugenia Sarasola, Gaztelun atxilotua. Eugeni Albaceteko (Espainia) Molinicos herrira eraman zuten.Burgosko epaiketa eta gero libre atera zen Juli. Niri sei urteko zigorra egotzi zidaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.