Gran Sasso eta Laga, Apeninoetako bazter galduak

«Arteak betiereko dirau, baina bizitza oso Apeninoak, Europako beste hainbat mendilerro bezala, Alpeak izeneko mendikate eskergaren itzalpean geratu izan dira beti. Alabaina, Italiako bizkarrezur erabatekoak dira, eta haren erdigunean itzelezko mendi gailur alpetarrak eta parekorik ez duten landa ohiturak biltzen dituzte.

2007ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Apeninoek 1.200 kilometro hartzen dituzte, hasi Liguriatik (Italiako ipar-ekialdea) eta Calabria eskualderaino. Mendilerro meharra osatzen dute, gunerik gorenean ehunka kilometro zabal izateraino, eta inguru gorabeheratsua da oso. Zenbait geologoren ustez, Alpeen hegoaldeko luzapena den horrek Liguria, Toscaza, Marche, Umbria eta Calabria zeharkatzen ditu; garaierari dagokionez, ozta-ozta iristen da 2.000 metroraino, eta askotariko paisaia motak ageri ditu; oro har, muino eta mendi leunek osatzen dituzte gune horiek.

Salbuespen bakarra, mendikatearen erdigunean dago. Erroma parean, Tirreniar Itsasoaren eta Itsaso Adriatikoaren artean, milaka puskek urratzen dute horra arteko inguru jarraitu eta etenik gabea. Bat-batean, zeru gorenerantz doan kareharrizko irtengune batek harrizko erraldoien bilgune bihurtzen du Abruzzo eskualdeko hegal mendebaldekoa. Zati horretan, 2.500-2.912 metro bitartekoa da garaiera, Italiako Gran Sassoko Corno Grande izaki Apeninoetako gailurrik gorena.

Halako eiteko mendiek taxutu dituzte aldameneko haranak, bai eta mendian barrena sakabanaturiko herri bakanak, eta haietako bizilagunen izaera eta bizimodua ere. Lanari dagokionez, lurrari zeharo atxikita bizi dira, abeltzaintza nahiz nekazaritza bitarteko dela, eta hainbat eskulangintza mota apaletan ere jarduten dira. Eta, horrez gainera, aipatzekoa da azken hogei urteetan sortu den turismo zerbitzuen eskaria; eski estazio txiki pare bat eta ostatu hartzeko zenbait hotel baino ez, azken batean. Jakina, ez dago esaterik Italiako ibilbide turistiko klasikoen artean daudenik Abruzzo mendiak. Hala eta guztiz ere, abuztuko sasoi beroan, erromatarren giza olde andana joan ohi da hara, freskotasun bila, eta hein batean gainez egiten du lekuak. Horrek, hain zuzen, asaldatu eta muturtu egiten du menditar baketsu zenbait; haien ustez, «zenbat eta jende gutxiago etorri hona, orduan eta hobeto zainduko dugu mendia».

Natur ondarea zaintzea da, izan ere, Abruzzoko bizilagunen obsesio egokietako bat; mendietan bizi dira elkarrekin, eta betiere haietara itzultzea da haien nahia, aisialdiko ordu bakanetan besterik ez bada ere. Abruzzoko lurraldearen %30 pasatxo gune natural edo antzeko izendapen baten bitartez babestuta daude: besteak beste, hiru parke nazional hartzen ditu, eta eskualdeko ezin konta ahala parke eta erreserba natural, maila askotarikoak, eta zenbaitzuk osoak. Nonahiko babesgune horiek direla-eta, uste izatekoa da murrizketa mordoa izango dutela hara doazen bisitari eta mendizaleek, baina ez da hala, inondik inora ere. Parke nazional baten mugapean lasai askorik kanpatu daitezke, bigarren mailako mendi bideetatik ibil daitezke, eta sua ere egin dezakete berotze aldera; laburbildurik, askatasun osoz ibil daitezke. Eta hori zilegi da, batetik, hara joan eta han izan direlako inolako arrastorik utzi ez dutenekiko esker onez, eta, bestetik, Abruzzo mendia turistentzako jolas parke huts bihurtu ez dutenekiko esker onez.

Apeninoek Abruzzon hartzen duten eremu eskergaren barruan, nabarmentzekoak dira Gran Sassoko parke nazionala eta Laga mendiak. Babestutako gunea da horkoa, 150.000 hektareako lurraldea hartzen duena; horietatik %90 Abruzzon daude, eta gainerako zatia Marche eta Lazioren artean banatuta dago. Izugarrizko natur balioa du, eta badira han mendi gailur erakargarriak, oraindik menderatu gabekoak; horrez gainera, ezin baliotsuagoak dira parke nazionaleko altxorrak. Parkearen ingurumari osoan, berriz, ezin konta ahala herri aurkituko ditugu, eta ezusteko atsegina emango digute horietako ondare historiko-kutural askotarikoek eta pertsona abegikor ugariek.



LAGA ETA GRAN SASSO ARTEAN. Parke nazionalean hiru mendi multzo daude, iparretik hegora txikienarekin hasi eta handienarekin bukatu. Parkearen ipar-ekialdean mendi txiki-txiki batzuk daude: Gemelli mendiak. Erdialdean, ipar aldera, berriz, Laga mendiak, Campotosto aintzirako uraren ondoan; Gemelli mendiak baino garaiagoak eta sendoagoak dira, baina mendi zaharren borobil itxura tipikoa dute. Eta erdialdean baina hegoaldera joz gero, Gran Sasso mendigunea ageri da, dena harkaitz zakar latza, Adriatikoari lotsati begira.

Zenbakiek honela laburbiltzen dute parke nazionalaren handitasun naturala: 81 zuhazti babestu; galtzeko arriskuan diren 40 landare espezie; Adonis vernalis landarea hazten den hiru eremu -Italian gainerakoak galdua da-; garaierako 2.300 landare espezie; 5 arrano beltz familia; Apeninoetako 170 sarrio -oso zaila da hainbeste ikustea-; Apeninoetako 40 bat otso; eta 15 belatz familia.

Naturaren eta kulturaren altxor honetan bisita hasteko, abiapuntu ona da parkearen iparraldeko muturra, Gemelli mendien ondoan. Mendi apal haien artean, mazela bati heltzen diote zenbait herrik, hala nola Civitella di Trontok. Han, Monte di Campli y Monte di Fiori izeneko haitzen artean, Salinello ibaiak Apenino guztietako arroilarik handiena sortzen du. Gole di Salinellok -horrelaxe esaten diote ibaiari- paseo bat egiteko gonbita dirudi, horma harritsu, Turkiako haritz, errekasto jostalari, ur-jauzi bihurri eta berde bizi-biziko putzuen artean. Baina urak gainezka egiten duenean, behar bezalako materialik gabe zeharkatzeak mela-mela eginda bukatzea ekartzen du.

Hegoalderaxeago, Markei dagokien lur batean, Acquasantako herri termala dago. Toki ona da Fosso de la Montagnara joateko: arroila luze estua da, ez oso sakona, eta pagadi ikusgarri batean itxirik dago. Han badago bidezidor bat, ibiltzen oso erraza, Volparako ur-jauzietara daramana, Macera diMorten (2.073 m). Lasai-lasaia da inguru guztia, ur-jauzien murmurioa beste ezer ere ez baita aditzen, ozenago edo apalago, ur gardenen jauziaren arabera.

Lagako mendietan, berriz, paisaia zorrotza da, denbora geldotzeko modukoa. Monte Gorzano eta Cima di Lepri gailurrak lotzen dituen hari finak biltzen ditu Campotosto eta Scandarello aintziren arteko sail eta muinoak. Scandarellon, arrantzale asko elkartzen dira, arrantzan egiteko irrikan. Alde horretan dago Amatrice, herri ospetsu bat, inguru honen erdigunea; pasta preparatzeko modu berezi bati zor dio fama, Amatriceko erara eginiko pastak sekulako arrakasta baitu Erromako jatetxeetan. Jaki horrek, Campotosto saltxitxoiak -asto potro ere esaten diote- eta gentziana sustraiz eginiko likoreak pozik eta gustura uzten dute atzerritar jan zale kontentagaitza.

Dena dela, parke guztiaren ezaugarria, bai grastronomia eta bai kultura aldetik, ardia da. Ardikiz osatzen dituzte haragi burruntziak eta eltzekari goxo askoak, eta ardi esnez egin primerako gaztak. Gainera, mendeetan artzaintza izan da Abruzzoko biztanleen lantegi printzipala, mendiko nekazaritza txiki batekin batera. Ardien eta artzainen ingurukoak dira gauza asko: tratturi-ak, transhumantziarako milaka urtetan erabili izan diren bideak; condole-ak, artzainek gaua pasatzeko erabiltzen dituzten harrizko bordak;eta trashumanza verticale-a, udan mendi garaietako larreetara eginiko bidea. Hori guztia, zakurrek ondo baino hobeto zaindurik: Abruzzoko lau ardi txakur ere bai 50 bat ardirentzat. Izan ere, hor dabil zelatan Apeninetako otsoa, Romulo eta Remori esnea eman zieten haien antzinako senidea, eta, horregatik, zakur guztiek iltze metaliko zorrotzak daramatzate lepokoan, otsoaren hozkak hil ez ditzan. Nolanahi ere, Europako beste toki batzuetan bezala, mota guztietako kondairak daude otsoaren inguruan, eta, esaterako, zenbait toki publikotan ageri dira mezuak gogoraraziz aspaldi gizakia zela otsoaren lagunik onena. Hala, otsoari buruzko museo bat da Arsita herrian.

Parke nazionalaren erdialdean, Gran Sasso mendiguneak bi zati ditu, guztiz bereiziak: ekialdea eta mendebaldea. Mendebaldean, Campo Imperatoretik igotzen gara mendigunera; haitz zorrotzez inguraturiko goi ordoki bat da, naziek Mussolini askatu zuten tokia hain zuzen, eta Piccolo Tibet ere esaten diote. Gailurren artean, Gran Sassoko Corno Grandeko lau haitzak daude, eta haien azpian ezkutaturik, Calderoneko glaziarra, Europan hegoalderago dagoena. Beste ordoki batean, ibarretatik hurbilago mendietatik baino, arkitektura ederreko zenbait herri daude: Castel del Monte, Rocca Calascio, Santo Stefano di Sessanio, Assergi. Dorreak eta gazteluak dituzte, hiri sare modukoak mailetan banatuak, mazeletan sakabanaturik, eta aspaldi-aspaldiko tenpluak haitzetara igota.

Gran Sassoko ekialdean, Issola da gune garrantzitsuena. Turismoaren ondorioz, burgo historikoko hormen barrenean handitu da. Kalexka harrizkoetan, siesta orduan, fededun sutsuenen otoitzak aditzen dira, hain bizkor esanak non ezina den letania horiek ulertzea: bitxia da, kaleko paretak hizketan ari direla ematen du eta. Issolatik ikusten diren mendiak zoragarriak dira: ibarraren izkina batean, 1.600 metroko desnibela du Corno Grandeko Il Paretone-k, eta Sferruccioko gailur handi harritsua beste puntaraino iristen da, Camicia mendiaren inguruan bilduriko haitz zorrotzetaraino. Haren babesean, labore saiak daude, olibondoekin eta eskulangintzari loturiko herriekin tartekaturik; horietako bat Castelli da: zeramikazko mota guztietako gauzak egiten dituzte.

Ez da ahaztekoa Pietracamela, Issolatik iparraldera, Gran Sassora ekialdetik joateko atea. Handik prepara daitezke igoerak, ibilaldiak eta eskaladak Gran Sassoko Corno Grandek, Corno Piccolok eta Intermisoleko gailurrak osatzen duten ardatz handi horretan egiteko. Ezin konta ahala mendi daude igotzeko ederrak, eta, era berean, ezin konta ahala ibilbide erraz, prestakuntza eta material berezirik behar ez dutenak.

Gran Sassoko hegaldean, mendiak askoz apalagoak dira, eta berriz goratzen dira zeruraino ondoko mendigunean: Maiellan. Hori ere parke nazionala da, eta Abruzzoko biztanleen mendi kutunena. Tirinoko ibar estuan, bitxi ikusgarriak daude; besteak beste, San Clemente de Casauria basilika zaharra eta Bussi sul Tirino eta beste herri xarmagarri batzuk.

 

JaKInGarrIaK



Gran Sassoko parke nazionala, Via del Convento, Assergi (L'Aquila probintzia). Tel.: 086-26 05 21. www.gransassolagapark.it.

Abruzzoko Turismo Bulegoa. www.regione.abruzzo.it.

Kartografia. Monti della Laga eta Gran Sasso d'Italia, biak 1:25.000ko eskalan, CAI Italiako Klub Alpinoak argitaratuak.

Eskualde Autobus Zerbitzua. ARPA konpainia. Tel.: 086-26 56 55. www.arponline.it.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.