Gripearentxerto unibertsala. Horixe lortu nahi du Pennsylvaniako Unibertsitateko ikerlari talde batek. Birusaren kontrako hogei aldaeratatik babesten duen txerto bat probatu dute karraskariekin eta hudoekin (Mustela furo), eta emaitza onak bildu dituzte. Horretarako, COVID-19tik babesteko zenbait txertok erabilitako teknologia berritzaileaz baliatu dira: RNA mezularian oinarritzen dena. Oraingoz emaitzak onak izan diren arren, bide luzea du aurretik.
Oraindik klinika aurreko fasean dago. Ikusi beharko da txertoak aurrera egiten duenetz heldu diren urratsetan. Science aldizkarian argitaratu dituzten emaitzen arabera, txertoa paratu dieten karraskariek hogei griperen kontrako antigorputzak sortu zituzten, eta immunitateak gutxienez lau hilabete iraun zuen. Gizakiei eragiten dieten birusak gutxiago badira ere, gainerakoak zirkulazioan daude beste ugaztunetan eta hegaztietan.
Gripearen kontrako txertoei buruzko ikerketa gehiago daude. Honako honetan nabarmentzekoa da erabiltzen duen teknologia, COVID-19 pandemiaren esperientziaz baliatu baitira. «Zientziaren ikuspegitik jakin-min hori egotea ona da, eta lehen genituen mugak gainditzeko aukera ematen digu», uste du Jesus Castilla epidemiologoak. Bera da Nafarroako Osasun Publikoko Institutuan ikerlari nagusia gaitz kutsakorretan eta txertoen ebaluazioan. Izan ere, lehenbiziko aldiz probatu dute RNA mezularian oinarritzen den teknologia gripearen txertoa egiteko.
Orain arte gripearen txertoak lau birusi erantzuteko gai ziren, eta, teknologia horrekin, hogeiri erantzuteko aukera paratu dute mahai gainean. «Horrek asmatzeko aukerak handitzen ditu, eta seguruenik zentzu horretan erantzun zabalagoa lortu dezakete zirkulazioan egon daitezkeen birusen aurre egitwko», esan du epidemiologoak.
Aurrerapauso bat da ikerketa hori, baina zuhur jokatu behar da. Izan ere, gripearena ez da birus bakar bat; zenbait birus dira, eta bakoitza mutatzen da modu «anarkikoan» edo «ezustekoan». «Hori da zailtasuna, ez dakigula birusaren mutazioa nondik nora joanen den. Gainera, batzuetan esku hartzeak eragiten du mutazioaren bidea aldatzea: toki batean zailtasunak paratzen badituzu, aldaera horrek ez du aurrera eginen, baina tokia uzten diegu beste batzuei aurrera egiteko», azaldu du Castillak. Beraz, aipatu ikerketa bururaino ailegatuko balitz, errazago egiten ahalko litzaioke aurre afera horri.
Birusak DNAkoak edo RNAkoak izan daitezke. Lehenbizikoak egonkorragoak izaten dira, baina bigarrenen mutazio aukerak oso handiak dira. «Denek ez dute aurrera egiten, baina mutazio horietatik batzuek aurrera egiten dute, eta birusak abantaila lortzen du», azaldu du Castillak. Izan ere, homonukleotidoen sekuentzia dira RNAk, eta bat beste batekin aldatzean molekula pixka bat ezberdina sortzen da. Hori maiz gertatzen da, eta, gainera, birusaren erreplika oso agudo gertatzen da. Gripea horren adibide argia da.
Urtero aldatzen
Gripea pasatzean immunitate ona lor dezake gizakiak, baina immunitate horrek ez du behar bezain ongi babesten beste aldaeretatik. Horregatik, urtero aldatzen da gripearen txertoa. A eta B gripeek gaixotzen dituzte gizakiak, eta bakoitzak azpialdaera batzuk ditu. Hemaglutinina bertsio asko izan ditzake birusak, eta horrek zailtzen ditu gauzak, hura baita txertoen jopuntua. Urte bakoitzean ezin da jakin zein azpialdaera zabalduko den, eta haren burua mutatzeko tasa handia da. Azkenengo saiakerak hemaglutininaren zurtoina dute jopuntuan, antzekoagoa baita azpialdaeren artean.
Urtero txerto berria prestatzeak eta kanpainak egiteak baliabide, denbora eta lan handia eskatzen ditu. Horregatik lortu nahi dute immunitate luzeagoa eskain dezakeen txertoa. Castillak aipatu duenez, txerto bat baino gehiago egonen balitz, aukera egonen litzateke kasu bakoitzari egokitzeko. Gripeari beste modu batera aurre egitea ere ekar dezake txerto unibertsala lortzeak: «Hogei birus mota biltzeak eman lezake aukera bestelako txertatze pauta batzuk izateko, ez dadin izan urtean behin egin beharrekoa».
Claudia Arevalo Pennsylvaniako Unibertsitateko ikerketaren lehenbiziko autorea ikerketa lanaren alde mintzatu zen argitalpenaren ondoren egindako adierazpenetan: «Txerto hautagai honek arrakasta du, sistema immunologikoko zenbait arma biltzen dituelako. Zehazki, gure txertoak zenbait funtzio dituzten antigorputz mota ezberdinak sortzen ditu. Horrekin batera, zelula infektatuak deuseztatzen eta makrofagoak aktibatzen dituzten T linfozitoen erantzun ezberdinak bultzatzen ditu». Hala ere, onartu zuen oraindik ere gehiago ikertu beharko dutela.
Beste ikerketa lerro batzuk ere badaudela gogorarazi du Castillak. «Batzuk saiatzen dira bilatzen egonkorragoak diren gripearen birusaren antigenoak. Kontua da organismoarekin elkarreraginik handiena dutenak direla gehien mutatzen direnak». Hori dela eta, ez dituzte aurreikuspenak bete.
RNA mezularian oinarritutako teknologiak alde onak eta txarrak dituela azaldu du Castillak. «Gripearen txertoek izan duten muga bat da txita enbrioiak erabiltzen zituztela, eta horrek ekoizpena zailtzen du, tokia behar delako eta arrautza ekoizpen handi bat behar delako». Hori ez da gertatzen RNA mezularian oinarritzen diren txertoekin, «funtzio teknologikoagoa» dutelako. Aipatutako zailtasun horiek gainditzeko bidea izan daiteke teknologia berria.
Alde onak, alde txarrak
Horretaz gainera, teknologia berri horrekin egindako txertoek erantzun immune ona bultzatzen dutela aipatu du epidemiologoak. Gainera, aurrekoek ez bezala, hauek ez dute arazorik sortzen arrautzari alergia dioten pertsonekin. Baina baditu alde txarrak ere: «Zailtasun handi bat da txertoa gordetzeko behar diren baldintzak, hotz katearengatik».
Balizko txerto horrek izan dezakeen eraginkortasunaz hitz egiterakoan, Castilla ez da soilik aritu birusaren mutatzeko joeraz. Bada beste afera garrantzitsu bat: «Gripearen prebentzioa garrantzitsua da pertsona zaurgarrienentzat: gaixotasun kronikoak dituztenentzat edo urte asko duten pertsonentzat. Txertoak jende gaztearekin entseatzen direnean emaitza onak lortzen dira, baina ez dago immunodepresio handiko pertsonekin horrelako emaitzarik lortzen duen txertorik». Alegia, eraginkortasuna txikiagoa dela gehien behar dutenekin.
Nolanahi ere, Castillak argi utzi nahi izan du gripearen aferarekin egoera ez dela txarra: «Gaur egungo estrategiak ez du lortzen gripea deuseztatzea, baina efektu larri askori izkin egitea lortzen dugu. Esfortzu bat behar da:kanpainak prestatu eta jendea txertatzera bultzatu; baina eragina ona da». Txerto unibertsalaren ikertzaileen emaitzen arabera, haien txertoak ez luke infekziotik babestuko; bai, ordea, gaixotasunaren aldaerarik makurrenetatik.
Gripearen txerto unibertsala lortzeko bidean
Ezagutzen diren gripearen bertsioei aurre eginen dien txertoa lortzeko ikerketek emaitza onak eman dituzte karraskariekin eta hudoekin egindako probetan. RNA mezulariaren teknika erabili dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu