Arte entziklopedia bateko irudiak kopiatzen zituen Maite Martinez de Arenaza artistak gaztetan (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1971), eta erreprodukzioak izan dira, kurioski, haren karrera profesionalaren oinarria. Izan ere, unibertsitatean grabatuaren teknika ezagutu zuenetik, hori jorratu izan du, batik bat. Beste horrenbeste 2010ean Bilbon ireki zuen La Taller lantegi eta galerian ere: grabatu ikastaroak eta askotariko artisten erakusketak eskaintzen ditu.
Noiz piztu zitzaizun artearen inguruko interesa?
Betidanik izan dut marrazteko joera. Eskolan beti marrazten nenbilen, liburuetan, koadernoetan... 14 urterekin enteratu nintzen arte ederren ikasketak existitzen zirela, gurasoei aipatu nien, eta erabaki nuen hortik jotzea. Bost urteko karrera zen, eta espezialitateak zeuden; grabatuaren berri izan nuen, eta apuntatu egin nintzen.
Txikitan zer erreferentzia zenituen? Nondik jaso zenuen artea?
Nire aitak Fagor enpresan egiten zuen lan, eta Bilbora etorri zen makina azoketako batera. Azoka oso handiak dira; arte entziklopedia bat saltzen zuen erakusmahai bat zegoen inguruan. Liburuki bakoitza artista baten ingurukoa zen, eta Europako artista klasikoenak biltzen zituen: errenazimentuko italiarretatik hasi—Piero della Francesca, Massaccio eta horiek—, eta inpresionismoraino, gutxi gorabehera. Beti gogoratzen dut nire nerabezaroa liburu horiek ikusten eta kopiak egiten. Ribera, Velazquez... Besteak existitzen zirenik ere ez nekien.
Prestakuntza ere jaso zenuen garai hartan?
Gaztea nintzela, Arrasateko pintura klase batzuetara [Gipuzkoa] apuntatu ninduten gurasoek; herriko jende guztia joaten zen, eta ez zitzaizkidan gustatu, oso klasikoak zirelako. Nire aita enteratu zen Musakola auzoaren inguruan bazegoela andre argentinar bat klaseak ematen zituena bere kamarotean; Claudia zuen izena. Klase oso zoroak ziren, eta niri asko gustatzen zitzaizkidan. Beti erronka berri bat zegoen. Andra harekin hasi nintzen esperimentuak egiten, oso gazte.
Aipatu zenuenean etxean Arte Ederrak ikasi nahi zenituela, zer esan zizuten?
Disgustua hartu zuten, baina ez zidaten hori esan nagusiagoa egin nintzen arte; 30 bat urterekin enteratu nintzen. Ikasle ona nintzenez, agian pentsatzen zuten beste edozein karrera dezenteago egingo nuela; baina hasieratik oso argi neukan.
Zergatik espezializatu zinen grabatuaren teknikan?
Barneratua nuen Arte Ederren karrerak duen fama, irteera gutxiko ikasketak izatearena. Hortaz, pentsatu nuen irteerak zituen espezialitate bat aukeratu behar nuela, eta ikus-entzunezkora apuntatu nintzen. Baina niri marraztea gustatzen zitzaidanez, grabatura apuntatu nintzen marrazketa ez galtzeko, eta hura ezagutu bezain pronto ikus-entzunezkoak ahaztu nituen, klaseetara joateari utzi nion, eta grabatuan sartu nintzen buru-belarri. Teknologia sinple baten eta marrazketaren erdibidea zen, eta ni horretan oso ondo moldatu izan naiz beti.
Behin karrera bukatuta, nolakoak izan ziren lehenengo urteak?
Askotan hitz egin dut lagunekin: nik 1994an bukatu nuen karrera, eta krisia zegoen, baina uste dut ez zela oraingoa bezain latza: jana askoz merkeagoa zen, alokairuak ere bai... Orduan, hasierako urteetako lehenbiziko helburua ez zen lana, baizik eta bizitzea, lagunekin egotea, parrandan ibiltzea... nahiko axolagabea nintzen, alde horretatik.
Nola sartu zinen lan munduan?
Karreran nengoenean, bertako lagun bati grabatua egiteko makina bat tokatu zitzaion pintura lehiaketa batean, eta berak ez zekien erabiltzen. Beste pertsona batzuengana hurbildu ondoren, nigana etorri zen, eta eskaini zidan urtebetez bere lantegian lan egitea, dohainik, trukean grabatuaren teknika erakusten banion. Eta horrela hasi nintzen lanean bi andrerekin, Espe eta Tonirekin, eta lantegi hartan hamasei urte pasatu nituen.
Nola moldatu zinen lan munduko hasierako urteetan?
Nire lehenbiziko soldata 8.000 pezetakoa izan zen, oraingo 50 euro, oso diru gutxi, ez zuen bizitzeko ematen: bi liburu erostera joan nintzen, haietako bat Aliceren abenturak lurralde miresgarrian [Pamiela, 1992]. Gero, hainbat urtez egon nintzen 40.000 pezeta irabazten, eta horrekin ondo bizi nintzen, pisu kaskar batean, lagun mordo batekin, baina ondo.
Bilbora etorri zinen karreragatik. Hori bukatuta, zergatik jarraitu zenuen bertan bizitzen?
Oso gustura nengoelako; oso erosoa egin zitzaidan hemengo jendea, hiri batean egotea... Karreran armairutik atera nintzen, eta errazagoa zen niretzat lesbiana moduan Bilbon bizitzea. Lana banuen. Jende gehiago etortzen hasia zen grabatu klaseak hartzera, eta dirua irabazten nuen, lagunak hemen nituen... Ez nuen pentsatu: oso naturala izan zen gelditzea.
Erakusketekin ere karrera bukatu eta berehala hasi zinen, ezta?
Bai. Espe eta biok harremanetan jarri ginen Bilboko Aritza galeriarekin, eta Sol Panera zuzendariari grabatu batzuk gustatu zitzaizkion. Hortik gutxira hasi ziren Guggenheim museoa eraikitzen, turismoa handitu egin zen, eta grabatuak erosten hasi ziren. Erakusketa bat egiteko esan zigun.
Beti jorratu izan duzu grabatua?
Marrazketa, gehienbat. Nik ez dakit margotzen; aspertu egiten naiz koloreak nahasten. Baina marrazketarekin, ez. Esgrafiatua deitzen den teknika batekin egiten nuen lan: ohol bat zuriz margotu, eta azkenengo kapa beltzez margotzea zen: punta batekin marratu, eta marrazkia ateratzen nuen. Horrekin egiten nituen marrazkiak. Gero, grabatuarekin hasi nintzen, eta buru-belarri sartu. Grabatua beti erronka berriak planteatzen dizkizun diziplina bat da. Nire lanak egiteko ere erabiltzen hasi nintzen, eta azken erakusketan, Erriberrin [Nafarroa], ia-ia dena grabatua zen.
Grabatuaren teknika zaila da, zure ustez?
Hainbeste urte daramatzat grabatuarekin lanean, ez daukat perspektiba zehatzik hori ikusteko. Niretzat jada erraza da, nire bizitza osoa grabatuaren parametrotik begiratzen dudalako, dena presioen arabera... Oso barneratuta daukat. Grabatuaren teknikak dominatzea zaila da. Baina ikasleek lehen egunean emaitza nahiko politak ateratzen dituzte.
Jendeak ezagutzen du?
Askok, ez. Kontuan izanik liburuetan dauden irudiak erreplikatzeko teknika bakarra izan zela XIX. mendera arte, harritzen nau denok hain ahaztua izateak. Baina uste baino ohituago gaude grabatuan egiten diren operazioetara. Photoshopekin egiten da egun, baina logika bera da.
Artearen munduan nola dago ikusita?
Anbibalentzia dago. Galeria batzuek, adibidez, ez dute grabaturik erakusten, erreprodukzio teknika bat delako, eta, hortaz, irudi baten kopiak direlako. Alde horretatik, ez da kontuan hartzen diziplina artistiko moduan. Baina badaude artista batzuk grabatua erabili dutenak, oso modu sakon eta zehatzean: adibidez, orain Lumbreras galerian [Bilbo] dagoena, Erramun Mendibelanda, grabatzaile zoragarria da. Edo, klasikoetara joanda, Rembrandtek eta Picassok diziplina autonomo eta indartsu moduan erabili zuten grabatua.
Zergatik gutxiesten dute?
Arte munduan, azken finean, negozio bat duzu, saldu nahi duzu, eta grabatua ez da elementu errentagarritzat hartzen. Artistentzat abantaila da, euren lana merkeago saldu dezaketelako.
Grabatuaren teknika zorroztuz joan zaren heinean, igarri duzu zure estiloa aldatu dela?
La Taller zabaldu nuenean, nire obra egiteari utzi nion. Konturatu nintzen ez nuela izango denbora lan hori zintzoki egiteko, lantegiak denbora asko kenduko zidalako. Ez nuen uste hainbesterako izango zenik, sekulako lan mordoa. Zaila da, baina, aldi berean, oso polita artea maite dugunontzat, artista batzuen obra oso sakonki ikasteko modua delako, harekin bizitzen baitzara bat edo bi hilabetez.
Zergatik sortu zenuen La Taller?
Aurreko lantegiko emakumeak ni baino nagusiagoak ziren. Nik ez banuen emantzipazio salto hori egiten, haiek laster esango zidaten bukatua zutela lan bizitza. Hamasei urte pasatu eta gero, uste nuen banuela indarra eta esperientzia nahikorik nire gune propioa zabaltzeko. Egia esan, beldur handiz zabaldu nuen, beste pertsona batzuekin lan egiten baduzu lanak banatu egiten direlako: lehen, beste pertsona bat arduratzen zen bezeroez, hura zen zutabe komertziala; ni, berriz, teknikoa.
Orokorrean, zer irakasten duzu?
Grabatu eskolak ematen ditut. Euskarriaren arabera, badaude hainbat teknika, eta metalean eta egurrean egiten diren grabatuak eta fotograbatuak irakasten ditut nik. Litografia —harrian egiten den grabatua— eta serigrafia ez ditut egiten, beste azpiegitura batzuk behar direlako; bestela, gustura egingo nituzke.
Aurrera begirako helburuetako bat al da?
Ez da helburu bat, baina polita izango litzateke litografia prentsa bat sartzea, kuriositateagatik. Azken finean, teknikak ezagutuz joaten zara, eta momentu batean kontrol sentsazioa duzu, nahiz eta irreala izan, eta ez dut uste ona denik. Amateurra izango zaren diziplinaren batean egotea beti da nahiko sanoa buruarentzat eta norberarentzat. Litografiarekin lan egitea oso zaila da, harri baten gaineko prozesu kimikoa delako: amateur puntu horretan mantenduko ninduke, tentsioan.
Lortu izan duzu tentsio hori La Taller sortu eta gero?
Ez teknikoki, baizik eta kontzeptualki. Erakusketak antolatzeko, ezagupen batzuk izan behar dira, eta horrek mantendu nau puntu ezegonkor horretan. Nire sorpresarik handiena izan da ikastea zelan muntatzen den erakusketa bat, lekua zelan lortzen den obrei harrera egiteko, eta haien egoteko modua eta adierazten dutena areagotzeko.
Zer irizpiderekin hautatzen dituzu erakutsiko dituzun lanak?
Hasieran, irizpidea zen grabatuarekin zerikusia zuten lanak erakustea, baina grabatua kontzeptualki hartuta: niretzat, molde batetik ateratzen diren argizariz egindako piezak ere grabatuak dira; eskulturak dira, baina kopiak egin daitezke, eta grabatuaren logika badauka.
Beste irizpideren bat gehitu al zaio hasierako horri?
Gerora konturatu naiz badagoela beste irizpide bat, niri asko interesatzen zaidana: emakumeen lana erakustea, eta bereziki urte batzuk dituztenena. Badaude-eta emakume batzuk gure inguruan apustu handia egin dutenak euren bizitza osoan artea egiteko, beste lan batzuk izan edo ez, eta oso ibilbide luzea eta oso lan sendoa eta ona egin dutenak. Irizpidea feminismotik lan egitea da: ez du esan nahi bakarrik emakumeen lanak erakutsiko dugunik, baina kontuan izango dugu lan hori ere existitzen dela.
Esan duzu lantegiak ez dizula denborarik uzten zure lan propioak egiteko. Aurrera begira horrela jarraituko duzula uste duzu?
Orain, nire proiektu artistikoa La Taller da. Aurrera begira, ez dakit zer egingo dudan. Iaz, pandemiarekin, nire lanari buruz pentsatzen egon nintzen, eta unibertsoari eskatu nion klaseez gainera beste lan batzuk izatea. Kasualitatez irten ziren zenbait: San Telmon, orain Dulantzin [Araba] —Eusko Jaurlaritzaren Eremuak programaren barruan—... Baina oso zaila iruditzen zait uztartzea. Berriro amateurra naiz alde horretatik; tentsioan nago orain, eta nahiko deserosoa da, baina baita interesgarria ere.
Teknologiak nola eragin dio zure lanari?
Berrikuntzek laguntzen dute. Adibidez, fotograbatua egiteko plastiko fotopolimeroa erabiltzen dugu orain; fotopolimeroa industrian erabiltzen da 1960ko hamarkadatik, baina guk geroago hartu dugu. Edo sare sozialak, laser eta binilo mozketak, hiru dimentsioko inprimagailuak... Horiek dira grabatu forma garaikideak, niretzat. Hor badago artxibo bat informazio bat duena eta beste zerbait erreproduzitu dezakeena. Teknika berriak ondo bizi dira zaharrekin. Orain dela gutxi, laser mozketa-makina txiki bat ekarri zuen ikasle batek, eta laster hori jarriko dugu martxan. Grabatuan, harremanetan daude XXI. mendeko makinek ateratzen dituzten emaitzak eta XV.ekoenak: denbora talka hori oso polita da.
Maite Martinez de Arenaza. Artista
«Grabatua beti erronka berriak planteatzen dituen diziplina bat da»
Unibertsitatean izan zuen grabatuaren teknikaren berri, eta, harrezkero, hura jorratu izan du gehien. 2010ean Bilbon La Taller gunea sortu zuenetik, dibulgatzailea da batez ere, sortzailea bainoago. «Orain, hori da nire proiektu artistikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu