Groenlandia baso oparoa zen

Duela bi milioi urte klima izoztuetako eta epelagoetako animaliak elkarrekin bizi zirela ondorioztatu dute, orain arteko DNA laginik zaharrena sekuentziatu eta gero

Mastodonte baten hezurdura, Historia Naturalaren Amerikako Museoan, New Yorken. AMNH.
jakes goikoetxea
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gaur egungo Groenlandiaren iparraldea ikusita, guztia izotzezko geruza batek estalia, mortua, bakartia, bertan bizi ahal izateko baldintza gogorrekin, nekez irudika daiteke animaliaz eta landarez betetako eremu bat. Baina duela bi milioi urte, tenperatura epelagoa zenean, animaliaz eta landarez betetako eremu oparoa eta joria zen Groenlandia iparraldea. Hala erakutsi du bertako duela bi milioi urteko DNAk (azido desoxirribonukleikoa), inoiz sekuentziatu den DNArik zaharrenak. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Groenlandiako ipar-ekialdeko lurretatik, sedimentuetatik atera dute DNA, Kap Kobenhavn deitutako leku batean, Groenlandiako iparraldean. Bertako permafrostetik, izoztutako lur geruzatik. Mastodonteen, elur oreinen, antzaren eta karraskarien arrastoak aurkitu dituzte material genetikoan. Baita karramarroak eta algak ere. Animalia haragijalerik ez. Zuhaitzen eta landareen artean, urkiak, makalak, garoa eta goroldioa.

Alegia, leku eta denbora berean bat egin zuten klima hotzetako eta epeletako animalia espezieek. Eske Willerslev Kopenhageko Unibertsitateko GeoGenetics zetroko zuzendari eta paleogenetikariak gidatu du ikerketa. Haren esanetan, gaur egun ez dago ipar poloko baldintzetan eta klima epelagoetan bizi diren animalien halako nahasketarik.

«Izaki biologikoen malgutasuna erakusten digu benetan», azaldu dio Willerslevek BBCri. «Guk uste baino leku gehiagotan bizi zitezkeen, eta guk uste baino animalia gehiago bizi zitezkeen elkarrekin».

Willerslevek eta taldekideek egindako ikerketak duela bi milioi urte Groenlandian zer eratako bizitza zegoen argitzen lagundu du. Izan ere, garai hartako animalien fosilak oso urriak dira, eta horrek zaildu egiten du orduko espezieen eta bizimoduaren berri izatea.

«Egia esan, Kap Kobenhavnen makrofosilen bidez aurkitu diren animalia bakarrak erbi baten hortz bat eta kakalardo pilotagile bat dira», Willerslev paleogenetikariaren arabera. «Beraz, jendeak ez zeukan arrastorik garai hartan zer nolako fauna zegoen bertan».

Ikertzaileentzat harrigarria izan da mastodonteen DNA aurkitzea, orain arte ez baitute halako animalien arrastorik aurkitu Groenlandian. Suediako ikerketa talde batek duela milioi bat urteko mamut baten genomaren zatiak lortu zituen Siberian, iaz. Ordura arte aurkitu zuten antzinako genomarik zaharrena zen. Zalantza zen ea DNA lagin zaharragorik aurkituko ote ziren.

Fosilen faltan, bestelako DNA azterketa mota batean oinarrituta egin dute ikerketa: inguruneko DNA edo eDNA. Eremu baten pilatutako edo metatutako DNA arrastoak aztertzen dituzte. Landareen edo animalien arrastoak izan daitezke. Kobazuloetan ere erabiltzen dute metodo hori, kobazuloetan bizi izan ziren gizakien edo animalien arrasto organikoak aurkitzeko: izerdia, odola, erditzeetan kanporatutako likidoak...

Groenlandia ipar-ekialdeko laginetako batzuk 2006an bildu zituzten, eta gordeta izan dituzte ordutik. Duela bi milioi urte inguru sortu zen lokatz eta hondar izoztutako geruza batetik hartu zituzten laginak. Ehun metroko geruza gogorra da.

Ez da erraza izan lurretik DNA ateratzea eta sekuentziatzea. Hasieran uste zuten ez zela posible izango material genetikoak hainbeste urte irautea. Willerslevek berak 2005ean ikerketa batean idatzi zuen ez zuela uste DNAk milioi bat urte baino gehiago iraungo zuenik. Orain duela bi milioi urtekoa lortu eta sekuentziatu dute. Urteak behar izan dituzte teknikarik egokiena aukeratzeko.

17.000 milioi DNA zati

DNA laginen azterketa iraultza eragiten ari da gaur egungo arkeologian eta paleontologian. Teknika berriak garatu ahala, informazio berria eskuratzen ari dira lagin zaharretatik. Hori gertatu da Groenlandiako laginekin ere. Laginak gordeak zituzten, baina urtez urte teknika berriekin aztertu dituzte sedimentuak, emaitzak lortu arte. Ikerketaren eta laginen azterketaren konplexutasuna erakusten duen datu bat: ia 17.000 milioi DNA zati sekuentziatu dituzte guztira. Horietako asko, jakina, mikroorganismo berriagoenak dira.

Zergatik iraun du duela bi milioi urteko DNAk? «DNA karga elektrikoa duten molekulak dira. Lurrean aurkitzen ditugun mineral askok ere karga elektrikoa dute. Beraz, DNAk bat egingo du mineral solidoekin, etan bat egiten duenean, gutxitu egiten da berezko degradazioa». Hori da Willersleven hipotesia. Beste leku batzuetan ere hori gertatuz gero, tresna garrantzitsua izan daiteke antzinako gizakiak, animaliak eta ekosistemak ikertzeko.

Gaur egungo lekuen eta paisaien iragana aztertzean, ezin dira gaur egungo begiradarekin begiratu, orduko baldintzak oso ezberdinak baitziren. Groenlandia gaur egun baino epelagoa zen, 11-19 gradu epelagoa batez beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.