Greziatik etorri da Hibai Arbide (Barakaldo, Bizkaia, 1979) asteon, eta Iruñeko Zabaldi elkartean hitzaldia emateko aprobetxatu du bidaia. Kazetari aritzen da zenbait komunikabiderentzat, baita Muzungu ikus-entzunezko proiektuan ere. Grezian faxismoari nola aurre egin dioten azaldu du hitzaldian, hemen ere baliagarria izan daitekeelakoan.
Euskal Herrian ez litzateke faxismoa gutxietsi beharko?
Faxismoa mundu guzian berriro pizten ari den arrisku bat da, eta ez da inoiz ere gutxietsi behar; Grezian, duela hamar urte, uste zutenbazterreko gauza zela, eta, gero, kalteak oso handiak izan ziren.
Grezia zergatik izan liteke eredufaxismoaren kontra?
Maiz ez daukagulako garaipenen adibiderik. Grezian, oraindik eskuin muturra badago ere, mugimendu antifaxistak Egunsenti Urrekarari argi eta garbi irabazi dio. Herri mugimenduek jakin behar dute garaipenak onartzen, aurrera egiteko oso garrantzitsua delako. Bestalde, uste dut Grezia azkenengo hamarkadetan spoiler bat izan dela. Laboratorio politiko eta soziala izan da maila askotan.
Zein izan dira gakoak faxismoari irabazteko?
Lau estrategia nagusi egon dira: mobilizazio orokor eta askotarikoak; auzo eta herrietan mobilizazio txiki, baina etengabekoak; epaitegien bidez erakunde paramilitar hori oxigenorik gabe uztea; eta plataforma anitz eta ezberdinak sortzea, kalean modu ezberdinean erantzuteko: batzuk kaleko konfrontazioa ere egin dute, gorputza jarri dute faxismoaren aurrean, literalki.
Inboluzio garaia da?
Bai, noski. Gutxienez, hori aztertu eta eztabaidak bultzatzea beharrezkoa da, gutxieneko eskubide sozialak galtzeko arriskua argia baita.
Abokatu izateari utzi zenion kazetari izateko. Justizia egiteko beste modu bat zelakoan?
Ez horrenbeste. Epaiketa bat izan nuen, greba orokor batean atxilotutako zenbait kide epaitu behar zituztelako. Nire baitan gogo handiagoa nuen injustizia hori azaltzeko epaiketan parte hartzeko baino. Egia da, halaber, herri mugimenduen abokatua nintzela, eta ekonomikoki oso zaila dela hori mantentzea.
Zergatik joan zinen Greziara?
Maitasunagatik. Tira, ez hori bakarrik, 2014an arreta handia piztu zuen Syrizaren garaipenak, herri mugimenduak indar handia zuen, soziologikoki eta ekonomikoki Europako laborategia zen, beraz, leku aproposa zen kazetari izateko.
Orain, arreta tokiz aldatu da. Greziak ez du interesik?
Kazetaritzan ez nintzen pixkanaka joan; inpaktu handia izan nuen, esperientzia gutxirekin leku oso ikusgarrian nengoelako. Gero, arraroa egin zitzaidan arreta hori gabe lan egitea. Dena den, zortea izan dut, lau urtez TeleSur kateko berriemaile berezia izan naizelako, eta hark agenda propioa du. Errefuxiatuen krisia ere etorri zen; beraz, nik nahi nituen erreportajeak egiteko aukera izan nuen. Oso zoriontsu izan nintzen, hasiberritan, normalki, ez baituzu aukera hori izaten.
Zer ematen du agenda propioak?
Oreka oso zaila da, batzuetan kanpotik etortzen delako agenda, baina zure interesak zein diren jakin behar duzu. Oreka aurkitzen duzunean, nortasun ezberdina duzu.
Ahaztutako gerretara joan zineten. Arretagunetik at, orduan ere.
Arretagune diren gatazketan lan egitea, batetik, errazagoa da, baina, bestetik, interesgarriagoa da beste egoera batean joatea, jendeak bestela onartzen zaituelako, eskertuta.
Errefuxiatuen gaia aipatu duzu. Zer eman dizute lan horiek?
Aktibista zein abokatu moduan etorkin mugimenduekin lan egina nintzen Bartzelonan; beraz, oso naturala izan zen horri buruz hitz egitea. Interesgarria izan zen, emozionalki gogorra. Orain, errefuxiatuen egoera okerrera doa egunero.
Aktibismoa eta kazetaritza, biak eskutik helduta dira zure kasuan?
Panfletoak argi eta garbi behar du izan panfleto, eta kazetaritza zorrotza izan behar da. Ez dut objektibotasunean sinesten, baina zorroztasunean bai. Beraz, kazetaritzan aktibista izateari utzi behar diozu.
Lanbidea aldatu zenuenez geroztik, kazetaritzak zer eman dizu?
Mundua azalduz ez da mundua aldatzen, baina uste dut gauzak izendatuz errealitatea biltzen dela. Beraz, komunikazioa oso garrantzitsua da, mundua ulertzen dugulako mundua azaltzen dugun heinean.
Twitterren asko ibiltzen zara...
Hor ez dut kazetaritza egiten. Tira, nahasten da. Baina erreportaje bat edo txio bat ez ditut berdin egiten.
Zergatik baliatzen duzu hainbeste?
Jonki bati heroina edo kokaina zergatik erabiltzen duen galdetzea bezala da hori: adikzio kontua da. Uste dut interesgarria dela Twitter, baina adikzioa ez da ezkutatu behar. Gehiegi erabiltzen dut.
ATZEKOZ AURRERA. Hibai Arbide. Kazetaria
«Grezia azkenengo hamarkadetan 'spoiler' bat izan dela uste dut»
Arbidek uste du Greziako herri mugimenduak Egunsenti Urrekarari aurre egiteko moduen eredu izan daitezkeela. Abokatutza utzita, kazetari dihardu: «Kazetaritzan, aktibista izateari utzi behar diozu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu