Bidaia bat hasi aurretik beti izaten da gutxi gorabeherako ideia bat, irudi bat, postal bat. Greziak irudi zuri-urdin bat ekartzen zigun gogora: maindire leun baten gisako itsaso zabal baten ertzean, etxe horma zurizko kale estuak, kupula urdin biziz zipriztinduta. Irlaren bateko postala; Santorini edo Mikonoskoa, seguruenik. Baina argi genuen Grezian, irlez gain, bestelako paisaiak eta lurrak ere ikusi nahi genituela.
Bizitzako egoera gehienek bezala, bidaiek ere izaten dituzte egin beharrekoak, tramiteak, botika kaxan estu doblatutako instrukzioak; aireportuak. Boarding pass, check-in eta, zortea alde izanez gero, zulorik gabeko galtzerdiak polizien eskanerpeko desfilean. Badirudi baten batek mehatxu egin nahi ligukeela, abisu eman, ziur al zaude egin nahi duzula, hartu al dituzu bainujantzia, galtzamotzak, tiritak, xanpua 100 ml-ko potetxoan, xira badaezpada. Ulertzekoa da irribarre txikia ezkutatu nahian dabilen lasaitasun aurpegia, munduaren beste aldean. Garaipen arku txiki bat da eskanerrarena.
Gogoaren mapak
Atenas izan genuen gure bidaian lehen pausaleku. Synthagmatos plazako beroan utzi gintuen aireportutik zetorren metroak, atzean parlamentua eta parlamentuko guardia zapata-handiak genituela. Eta hasi ginen geure mapa osatzen: kafetegi eta taberna ederrak, uste baino berriagoak, munduko beste edozein tokitan bezala, hipstertuak; eraikin ederrak, eta aspaldi ederrak izanak, ia erorian, abandonatuta, zabar. Badirudi hondakinetara ohituta daudela atenastarrak; berdin toleratzen dituztela K.a. V. mendeko eraikinen arrastoak eta XX. mende hasierakoenak; edo garbizaletasunaren begi ordenazaleok ez dituztela berdin toleratzen hondakin batzuk eta besteak… Eta eraikin eder, eta eder izandakoen artean, hondakinen balioaren erlatibizazioa inondik ere eutsi ezin dezaketenak, sekula eder izan ez direnak, mundura halabeharrez sortuak. Baina dena ez da, noski, hormigoi bloke, diseinu kutre, halabeharraren fatxada. Anafi irlatik hiriburura lanera joan zirenek auzo bat eraiki zuten Akropoliaren magalean, egiten zekiten modura. Horri esker du egun Atenasek, erdigunean bertan, mendi sakratuaren gerizpean, irla batekoa izan zitekeen auzunea: Anafiotika. Irlatxo bat, hiriaren zabartasunean. Horma zuriak, ate eta leiho koloretsuak, kale estuak; itsaso usainik ez.
Eta han goian, hiriaren babesleku, eternitatearen agertoki, handitasunaren iparrorratz, Akropolia, goiko hiria. Ezinbestean tente, harro; harrizko eta harrigarri. Akropoliaren oinpera jaitsita, ezin uka, halako zirrara batez paseatu genuen Antzinako Agoran, Sokrates eta Platon ibili ziren hartan. Agertokia edukita, ezinbestean irudikatu genituen elkarrizketa luzeetan, Egia eder eta onaren peskizan; orain bezala, orduan ere krisi politiko, ekonomiko eta sozialetik ateratzeko bideren bat, metodoren bat, topatu nahian.
Postal ertzetakoak
Autoz ekin genion bidaiaren bigarren zatiari, Atenasko egonaldiaren ondoren. Hamaika egun genituen Greziako barnealdea eta Peloponeso ezagutzeko. Lehenengo geldialdia Delfosko santutegia genuen. Izenak berak berez bazuen halako kutsu magiko bat, baina lekuak gainditu egin zuen. Mendien arteko txoko batean kokatua, zer eta munduaren erdigunea. Hunkituta behatu genituen hango zutabe eta kapitel landuak, mendeen joana zutik eutsi duten harriak eta lurrera abaildutakoak, harlauzetan zorrotz eta estu idatzitako milaka hizki —zenbat esan nahi! zenbat esanbehar!—. Orakuluari ez genion galderarik egin, badaezpada, Edipori esandakoak gogoan, eta bidean aurrera jarraitu genuen hurrengo geltokirantz: Meteorarantz.
Bidaiaren hasieratik izan genuen inpresioa handitu egin zen Elatin, lotarako aukeratutako alpetar itxurako herritxoan: zein jatorrak eta atseginak greziarrak! Patxadaz eta atsegin handiz hartzen dute jendea, baita turista galdua ere. Goizean goiz, gosari ederra egin eta berriz ere bideari ekin aurretik, etxean egindako marmelada potetxoa oparitu ziguten pentsioko aitona-amonek. Guk efgaristume eta efgaristume, irribarre zabal-zabala aurpegian. Ez genion efgaristume askorik esan, astebete geroago, marmelada potetxoa kendu zigun Santoriniko hegaldiaren kontroleko langile zintzoari. Aireportuko eskanerrak ez dira beti garaipen arku… Meteorarako bidea, pentsiokoek gomendatuta, Pindo mendilerroa gurutzatzen duen errepidetik egin genuen, baso zabal artean. Eta hala heldu ginen gure harridurazko mendikatearen gailurrera: Meteorara: berez harrigarriak diren harkaitz tontor inposibleetan eraikitako monasterioetara.
Grezia barnealdeko mendizko bideari Ioanninak egin zion parentesia, laku bazterreko terraza eta zerbeza. Eta berriz Pindo mendietan murgildu ginen, Greziako ipar-mendebaldean, Albaniarekin mugan, Zagoria eskualdean. Eguna herritxo txikiak ikusten eman ondoren, bidaiako lehenengo euri zaparradak, ikaragarriak, egin zigun ongietorria Papigko herri xarmagarrian. Ekaitzaren ondoren, bare-bare eta fresko topatu genituen mendialdeko kale estuak, harrizko horma eta arbelezko teiladun etxeen artean, zigi-zaga, gora- behera. Gau guztiak aurretik lotuta izatearen soka motzegiak hurrengo eguneko ibilaldi ederra egiterik izan gabe utzi gintuen, eta beste baterako utzi behar izan genituen zortzi ordu inguruko Drakolimni lakurainoko mendi-buelta eta Astraka mendi-aterpetxeko bazkari ederra.
Mendi inguruak utzi —ez erabat; bai menditsua Grezia!—, eta joniar kostaldera egin genuen; Parga genuen hurrengo geltoki. Kostaldeko herri politenetakoa zela irakurri genuen guk eta beste hamar mila bat turistak; eta gehitu behar zaizkio, inongo gida edo webgunetan irakurri gabe ere, horren berri bazuten hogei mila bat greziar. Ikaragarrizko jendetza topatu genuen Pargan, eta horrela, ezinbestean, itsusiago agertu zitzaigun berez polita zen herria, han elkartutako bakoitzari edertasunaren zati txikiagoa tokatuko balitzaigu bezala. Costa Bravako herritxoren bat gogorarazi zigun: pinu txikiz zipriztindutako kostalde malkartsu gogorra; hondartza txiki goxoa, pasealekuak bilduta; pastel koloreko etxeak, pentagrama batean notak bezala —kortxeaerdiak, esan nahi baita—, gorabehera.
Pargaren ondoren, Peloponesoko olibondo eta laranjondoetan barrena, Monemvasiarantz abiatu ginen. Beste behin ere naturak eskainitako paisaia harrigarriari gizakiaren lana gehituta, leku miresgarria osatzen du Monemvasiak. Lurretik hari mehe baten modura lotzen du errepideak, behin lur naturalezkoa izandakoa, lurrikara batek desegina, berreraikiz. 350 metrora igotzen den harritzarra; horixe ematen du lurretik begiratuta. Baina harritzarraren hegal batean, lurretik ikusten ez dela, itsasoari eta itsasoa gurutzatzen zuten itsasontziei begira, herrixka bat dago. Greziako beste hainbat herritan bezala, ugariak dira batzuen eta besteen eraginak: bizantziarrek, veneziarrek, turkiarrek, denek utzi zuten arrastoa. Noizbait merkatarien eta eskulangileen herri izandakoak zutik iraun du neurri batean eta, pixkanaka, berreraikitzen ari dira. Jatetxe eta hotel, beste inperio batek eman die segida orain aurrekoei: turismoarenak.
Memoriarako postalak
Halako beldur batekin gindoazen irletara, —gehiegi— idealizatutako paradisuaren tenplua abailtzeko beldurrez. Errezeloz begiratzen genien, mesfidantzaz. Jende ugari ibiliko zela bagenekien gainera. Santorini genuen lehen geltokia; zertarako sartu pixkanaka ur hotzetan? Eta ez zigun huts egin: sumendi baten ahoaren bueltan eraikia, lur erre beltzean etxe zuriegiak kaka-pilan, turismoaren erupzio etengabean. Baina —eta hara sorpresa— gustura egin genuen bisitatxoa.
Santoriniko kasik tramitezko egonaldiaren ondoren, Sifnosera egin genuen bisita. Santorinik gainditu zuen idealizatutako izen handien itzalak jarritako langa hauskorra —ez justu-justu—; Sifnosek txiribueltaka pasa zuen, airean, altuera jauzia egin behar eta pertikakoa egin izan balu bezala. Eder-eder-ederra, halakoxea da Sifnos: urteak egun adina eliza koxkor, olatu itxurako mendixketan zabalduta; etxe zuri laukiak, han-hemenka, ate eta leiho urdinekin; Greziako irletan abuztuan espero ez genuen lasaitasun eta isiltasuna; itsaso leuna zelatan. Eta iragan galduari lotutako nostalgia guztiak aktibatuta genituela jakingo balute bezala, herriko agure pare bat, asto gainean, larre lehorretatik etxera bueltan. Maiteminduta utzi gintuen Sifnosek, eta irlei genien halako mesfidantza puntua erabat uxatuta.
Sifnostik Folegandrosera aldatu zen kontua. Sifnosen aldean txikiagoa da Folegandros, zakarragoa. Lehenengo begiratuan, maitaleak abandonatu berri, hoberik ez dela, urrezko garaiak amaitu direla uste duenaren gisan ikusi genuen: lehor, zakar, ezdeus. Baina Choran eta Kastron sartu orduko uxatu zitzaizkigun esperantza gabetuaren uste ezkorrak; maitaleak erraz topatzen ditu maitasun gosez dagoenak. Maitemindu gintuen Folegandrosek ere. Osagai berberak —etxe zuriak, leiho eta ate urdinak, kale estuak— baina beste ordena eta grazia batekin antolatuta; errezeta berri bat. Goxoa. Eta, ilunabarrean, berriz ere espektakulua: eguzki gorri arrosa laranja, lur arre errea, itsaso etzan zilarrezkoa.
Naxosera berriz ere maitaleak abandonatuta bezala heldu ginen, burumakur, hau hobetzerik ez dago, hain ederra ez da izango, eta, ai ene, bidaia bukatzera doa. Eta arrosa koloreko ilunabarrak bai baina arrosa koloreko mundurik ez dagoelako, Naxos ez da hain ederra, eta gure bidaiako azken geltokia ez zen izan hain xarmagarria.
Postalek egiatik izan ohi dute pixka bat, baina gezurretik gehiago. Postaletan kabitzen ez diren paisaiak eta egoerak eskaini dizkigu Greziak, askotarikoak; eta hankaz gora bidali sinplekeriaren binomio murriztaileak, faltsuak: Grezia-irlak, hondakinak-Partenoia, irlak-hondartzak. Horregatik maite ditugu bidaiak: mundu berriak irekitzen dizkigutelako eta, batez ere, mundu zaharrak puskatzen; memoriarako postal berriak biltzen dizkigutelako, egiatik pixka bat badutenak, baina gezurretik gehiago. Horregatik, otoitz egiten dugu, Kavafis gogoan, Ithakara itzultzeko bidaian (…) bidea luze izan dadin.
SERIEA. Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V). Grezia.
Grezia: memoriaren postalak
Postaletan agertzen ez diren paisaiak eta egoerak eskaintzen ditu Greziak: K.a. V. mendeko eraikinak, XX. mendekoak, itsasoa, uharteak eta mendi inguruak. Hauxe da BERRIAk antolatutako lehiaketako irabazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu