Euskal umoregilea

Ana Goitia Erkiaga: «Gu garatzen ari garen moduan, umorea ere garatzen ari da»

'Katana' umorezko bakarrizketa luzea sortu du Ana Goitiak, kritikarako eta hausnarketarako egindako lana; Urretxun estreinatuko du azaroaren 7an.

Ana Goitia / Gorka Rubio, Foku
Ana Goitia. GORKA RUBIO, FOKU
Iratxe Muxika
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Telebistako platoetatik antzokietarako saltoa egin zuen Ana Goitia Erkiagak (Lekeitio, Bizkaia, 1981) orain lau urte, Barre Librea saiorako bere lehen bakarrizketa egin zuenean. Geroztik umorearen munduan aritzen da, eta asteon aurkeztu du bere lehendabiziko umorezko bakarrizketa luzea: Katana

Katana? Arma?

Oholtza gainean nahiko potentea naiz, ez naiz isiltzen eta ez naute isiltzen. Gauzak diren bezala esaten ditut, gordinki. Nire mingaina batzuetan katana bat bezalakoa da: zorrotza. 

Zaila da umorea egitea inork gaizki hartu gabe?

Ez da lehen bezala; lehen, umorea edozein gairekin egiten genuen. Umorea egiten zen egin behar ez zen gauzekin ere, eta normaltzat hartzen genuen: matxismoarekin, arrazakeriarekin, homofobiarekin... Zorionez, gauza horiek aldatu egin dira, eta, orain, gu garatzen ari garen moduan, umorea ere garatzen ari da; orain ez ditugu onartzen lehen onartzen genituenak. Dena den, egia da batzuetan umorea serioegi hartzen dutela batzuek, ahaztuta umorea dela. Geure buruari ere barre egin diezaiokegu batzuetan, ez? Mugak non dauden. 

Egonen da gairik ukitu ezin denik.

Edozein gai ukitu daiteke baldin eta inteligentzia nahikorik badaukazu hori ukitzeko. Edozein gai ukitu daiteke, baina jakin behar da nola. 

Zerk funtzionatzen du beti eta ongi?

Norbere buruari barre egiteak eta betiko topikoek. Barre errazek, alegia. Zeure buruari barre egiteak nolabaiteko segurtasuna ematen dio publikoari, eta eurek ere barre egiten dute. 

Katana-ren gibelean mezu bat egonen da, ez?

Bai, ordubeteko saioa da eta mezu asko daude atzean. Katana kritika bat da besteak beste, barre egitekoa baina hausnartzekoa. Identifikatuta sentitu daitezela nahi dut, edo, behintzat, pentsatzen jar daitezela: «Hori egiten ote dut nik ere?». Musikak ere leku handia du bakarrizketan. Egin ditudan bakarrizketa guztiek izan dute mezu argi bat atzean, eta bat baino gehiago askok. Beti izaten dut argi zertara noan eta zer eragin nahi dudan. 

Lehendabiziko aldia da ordutebeko saioa eginen duzuna?

Bai, eta bertigoa ematen dit. Egunak dira, noski; batzuetan handitu egiten naiz eta besteetan txikitu. Inor etorriko ote den pentsatzen dut. Lehenengo minutuan dagoeneko feeling-ik ez baduzu publikoarekin, ordubete luze joan daiteke. Baina, azkenean, jendea berotuz joaten da, eta egingo dugu zerbait. Oso gogotsu nago.

Gertatu zaizu feeling-ik ez edukitzea? Nola ematen zaio buelta horri?

Pasatzen da eta pasatu behar du. Nola eman buelta? Ba, txaloak eskatuta adibidez [barrez]. Katana atera eta eskatu txaloak. Naturaltasuna da hein handi batean: inprobisazioa. Sekula ez naiz geratzen bertan behera; beti gora, atera hortik. 

Buruan egitura argia izanen duzu, baina inprobisazioari ere utziko diozu tokia?

Ordubeteko saioa betetzeko eskema bat eduki behar da buruan, baina nik beti inprobisatu dut asko; inoiz ez zaizkit bi entsegu berdin ateratzen. Publikoak ere eragiten du horretan; eta egunak, eta norbere egoerak...

Komedia, taldean edo bakarka?

Aritu naiz binaka, launaka... Inguruan laguntasuna sentitzen dut, eta zoragarria da hori. Oso pertsona soziala naiz, eta asko gustatzen zait jendearekin inguratuta egotea. Ez dut probatu hainbeste denborako saio bat bakarrik egitea; egin izan ditut motzagoak, eta apur bat gogorrak dira. Euskal Herrian ez dago emakumerik bakarka eta euskaraz aritzen denik komedian; eta, hori ikusita, neuk egitea erabaki nuen. 

Norbaiten aitzinean egin duzu Katana?

Etxekoekin bakarrik. Azken aste hauetan probak egiten arituko naiz, lagunekin eta etxekoekin.

LOTSABAKO

Umoregile bat?
Silvia Abril.

Oholtza bat?
Lekeitioko zinema.

Zuretzat gai eroso bat?
Lodifobia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.