Greziako mitologiako emakumeekin lotura estua du Bea Insa La Pacheca Collective taldeko antzezleak (Castello de la Plana, Herrialde Katalanak, 1974): jokatu izan ditu Medearen, Antigonaren eta Fedraren rolak, besteak beste, eta arketipo klasikoez baliatu izan da, bai haiek deseraikitzeko, baita haien galbahetik egunerokoari begiratzeko ere. Helena hartu du hizpide oraingoan, emakumeek sufritzen duten indarkeria eta estigmatizazioa arbuiatzeko: Helenas (de Troya, de Ucrania, de Santutxu...) antzezlana estreinatuko du bihar eta etzi, 19:00etan, Bilboko Fundicion aretoan.
Zer gaurkotasun du Helenaren arketipoak?
Arketipoak apenas eboluzionatu duen. Helena omen da emakume manipulatzailea, amarrutsua, anbiziotsua... Helenari beste ikuspuntu batetik begiratu nahi diogu, bere bizitzako hainbat pasarte auzitan jarri: haren erantzukizuna izan zen Troiako gerra, Homerok, historialariek eta beste hainbatek zabaldu zutenez? Benetan joan al zen Parisekin [Troiako printzeetako bat]? Nahi dugu Helenaren mitoa berreraiki, dokumentalaren eta mitoaren artean bidaiatu, eta gaur egunera arte etorri, Santutxura [Bilbo], indarkeria matxista oraindik badagoelako.
Troiako gerraren ardura egotzi izan zaio Helenari. Batzuetan, sufritzen duten indarkeriaren erantzule egiten dituzte emakumeak.
Bai. Emakume bat bortxatzen badute, lehenik eta behin zalantzan jartzen dute: nola zihoan jantzita, nondik zihoan... Helenarekin egiten zuten bezala. Izan ere, ikuskizuna hasten dugu Helena zuzenean errugabetzen. Motibo politikoek eragin zuten Troiako gerra.
Helenaren ustezko ihesa «desohorea» izan zen greziarrentzat. Ohorearen kontzeptuaz ere hausnartzen duzu?
Oso erlatiboa da. Adibidez, Medeak bere familia abandonatzen du, aitari —Kolkidako erregeari— traizio egiten dio, Jasoni emateko urrezko ahari larrua. Baina Medea Jasonekin maitemintzen da, eta lagundu nahi dio. Antigonak bere anaia ehorzten du, nahiz eta legeek kontrakoa ezarri, lege moralak hala egin behar dela diolako. Helena aske izaten saiatzen da: joaten den leku guztietan, baztertu egiten dute; harrikadaka hiltzen omen dute. Bizitza izugarria du.
Helenaren bakarrizketak ardazten du obra?
Hiru zati daude. Lehenengoan, Helenak berba egiten du, bere historia kontatuz beste ikuspuntu batetik. Gero, aktorea dago, gaur egungo egoeraz mintzo dena. Eta, azkenik, Helenarekin antzekotasunak dituzten pertsonaiak daude, zeintzuek indarkeria sufritzen baitute gaur egun, izan gerretan, izan etxean...
Antzerki klasikoan oinarritu zara, edo usadiotik aldendu nahi izan duzu, formari dagokionez?
Tira, lan nahiko garaikidea da. Baina Helenak hitz egiten duenean, klasikoagoa da. Beti dago joko bat antzerki fisikoaren, hitzezkoaren, ikus-entzunezkoen, musikaren, sinbolismoaren, egunerokoaren eta abarren artean. Lengoaia asko nahasten ditugu.
Zer toki du gerrak zuen lanean?
Ageri da: pertsonaietako bat Ukrainako emakume bat da. Zoritxarrez, gerrak beti du gaurkotasuna; Greziako mitologiak beti du gaurkotasuna, tragedia beti baitago gure bizitzetan.
Helenaren mitoaren aldaeretako baten arabera, egiaz ez zen Troiara joan, Parisekin mamu bat zegoen, eta benetako Helena Egipton zegoen.
Emakume baten gorputza borroka eremu gisa hartzen dute. Gerretan, emakumearen gorputza arma bilakatu da, sistematikoki, eta emakume horiek estigmarekin bizi behar dute gero: imajinatu, beste bandoko soldadu baten semea edo alaba eduki baduzu... Emakumeak lehen lerroan jartzen dituzte, nahiz eta gerra herrialdeen arteko kontu bat den, interesen artekoa, gizonen artekoa.
Helena justifikazioa da?
Noski. Troiarrak lanean esaten du Helenak berak [Euripidesen tragedia bat]: «Nire edertasunagatik maite naute, eta nire edertasunagatik gorroto naute. Kausa naiz, eta garaikurra naiz. Greziak koroa bat zor dit». Hari esker, aberatsagoak eta boteretsuagoak bihurtzen dira.
lotsabako
Pertsonaia mitologikoak?
Maite dut Greziako mitologia. Deseraikitzea gustuko dut, beste modu batzuetan ikustea. Adibidez, Medearen bertsio tradizionalago bat egin nuen, eta, Heiner Mullerren testu baten ondorioz, pertsonaia beste modu batera ikusten hasi nintzen. Baina guztiek dute beren diskurtsoa.Autoreak?
Klasikoak, Euripides eta Sofokles. Garaikideak, Yannis Ritsos, Christa Wolf eta Robert Graves.