Greziako irrati-telebista publikoa berriro zabalduko dute, bi urte ondoren

Erredakzioa
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
2013ko ekainean, Antonis Samaras presidentearen gobernuak Greziako irrati-telebista publikoa ixtea erabaki zuen, eta kalean gelditu ziren 2.595 langile. Greziako Parlamentuak lege bat onartu du —Syrizaren eta Greziar Independenteen babesarekin—, irrati-telebista publikoa berriz zabaltzeko. Kontratu mugagabea zuten 1.500 langile berreskuratuko dituzte, eta, langile gehiago behar izanez gero, lehiaketa publikoak antolatuko dituzte.

«Irrati-telebista publikoaren itzulera duintasun erantzun irmo bat da, demokraziaren garaipen bat», adierazi du Nikos Pappas Estatu ministroak. ERT taldeak 2013an zuen egitura bertsua berreskuratuko du, lau telebista katerekin —horietako bat nazioartekoa— eta hemeretzi tokiko irratirekin.

Talde publikoa berreskuratzeko onartu duten legeak dio informazioaren «independentzia» eta «pluraltasuna» behar direla, eta, bestetik, bermatu behar dela diru publikoa ez dela «alferrik xahutzen». «Komunikabide publiko ireki bat behar dugu, iraganeko patologietatik askea. Interes pribatuetatik independentea izan behar du», gaineratu du ministroak. Zuzendaritzako zenbait kidek zituzten kontratu «pribilegiatuak» desagertu egingo direla esan du gobernuak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.