Terexa Lekunberri: «Gu denak kate baten eraztun ttipia gara; ahozko bilketa lanari esker ohartu naiz horretaz»

Lekunberri 35 urtez aritu da Euskal Kultur Erakundean lanean, ondare eta etnologia sailetan. 2025eko maiatzean erretreta hartuko du.

Terexa Lekunberri, Euskal Kultur Erakundeko kide eta euskal etnopoloa, aste honetan, Uztaritzen. PATXI BELTZAIZ
Terexa Lekunberri, Euskal Kultur Erakundeko kide eta euskal etnopoloa, aste honetan, Uztaritzen. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Uztaritze
2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Baigorri eskualdeko (Nafarroa Beherea) emazteei buruzko doktoretza tesi bat aurkeztu ondotik, 1992an Euskal Kultur Erakundera sartu zen Terexa Lekunberri (Donibane Garazi, 1962), ondare eta etnologia sailetan. 2007az geroztik, ahozko ondarearen bilketan aritu izan da, Ipar Euskal Herriko adineko jendearen grabaketak eginez, memoria kolektiboa biltzeko helburuarekin; Euskal Herrian «historia ttipia» egin duen jende «xumearen» bizipenak gordetzeko. EKEn 35 urte pasatu eta gero, erretreta hartuko du hurrengo urteko maiatzean: «Nahiko nuke nire hurrengoek tirria, enbeia, gutizia, gura ukan dezaten. Espero dut nik transmititzen ahalko diedala».

1962an sortu zinen, Donibane Garazin, eta Ortzaizen handitu zinen, Nafarroa Beherean. Zure haurtzaroari pentsatzen duzularik, zer irudikatzen duzu?

Etxea ikusten dut. Mendian den laborari etxe bat ikusten dut. Ortzaizeko Haize-mendi kartierrean handitu nintzen, herritik 500 metro goratasunera. Familia bateko laugarren haurra nintzen, bi mutil eta bi neska ginen. 1960ko hamarkadan handitu nintzen, eta garai hartan, familiak elkarrekin bizi ziren; etxean zortzi ginen: aitatxi-amatxiak, aita-amak eta lau haurrak.

Zein izan dira zure haurtzaroko erreferentzia nagusiak?

Familia eta etxea izan dira ene erreferente inportanteenak. Hurbileko familiakoak aipatu ditut, baina, guretako, hori baino anitzez zabalagoa da familia; familiak dira etxe horretan sortuak ziren aitzineko belaunaldikoak ere. Oroitzen dut etxeko atea beti irekia zela. Etxea usu betea zen opor edo asteburu garaietan. Amaren, amatxiren haurrideak beti bisitan genituen. Amatxi eta ama etxe horretakoak ziren; gizonak ziren kanpotik jinak. Etxea ez zen bakarrik enea edo gurea, denena zen; gure aitzinekoena ere bazen, eta heldu direnena ere izanen da. 

Etxea eta familia izan dira zure erreferentzia garrantzitsuenak. Besterik ote duzu?

Euskara ere erreferentzia bat izan da, nire ama hizkuntza da, beti nirekin izan da, eta betirako izanen da. Beste erreferentzia bat mendia izan da. Mendian bizi nintzen, eta bertan gogoan dut auzoen arteko elkartasun hori; herrira guti jausten ginen, eta jausten ginelarik auzokoei galdetzen genien zerbaiten beharra zutenetz. Elkartasun horretaz ongi oroitzen dut.

«1970eko eta 1980ko hamarkadetan gaitzeko berpizte politiko, kultural eta ekonomikoa izan zen Ipar Euskal Herrian. Nire euskaldun kontzientzia eta kontzientzia politikoa hor sortu zen»

Nerabezaroan zure kontzientziazio politikoa garatu zen, herriko hainbat dinamikari esker.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan gaitzeko berpizte politiko, kultural eta ekonomikoa izan zen Ipar Euskal Herrian. Nire euskaldun kontzientzia eta kontzientzia politikoa hor sortu zen. 15 urterekin, Baigorriko Arrola dantza taldean eta Basaizea kultur elkartean sartu nintzen. Orduan gertakari latzak baziren, eta gu horren lekuko ginen; horrek galderak sortzen zizkigun. Testuinguru horrek moldatu ninduen.

Herritik hurbil egin zenuen zure eskola ibilbidea. Baina goi ikasketak Bordelen egin zenituen, Okzitanian.

Jitez literarioa naizela erranen nuke. Bordelen Filosofia ikasi nuen hasiera batean, eta ondotik Antropologia ikasketak egin nituen. Ez nuen ene burua aski sendo sentitzen filosofiako kontzeptuekiko, heldutasun eskasa nuela sentitzen nuelako.

Zerk erakartzen zintuen antropologia gaian?

Antropologiak ematen zidan aukera beste zerbait ikusteko, munduan gaindi diren lekuez ikasteko, eta horrek nire mundutik aterarazten ninduen. Filosofia ez bezala, bururaino segitu nituen Antropologia ikasketak, eta, 1990ean doktoretza tesia aurkeztu nuen.

Bordeleko bizia nolakoa izan zenuen?

Han indiano bat bezala sentitzen nintzen. Lehenik eta behin, ene azentuari ohartuak ziren, bistan dena. Beraz, ez nintzen ausartzen ahoa irekitzera hastapenean. Beste gauza interesgarri batez ohartu ziren: mintzatzera ausartzen nintzen aldi bakanetan, beti ‘gu’ izenordaina erabiltzen nuen: ‘guk hori egiten dugu’, ‘gu ere...’. Bordelekoek beti galdetzen zidaten noren erreferentzia egiten nuen ‘gu’ erabiltzean. Enetako bistakoa zen, ohitura bat da; ‘gu’: familia baten, kultura baten, talde baten ondorioa gara. Ni ez naiz existitzen besteak gabe; ez naiz existitzen ene komunitatea gabe, ene familia gabe, hazi eta hezi ninduten horiek gabe. Eta momentu hartan horretaz ohartu nintzen, inkontzienteki banekien. Fakultate munduak ere markatu nau, berezia zen.

Berezia, zein zentzutan?

Tesiaren aurkezpenaren egunean, epaimahaikoek erran zidaten: ‘Ikusiko duzu, orain beste mundu batera sartuko zara’. Tesi bat aurkezteagatik norbait bilakatuko banintz bezala. Gogoan atxiki nuen intronizazio hori. Sinetsarazten dute lana baino lehen ez zarela nehor, eta orain norbait bilakatzen zara. Harritu ninduen; frantses unibertsitate sistemari lotzen dut hori.

Euskal emazteak eta jendarte garaikidea: Haustura eta jarraipena. Euskal Herri barnealdean burutu ikerketa: Baigorri inguruak izena du aurkeztu zenuen tesiak. Zehazki, zer aipatu duzu tesian?

Orain, historia zaharra da tesi hori. Hiruzpalau urteko lana izan zen. Handitu nintzenetik garai hartara arte, ikusi nuen familiaren egitura aldatzen ari zela. Lehen, familiak elkarrekin bizi ziren, eta hori aldatzen hasi zen. Nik emaztearen presentzia eta bilakaera aztertu nahi nuen eboluzio horretan. Emazteak non eta nola egiten zuen bere lekua, eta zein ziren aldaerak. Baigorri aldeko emazteak ikertu nituen; 20 eta 80 urte bitarteko emazteak galdekatu nituen. Nihaur emaztea izanez eta Baigorri aldekoa izanez, aldaketa hori miatzen hasi nintzen. Etxez etxe egin nuen, emazte guziak elkarrizketatu nituen: laborariak, langileak... Tesia egin baino lehen ere, Ipar Euskal Herriari lotuak diren beste hainbat lan egin nituen: toberei buruz, etxaldeei buruz, etxaldearen transmisioari buruz...

Tesia bukatu eta gero, Euskal Herrira itzuli zinen, eta lehen pausoak eman zenituen lan munduan.

Betidanik banekien herrian bizi nahi nuela. 30 urterekin Euskal Kultur Erakundean sartu nintzen; horiek izan ziren ene zinezko lehen pausoak lan munduan. Pretentsiorik gabe sartu nintzen, dena ikasteko bainuen; ez da egia unibertsitateak formatzen duela lanerako. Ikasketen ondotik oraindik dena ikasi beharrekoa da. EKErena biziki esperientzia ederra izan da. Berez, ondarearen gidaliburu bat sortzeko sartu nintzen, 1992ko maiatzean. Gidaliburuaren helburua zen euskal ondareari buruzko informazioa biltzea, jendeak eskura ukan dezan. Behin liburua finitua, ondarearen eguna antolatzea erabaki genuen Irisarrin [Nafarroa Beherea]. Eta, hortik landa, ondarearen batzorde baten sortzeko ideia piztu zen. Hori izan zen EKEn pasatu ditudan lehen hamabost urteak. Ondare munduaren saretzea, koordinatzea, batzordearen animatzea eta administrazioarekin loturak egitea zen ene ardura.

2007. urte aldera, ahozkoaren bilketa egiten hasi zineten. Nondik jin zitzaizuen lan hori egiteko ideia?

Urte hartan, Iruñeko unibertsitate publikoa eta Iruñeko fundazio pribatua jin zitzaizkigun; goi nafarreraren ahozko memoriaren lanketa bat hasi zutela erran ziguten, eta proiektua Baxenabarrera hedatu nahi zutela proposatu ziguten. Onartu genuen, eta diru laguntza bereziak xerkatzen hasi ginen proiektua abiatu ahal izateko. Gure lehen entsegua Amikuze eskualdean egin genuen, eta hamar lekuko grabatu genituen. 2008an beste hogei filmatu genituen, beti Amikuzen. Momentu horretan gure bilketaren metodologia landu eta finkatu genuen; Iruñeko lagunek egin zuten lanari esker inspiratu ahal izan genuen. Eta 2009an gure proiektuak ezagutza publiko zabalago bat lortu zuen; finantzamendu publiko bat sartu zen.

«Ikusi nuen familiaren egitura aldatzen ari zela. Lehen, familiak elkarrekin bizi ziren, eta hori aldatzen hasi zen. Nik emaztearen presentzia eta bilakaera aztertu nahi nituen eboluzio horretan»

Proiektuak zer bilakaera izan zuen?

2009an, artean, gure lanaren jaun eta jabe ginen. Hortik goiti, gure lanaren egile bilakatu ginen, baina biltzen genituen lekukotasunak ez ziren gehiago gure jabegoa: Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren jabegoa ziren. Data horretatik honat, Eleketa programa egin dugu departamenduarekin partaidetzan, eta, bereziki, Baionako artxibo poloarekin. Lekukotasunak hartu eta gero, programa baten bidez tratatzen ditugu, artxiboetan egon daitezen eta kontsultagarri bilaka daitezen.

Azken urteetan, ahozko bilketa horiek beste formatu batzuetan eskaintzen dituzue.

Garrantzitsua iruditzen zaigu gure proiektua ezagutaraztea publiko zabalari. Artxiboez gain, Mintzoak.eus plataforma numerikoa ere badugu, zeinetan agertzen diren lekukotasunen pasarte batzuk. Eta, berriki, erakusketa ibiltariak antolatzen ditugu; hasi ginenetik hamar bat erakusketa egin ditugu. Azkenak Oztibarre-Iholdi eskualdeko [Nafarroa Beherea] lekukotasunak azaltzen ditu; Larzabalen [Nafarroa Beherea] erakutsi dugu, eta orain Irisarriko ospitalean da, bi hilabetez. 

2027an, hogei urte beteko ditu ahozko bilketaren proiektuak. Hamazazpi urtez, Ipar Euskal Herrian gaindi aritu zara. Zer ikasi duzu bizipen horretarik?

Ireki zaidan ate biziki ederra da proiektua, ate berri bat. Hasieran, ez nekien norat eramanen ninduen ate horrek; epe laburreko proiektua izanen zela uste nuen, baina, begira, kasik hogei urte berantago, segitzen du! Hogei urteko ahozko bilketan aritu gara! Esperientzia horrek aukera eman dit maite nuena lanbide bilakatzeko, hori baita etnografia: jendearen bizipenak biltzea, haien bizipenetan murgiltzea. Proiektu horrek xarma berezia du. Herri honen historia egiten duten jende xumeekin harremanetan sartu gara. Badira balio duten pertsona franko itzalean egoten direnak, eta gure helburua da itzaletik argitara ateratzea pertsona horiek. Ez genituen baitezpada pertsonalitate handien potretak egin nahi, baina eguneroko jende horren istorioa bildu nahi genuen. Eta horrek umiltasuna ekartzen du. Gaztea zarelarik, uste duzu zuk duzula mundua eginen, eta bistan da, hein batean, zuk duzu munduaren parte bat egiten; nik horiek grabatu ditut. Gu denak kate baten eraztun ttipi-ttipia gara. Ahozko bilketa lanari esker, horretaz ohartu naiz. Historiaren eta biziko zinezko dimentsioa neurrarazten dizu. Beti bada historia ttipia egiten duen jende franko.

2025eko maiatzean zure postua utziko duzu. Zure hurrengoari zer transmititu nahiko zenioke? Zer aholku emanen zenioke?

Ez etsitzea eta jarraikia izatea erranen nioke. Jarraikia izatea garrantzitsua da bizirako. Kementsua ere izan behar da. Xantza ukan dut, hasieratik maite nuen zerbait egiten dudalako, eta espero dut indarra eta kemena transmititu ahalko dudala segida hartuko duenari. Halere, uste dut jarraipen kontzeptua galtzen hasten dela, ez dut uste kontzeptu horrek ber zentzua duela egun; behintzat, jarraipenak ez du gehiago nik ematen diodan zentzu bera, eta beharrik! Gauzak beti aldatzen dira. Eta gauza horiek guziak interesgarriak dira: hori da etorkizuna. Eta horrekin egin behar da. Nahiko nuke tirria, enbeia, gutizia, gura ukan dezaten. Badakit ukanen dutela! Eta espero dut nik transmititzen ahalko diedala; behintzat, nire asmoetatik bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.