Grafitia, trazu menderakaitza

Grafitia, artea ez, «txerrikeria bat» dela esan du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak berriki Twitterreko txio batean. Aldiz, oso kontrara uste dute arte adituek eta grafitigileek beraiek ere; ezaugarri propioak dituen kaleko arte adierazpide bat dela, legez kanpokoa izanagatik: unekoa, unibertsala, errebeldea.

Gasteiz. Geltokiko eta Santa Luzia kaleko grafitiak. ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda - Unai Etxenausia
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Zaramaga, Santa Lucia, Ariznabarra, Aranbizkarra, San Martin... Auzo izenak. Grafitiarentzako eta kaleko artearentzako hiri egokia da Gasteiz. Horma ugari, etxabeak sarri, plazatxoak nonahi, skate pistak... «Aspaldidanik margotu izan da auzo horietan. Hiri hau oso interesgarria bilakatu da bai espresio mota hori ezagutzeko, baita margotzeko ere».

Ondo ezagutzen ditu Gasteizko auzook eta hormok Egoitz Contek (Gasteiz, 1980), hogei urtetik gora baitaramatza grafitiak margotzen Ojodekuervo ezizen artistikoarekin, nahiz eta «adinaren eta pandemiaren ondorioz» orain ez duen «hainbesteko energiarik eta gogorik izaten» kalera irteteko: «Bi urte luze igaro dira azken kale marrazkia egin nuenetik».

Urtarrilaren 30ean txio gordina zabaldu zuen Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bere Twitter kontuan, hiriko grafitigileen kontra ez ezik, baita grafitiaren jardueraren beraren aurka ere: «Jada harrapatu ditugu batzuk, eta ez dugu atsedenik hartuko grafitigile guztiak eta beraien pintaketak identifikatu arte. Ordaindu egingo dute. Ez da artea, Gasteizi distira kentzen dion txerrikeria da», zioen, gutxi-asko, gaztelaniaz.

Urtaran alkatearen hitzek ez dute bereziki harritu Conte, eta jarrera patxadatsuz egin du gogoeta. «Grafitia espresio mota bat da, eta, asko jota, esan dezakezu gustatzen zaizun edo ez, baina esatea txerrikeria bat dela da saiatzea artea objektibizatzen, eta hori artea kaiolatzea da. Esan dezakezu ez daukazula kontrolatuta, eta horrek izorratzen dizula, hori bai. Grafitiak beti molestatu izan du eta hori du bere funtsa, hori du bere historiaren abiaburua ere».

Grafitiaren hastapenak

Grafitiaren historiaren txataltxo batzuk: graffiti termino latinoak grekozko graphein hitzean du jatorria, eta idatzi edo trazu du berezko esanahia. Bestelako antzinako zibilazazioetan hormetan egiten ziren irudi eta idatziez harago, Erromatar Inperioaren garaian hartu zuen graffiti-ak zentzu artistiko zein politiko primigenio bat, orduan hasi baitziren leku publikoetan gisako pintaketak egiten, profeziak, protestak edota iragarpenak haizatuz. Are, zentzu politiko eta errebeldeagoa hartu zuen grafitiak aro modernoan, 1960ko hamarralditik aurrera, AEBetan eta bereziki New Yorkeko auzoetan zabaltzen hasi zenean, hip-hop kulturaren abaroan. Ordurako pixka bat antzaldatua zuten grafitiaren definizioa. Hala zioten: «Bazterketaren edo zapalkuntzaren aurrean egiten den espresioa edo oihua da. Jabego pribatuari egiten zaion erasoa da arrazoi sinple batekin: entzunarazia eta ikusarazia izatea».

Horma bat; tren bagoi bat; etxabe bat; garaje edo tailer bateko ate bat, parke bat. Mota askotakoak izan litezke euskarriak, baina guztiek kalea dute ezaugarri komuna, habitata. Zerbait adierazteko gogoa, eta marrazkia ontzeko materialen bat (esprai aerosola eskuarki, baina berdin beste edozein margo), ez da beste askorik behar. Hori du bere alde grafitiak, kaletarra dela, auzokoa, eta ia edonoren esku dagoela. Badago ñabardurarik, ordea. Horrela marrazten du grafitigilearen bulkada espresiozkoa Contek. «Aspertuta, erreta, krisian edo prekaritatean zegoen jendea hasi zen grafitiak egiten. Azkenean ihesbidea eta adierazpidea da, biak batean. Margotzen duena auzoko jendea da oro har, kezkak eta larrimina dituena. Eta zera gertatzen da: kezka eta larrimin hori ez doala bat sistemarekin. Eta agintearekin. Borroka hori beti izango da: erakundeak saiatuko dira hori kontrolatzen, eta margotzen duena saiatuko da errebelde izaten».

Grafitia, artea?

Artea eta errebeldia; edo arteak egungo gizarte hiperkapitalisten hormatan arrakalak irekitzekoduen gaitasuna: tesirako gai oso bat. Txemi Valdecantos arte historialari eta irakasleak ere (Gasteiz, 1975) ondo ezaguzten ditu Gasteizko auzoak eta hango kaleko artearen irudiak. Aitortzen die errebeldia gaitasun hori. «Arteak beti izan du protestarako eta kritika eraginkorrerako gaitasuna, ez kaleko arteak soilik. Azken honek irismen handia dauka, ordea, teknika azkarrak eta errazak darabiltzalako maiz, edonork eta edonon lantzeko modukoak alegia, eta batez ere espazio ireki eta ustekabekoak baliatzen baititu: nolabait esateko, mezuak zu bilatzen zaitu eta testuingurua espero ez duzun neurrian eraldatzen dizu; eta horrek komunikatzeko eta noski konbentzioak iraultzeko ahalmen izugarria dauka. Izu horrek eragiten du berez erreakzionarioa den instituzioaren mespretxua».

Urtaranen hitzek ez dute soilik adierazpide bat auzitan jartzen, ez dio soilik izenondo itsusi bat gaineratzen, haren arte izaera ere ukatzen dute. Hala argudiatzen du Valdecantosek: «Zenbatetan entzun dugu 'hori ez da artea' esamoldea, gehienetan artea zer ote denaz asko hausnartu ez duenaren ahotik? Ulertzen ez dugun arte adierazpen baten aurrean sarri erabiltzen dugun estrategia izaten da, arte garaikidearen zenbait formekiko, adibidez. Ohikoak bezain traketsak dira horrelako hitzak. Gorka Urtaranen ezpainetan, ziurrenik maltzurrak ere bai. Eta ezjakinak. Deseroso zaion zerbaitekiko ukazioa dira. Ez dut ulertzen, ez dut atsegin, ezin dut nire aldera ekarri; beraz, ez da».

Artean aditu direnek ez dute ia zalantzarako tarterik ere. Andere Larrinaga Artearen Historiako doktorea da eta EHUko irakaslea Artearen eta Musikaren Historiako departamentuan. Haren iritzian, grafitia street art deritzonaren barruko praktika da: «Egun, praktika horien guztien artistikotasuna kuestionatzea denboraz kanpo dago, oso aspaldiko adostasun bat baitago horretan. Edonork ezagutzen ditu Basquiat edo Banksyren izenak. Anakronikoa ikusten dut agintari batek ez errekonozitzea grafitia izan daitekeela kreatibitatearen espresio bat eta beraren inguruan horren despektiboki hitz egitea».

Adituekin bat dator aritua ere. Conte grafitigilearentzat «arte errebeldea» da grafitia. «Uste dut, gainera, hemendik urte batzuetara arte eskoletan ikasiko dela, mugimendu artistiko modura. Garaiotako arte mota bat da da. Grafitia mundu osoan dago, ez da gauza lokal bat; grafitia dago Brasilen eta dago Errusian, eta nork bere partikulartasuna dauka leku bakoitzean. Espresio artistiko bat da».

Banksy paradigma

Grafitia non, Banksy han; grafitiaren inguruko gogoetak non, artista ingelesaren aipamena han (Bristolgoa dela jakina da, 1973 edo 1974an jaioa, nahiz eta nor den ez jakin oraindik). Donostian 2010ean gertatua paradigmatikoa da, adibidez. Banksyrena izateko itxura guztiak zituen margolan bat azaldu zen urte hartako Zinemaldiaren ostean, Parte Zaharretik Urgullera bideko horma batean. Hura ezabatzeko asmoa zuen Donostiako Udalak, gainerako horma irudiekin egin ohi zuten bezala. Baina azkenean, orduko Kultura Zinegotzi Denis Itxasoren eskakizunez bere hartan utzi zuten grafitia. Argudioa: «Banksyrena ez bada ere, mantentzea erabaki dugu, agerpen kultural bat baita edonola ere». Sor-marka bat da egun Banksy. Valdecantosen iritzian, Banksyren kasuak «ondo baino hobeto irudika dezake» kaleko artearekiko establishmentak (arte instituzioek ere bai) zer jarrera daukan azken urteetan: «Britaniarraren lana oso politikoa eta oso kritikoa da, baina hainbeste eta hain artifizialki zabaldu da haren irudia eta estiloa, esanahia lausotuz eta hustuz joan dela. Haren nahiaren kontra eta publikoa ia ohartu gabe, baina mezuak estetikaren ondoan desitxuratu egin dira, kamuflatu. Orduz gero, ez da gehiago deserosoa, ez eta mespretxatua ere. Alderantziz, erakargarri turistiko ere bilakatu da, eta lehen zikina, bandalikoa eta itsusia zena, orain ederra eta onargarria da; lehen artea ez zena orain artea da».

Banksyren obrak hilabete eskas iraun zuen Urgullera bideko horman, Donostian. Grafitiak efimerotasuna du ezaugarririk behinenetako bat, behinena ez bada. Grafitigileak berak badaki hori. Ojodekuervoren arabera: «Grafitia da unean uneko espresio bat. Koadro bat, lientzo bat egiten duzunean badakizu horrek iraungo duela denboran zehar, baina pareta batean gauzek ez dute irauten. Oso freskoa da grafiti bat. Edozein unetan aldatu edo desagertu liteke, eta onartzen dugu».

Espazio irekia, berehalakotasuna, izpiritu libre eta errebeldea aldeko balantzan. Izaera juridiko ilegala kontrakoan. Baina ilegala izateak ez dio pisu artistikorik kentzen grafitiari, Andere Larrinagaren aburuz: «Bere izaeraren barruan dago iragankorra dela eta ilegala gehienetan, baina horretan ere badauka bere erakargarritasuna. Adierazpen artistiko publikoa da, eta hiri espazioetan garatzen da hainbat euskarritan, horien jabeen baimenik gabe. Horrek ezinegona sor dezake, noski, baina hiri kultura bizi, dinamiko eta kreatibo bat adierazten du, eta bere errespetua merezi du beste edozein kultura espresiok bezala».

Autodidakta izanez ikasi zuen grafitigintza Ojodekuervok, Kapone, Frik, Rage eta kideekin batera: grafitiak asko eta aske eginez. «Auzokoekin, jendearekin, ez dugu ia inoiz izan arazorik». Trazu menderakaitza egiten jarraitu nahi dute, Zaramagan, Santa Lucian, Ariznabarran, Aranbizkarran, San Martinen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.