Groenlandia, barnetik

BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa irabazi ostean, sariaz gozatzeko gogoz dago Iñaki Antiguedad: zortzi eguneko zeharkaldia egingo du Alpeetako izotz balkoietan.

Felipe Uriarte, Iñaki Antiguedad eta Martxelo Otamendi, sariak banatzeko ekitaldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ez nuen nahi bidaia kronika arrunt bat izatea. Ikusitako lekuek eragin zidaten sentipena eta hango jendearen bizimodua azaldu nahi izan dut». BERRIAk antolatutako Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketaren irabazle Iñaki Antiguedadek hala azaldu du iazko udan Groenlandiara egindako bidaiari buruz egindako kronikaren helburua. Kaallit Nunatt, zangoak gogoari jarraitzen dio jarri zion izenburua. Izan ere, naturazalea izanik, aspalditik zuen gogoa Groenlandiara bidaiatzeko. Merezi izan zuen. «Naturaren handitasuna eta edertasuna ikaragarria da, eta, geologoa izanda, beti erakarri izan naute halako lekuek. Antartikan, Islandian eta Artikoan egon izan naiz».

Antiguedadek asteazkenean jaso zuen saria, BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi eta Mendiak eta Herriak elkarteko arduradun Felipe Uriarteren eskutik. Elkarte horretako gidarien eskutik, Alpeetako Mer de Glaceko balkoietan —Mont Blanc mendi inguruan— zortzi eguneko zeharkaldia egiteko aukera izango du Antiguedadek, eta hango glaziarrak ezagutzeko; tartean, Mer de Glace ospetsua. «Aspaldi ez ditut kranpoiak jarri, eta gozatzeko gogoz nago». Zeharkaldia «ederra» dela esan du Uriartek. «Mont Blancen bihotzaz gozatzeko modua izango du».

Duela urte batzuetatik zuen buruan lehiaketan parte hartzea. «Azken urteetan, ordea, uda partean baino gehiago, neguan egin izan ditugu bidaiak. Hori dela eta, urrutiegi geratzen zen zerbait idazteko». Iazko udan, ordea, Groenlandiara joan zen bikotekidearekin batera, eta lehiaketaren iragarkia ikusi zuenean, aurkeztea erabaki zuen. «Oso leku erakargarria iruditu zitzaidan zerbait idazteko». Erronka bat ere bazen. «Unibertsitaterako zein prentsarako iritzi eta dibulgazio artikuluak idaztera ohituta nago. Baina mendi eta bidaia kronika batek badu bere idazkera propioa, eta horretan nola moldatzen naizen ere ikusi eta frogatu nahi nuen».

Hori buruan, bidaian zebilen bitartean notak hartzen aritu zen. «Normalean, gauez aprobetxatzen nuen: dendan geundenean. Egunak utzitako barne sentimendu eta sentsazioak idazten nituen». Itzultzean, nota horiekin osatu zuen kronika. «Guztia bildu, eta nahiko kronika luzea atera zitzaidan. Dezente moztu behar izan nuen».

Groenlandia kontraste handiko lekua dela nabarmendu du. «Hortxe ikusten dituzu nekazariak belar fardo handiekin, eta ondoan iceberg erraldoi ikaragarriak. Izugarria da. Bestalde, leku isila dela esaten da, baina icebergak mugitzen entzutea ikaragarria da. Burrunba oso handia da». Hidrologo moduan gozatu egin du. «Ez daude erreka asko, baina hain desberdinak diren glaziarrak ikustea oso aberasgarria da».

Klima aldaketaren ondorioz inuiten bizimodua zenbat aldatu den ikusi ahal izan du. «Arrantzaleak ziren garai batean, baina nekazari eta artzainak dira egun. Haien bizimoduak artikulu bat idazteko modua ematen du. Etengabe burua bor-bor duzu, haien bizimoduan pentsatzen. Ekonomikoki Danimarkarekiko dependentzia handia dute, baina politikoki burujabe izan nahi dute. 2021erako dute egina eskaria».

Sari banaketa eta Iñaki Antiguedadi egindako elkarrizketa ikusteko: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.