Grapen artean eta zentsurarik gabe

Fanzineak indar handia dauka Euskal Herrian. 80ko hamarkadan goia jo zuen, eta nonahi ikus zitezkeen. Orain fanzine gutxiago badaude ere, hortxe segitzen dute. Bakarka edo kolektiboki egiten dira, eta hamaika material ezberdin erabil daitezke horretarako.

Hainbat fanzinerekin egindako collagea. BERRIA
Hainbat fanzinerekin egindako collagea. BERRIA
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Fan eta magazine hitzetatik sortu zen fanzine kontzeptua; izan ere, gai baten inguruko zaleek egindako liburuxka bat da. Baina zer da zehazki fanzine bat? Zaila da definitzen, ez baita definizio itxi batean kabitzen. Marrazkiz osatutako orri sorta bat izan daiteke, edo batere marrazkirik ez duena. Testu luzeak izan ditzake, edo testu gutxi eta argazki asko. Koloretan edo zuri-beltzean inprima daitezke. Orriak grapatu, josi, pegatu... Hamaika aukera eskaintzen ditu, eta forma aldetik oso librea da. «Zentsurarik gabeko bildumak» dira fanzineak, Eneka Fernandez artistaren ustez. «Zuk jartzen dizkiozu mugak, nahi izatekotan, baina, berez, ez du mugarik».

Fanzineak Estatu Batuetan sortu ziren, nahiz eta ez dagoen oso argi noiz hasi ziren egiten. Louis Russell Chauvenet xake jokalariak erabili zuen lehen aldiz fanzinearen kontzeptua, 1940. urtean, eta askok data hori hartzen dute fanzinearen sorreratzat. Baina jakina da aurretik ere egiten zirela halako liburuxkak.

Euskal Herrian, 80ko hamarkadan hartu zuten indar berezia. «Fanzineak oso militanteak izan dira, askeak direnez oso plataforma egokia izan direlako gai batzuen inguruan hitz egiteko», adierazi du Fernandezek. Arrazoi horregatik, komunikatzeko tresna nagusietako bat izan ziren garai hartan, batez ere herri mugimenduetan, beste hedabideetan zabaltzen ez ziren mezuak zabaltzeko aukera ematen baitzien. Gainera, oso merkeak ziren, egiteko errazak, eta oso irisgarriak mundu guztiarentzat. Autoedizioak izaten ziren: norberak pentsatzen zuen ideia, norberak egiten zuen fanzinea eta norberak banatzen zuen. Eskura banatzen ziren gehienetan, lagunen artean trukatzen ziren, eta tabernetan ere egoten ziren askotan. Punk mugimenduak ere, pixkanaka, bere egin zituen fanzineak.

«Fanzineek eta autoedizioek aldarrikatzen dute istorio guztiek dutela garrantzia, baita txikiek ere»

ENEKA FERNANDEZArtista

Internet sortu zenean, asko ugaritu ziren komunikatzeko bideak. Orain, mila aukera eta kanal berri daude mezuak helarazteko, eta fanzineen eginkizuna jada ez da ezinbestekoa. Hala ere, askok eta askok fanzinearen formatua aukeratzen dute oraindik ere, eta balioa ematen diete haren abantailei.

Horietako bat da Fernandez. «Fanzineek eta autoedizioek aldarrikatzen dute istorio guztiek dutela garrantzia, baita txikiek ere»; arrazoi horregatik ditu hain gustuko. «Gainera, ekonomikoa eta erraza da fanzineak sortzea eta erostea». Fernandez aspalditik dabil autoedizioaren eta fanzineen munduan. 2007an Bartzelonako La Central liburu dendan hasi zen lanean, eta orduan ezagutu zituen liburuxka horiek. Bartzelonako Arte Garaikideko museoan zegoen denda, eta fanzineentzako atal bat zuten bertan. «Ni arduratzen nintzen sail horretaz, eta ikusgarritasuna ematen ahalegintzen nintzen; oso txikiak eta finak dira. Horregatik, txoko egoki bat bilatu behar zaie; bestela, galdu egiten dira».

Etxean hasitako lana

Orduan maitemindu zen fanzineez, eta geroztik bilduma zabala osatu du berak egindakoekin eta erositakoekin. «Nire lehenengo fanzinea etxean inprimatzen saiatu nintzen; hor konturatu nintzen etxeko inprimagailuak tinta pila bat gastatzen zuela eta hobe nuela kopiak egiteko denda batera joan», kontatu du Fernandezek. «Baina gauzak nola egiten diren ikasteko, gauzak egitea da onena».

Haren lan guztien artean, badaude bi harentzat bereziak direnak: Terranova eta Gran Sol. Bereziak dira oso gertukoak dituen bi istorio kontatzen dituztelako. Fernandezen aita itsasontzi bateko mekanikaria zen, eta itsasoan bizitakoak biltzen ditu lehenengo lanak. Gran Sol liburuxkak, berriz, amaren istorioak irudikatzen ditu, etxean geratzen zenekoak. «Aitarentzat, eta itsasoan ibilitako gizonentzat; eta Carmenentzat, eta etxean geratzen ziren emakumeentzat». Hura izan zen Terranova-n ipini zuen eskaintza; 2017an publikatu zuen. Gerora, gai horri bueltaka hasi zen. «Aitaren istorioa abentura gisa ikus daiteke, eta etxean geratzen zirenena garrantzirik gabeko zerbait zela pentsa liteke. Pentsatu nuen merezi duela halako istorioak ere kontatzea». Gran Sol-ek ez du kontatzen Fernandezen amak bizi izan zuena bakarrik, belaunaldi oso bateko emakumeek bizi izan zutena baizik. «Lan izugarria egiten zuten, inolako aitortzarik gabe». Hain zuzen ere, «inork eman ez zien aitortza hori emateko» argitaratu zuen liburuxka, 2022an.

(ID_17400382679025) (/EZEZAGUNA) Eneka Fernandez, Gran Sol
Gran Sol, Eneka Fernandezena. ESTUDIO PRIMO

Nolanahi ere, ez da artista izan beharrik, ezta Arte Ederrak edo Diseinu Grafikoa ikasi beharrik ere, fanzine bat egiteko. Edonork egin dezake fanzine bat, hori argi utzi du Iñigo Satrustegi idazleak. Iruñeko Txantrea auzokoa da Satrustegi, eta hainbat jarduera prestatzen ari dira auzoak aurten 75 urte beteko dituela ospatzeko. Egitarau horren baitan, abenduan, fanzine tailer bat eskaini zuen, eta martxoan beste bat eginen du, haurrei zuzenduta. «Helburua izan zen auzoaren inguruan hausnartzea: zer-nolako auzoa daukagun, benetan gutaz esaten dena egia ote den, eta aurrera begira ea nolako Txantrea eraiki nahi dugun», azaldu du idazleak. Horretarako, fanzine kolektibo bat egin zuten: «Bakoitzaren ikuspegitik eta iruditegitik abiatuta sortu genuen, elkarren artean ideiak konpartituz».

Adierazi du fanzinea auzoaren inguruan hitz egiteko aitzakia besterik ez zela izan. «Plantea dezakezu nahi dugun moduan: badaude liburura gehiago gerturatzen direnak, badaude hitzik ez dutenak... Formalki, nahi duguna egin dezakegu. Horregatik baliatu nuen fanzinearen formatua». Orain, haurrentzako tailerra prestatzen ari da. Martxoaren 3an eginen du. «Umeek daukaten imajinazioa baliatuz, eta Txantreako txantreanismo horri buelta emateko, errealitatearen eta fantasiaren artean ibiliko gara, haurrek gure inguruaz daukaten pertzepzioa zein den ikusteko».

«Plantea dezakezu nahi dugun moduan: badaude liburura gehiago gerturatzen direnak, badaude hitzik ez dutenak... Formalki, nahi duguna egin dezakegu»

IÑIGO SATRUSTEGI Idazlea

Abenduan, berriz, Fakalagrapa fanzine azoka antolatu zuten Bilbon. Sortzaileek zailtasunak izaten dituzte maiz euren lanak publikoaren eskuetara irits daitezen, eta azokak izaten dira sortzaileak eta publikoa batzeko txokorik ohikoena. Fanzine kulturari indarra ematea eta lanak trukatzea izan zen azokaren helburua. Hiru eguneko egitaraua prestatu zuten: «Lehenengo egunean, jolasak eta kontzertuak antolatu genituen, jendeak elkar ezagutu zezan; hurrengo egunetan, azoka jartzeaz gain, estanpazio eta zigilu tailerrak egin genituen», azaldu du Ruben Bustillok, azokaren antolatzaileetako batek.

Urtean bi azoka

Ez da azoka antolatzen duten lehenengo aldia. Urtean bi egiten dituzte, maiatzean eta abenduan. Aurten, maiatzeko azoka baino lehen, galeria bat eginen dute abendukoan parte hartu zuten artisten lanekin: «Artisten lanei ikusgarritasuna ematea eta jendeak erosteko aukera izatea da gure asmoa», dio Lucia Strachanek, azokaren beste antolatzaileetako batek. Prestaketa lanekin dabiltza oraindik, baina martxo amaieran edo apiril hasieran izango dela aurreikusi dute.

Fernandezek uste du fanzineen ikusgarritasuna eta banaketa oso konplexua dela. Horregatik, Bartzelonan zegoenean plataforma bat sortu zuen lankide batekin, sortzaileei babesa eta laguntza emateko. «Halako plataformak egotea oso garrantzitsua da, sortzeko prozesua ez ezik, hurrengo fase hori ere elkarrekin egiteko». Fanzinant deitzen zen plataforma, eta 2014tik 2017ra garatu zuten proiektua. Azoketan parte hartu zuten, eta hitzaldiak eman zituzten. Malagako (Espainia) La Termica gunean ere, Papel Continuojaialdian, erakusketa bat muntatu zuten. «Artista gisa azoketara joatean gastu batzuk pilatzen dira, ez da batere merkea», dio Fernandezek, eta haiek ekarpena egiten ahalegindu ziren.

Bide beretik, liburu denda espezializatuen falta nabaritzen du artistak. Adierazi du Bilbon badaudela batzuk: ANTI eta La ilusa, esaterako. Baina Euskal Herriko gainontzeko tokietan ez ditu horrenbeste topatzen. Uste du horrek lagunduko lukeela fanzineen eta autoedizioen hedapenean. Hala ere, gorabeherak daude fanzineen produkzioan eta salmentan. 2010. urtean gorakada nabarmena hauteman zuten, eta azoka berri asko sortu zituzten: «2008ko krisiaren ondorio bat izan zen, argi eta garbi. Forma berriak bilatu ziren, ekonomikoagoak, edo proiektu pertsonalak erakusteko moduak». Hori ziklikoa dela esan du Fernandezek, baina beti sortzen direla proiektu berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.