ATZEKOZ AURRERA

Greziatik apur bat gertuago

Periplo elkarteak eta Oiasso museoak antolaturik, jardunaldi grekoen VII. edizioa egin dute gaur Irungo museoan. Greziako kultura eta dantzak jendeari ezagutarazteko aukera bat izan da.

Ikastaroko parte hartzaileak, eskutik helduta, dantzetako batean. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
Irun
2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Hemen dagoen jende guztia ikastarora al dator?», esan du emakume batek Irungo (Gipuzkoa) Oiasso museoaren atarira iritsi orduko. «Hala dirudi; sartu beldurrik gabe!», erantzun dio Eñaut Urrestarazuk. Urrestarazu da ikastaroa zuzentzeaz arduratuko den pertsona;Greziako dantzen ikastaro bat emango du, hain zuzen.

Izan ere, Oiasso museoak eta Bilboko Periplo elkarteak antolatutako jardunaldi grekoen VII. edizioa da. Greziako kultura jendeari gerturatzea da egitasmoaren helburua, eta urtez urte ekitaldi desberdinak antolatzen dituzte. Aurten egin da bigarren aldiz Greziako dantzen ikastaroa, guztira bost ordukoa.

Ikastarorako prestatutako aretoan jendea sartzen ari da pixkanaka. Arropa eta oinetako erosoak janzten ari dira, ikastaroaren lehen zatirako. «Lehen aldia da horrelako ikastaro batera etortzen naizena», esan dio Eva Blancok alboan zuen kideari. «Euskal dantzak egindakoa naiz gaztetan, baina ez dakit dantza mota hauekin moldatuko naizen». «Lasai, uste duzun baino errazagoa da eta!», baretu du alboko emakumeak, hark ez baitu lehen aldia Greziako dantzen ikastaroetan.

Urrestarazuk badu esperientzia taldeak gidatzen, eta segituan jarri ditu parte hartzaileak korro batean, bere azalpenak entzuteko. Aita euskalduna badu ere, Belgikan hazia da, eta itzulpengintza ikasketak egiten ari zela izan zuen lehenengo hartu-emana grekoarekin. Hala, Greziara hizkuntza ikastera joaten zen bidaldietan, dantza ikastaroetara joaten zen. «Hizkuntzarengatik maitemindu nintzen Greziako dantzekin», azaldu die ikasleei.

Grezian ia biztanle guztiek dakizkite euren eskualdeko dantzak; «oso bizirik» dagoen zerbait da. Dantzak zirkuluerdi batean egiten dira, eta, garai batean, zirkuluerdi horren lehenengo postuetan herriko pertsonarik garrantzitsuenak egoten ziren, eta azken postuak ezkongabeentzat eta haurrentzat izan ohi ziren. «Gaur egun, norbait bere herritik kanpo bizi bada ere, lekua gordetzen zaio, itzultzen denerako», kontatu du dantzariak.

Oinarrizko azalpenen ostean hasi da dantzan taldea. Eskualdez eskualde leku bakoitzeko dantzak eginez joango dira. Pausoak pare bat aldiz errepasatu, denek eskutik heldu diote elkarri, eta musika jarri du Urrestarazuk.

Erritmo aldaketak

Dantza amaitutakoan, kideetako batek, txantxetan: «Denak hain errazak badira, segituan egingo dugu!». «Eskualde honetako dantzen erritmoa motela da, eramaten zituzten arropen pisuarengatik», nabarmendu du irakasleak.

Eskualdez aldatuz joan ahala, pauso berriak gehituz doaz, baita aldameneko kideari heltzeko moduak ere: eskuak gurutzatuta, sorbaldatik, eskuak gorantz jarriz... Erritmoa ere biziagoa da, eta geroz eta poztasun handiagoa ematen die parte hartzaileei dantza bakoitza amaitzeak. Horren erakusle dira bukatu osteko txaloak.

«Izerdi patsetan» amaitu dute saioa Joxe Rotetak eta Ana Sozaiak. Biei ala biei dantza gustatzen zaie, eta Europako herrialde ugaritako dantzen ikastaroetara joaten dira. Hala ere, Sozaiak gehitu du Grezia «exotikoa» iruditzen zaiola eta, behin hara egindako bidaia «luze» bati esker, izugarri gustatzen zaiola herrialdearekin lotutako edozer. Beste herrialde batzuetako dantzak jakinda, Rotetari dantzatzeko errazagoak iruditzen zaizkio Greziako dantzak: «erritmoan sartzeak ez du zailtasun handirik izaten, pausoak errazak direlako».

Indarrak berritzeko, parte hartzaileek Greziako platerez osatutako bazkaria izan dute, eta ondoren tailerraren bigarren zatia. Eguna borobiltzeko, hango musika tradizionalaz gozatu ahal izan dute, Oscar Antoliri eta Alexia Chrysomalliri esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.