Pastelak egiten dituen ingeniaria da Iker Aramendia gozogilea (Zangoza, Nafarroa, 1975). Duela 127 urte ireki zuten haren birraitona-amonek Aramendia gozotegia Zangozako kale nagusian, eta lau belaunaldiz errezeta tradizionalak bizirik mantendu dituzte. Duela hiru urte erabaki zuten gozotegiko labeak itzaltzea; Gabonetan bakarrik piztuko zituzten. Aurten, ordea, errauts gozoak berpiztea erabaki du Aramendiak, eta gozotegiko ateak berriz irekitzea.
Zergatik itxi zenuen gozotegia 2021ean?
Erronka handia zen. Oso gogorra izan zen erabakia hartzea, baina horrelako erabakiak hartu behar dira bizitzan.
Labea itzali eta gero, nola sentitu zinen?
Nahiko aske, eta ez nuen asmorik gozotegia berriz irekitzeko. Baina herriko jaiak igaro eta gero Gabonak nituen buruan, eta okurritu zitzaidan gozotegia garai horretan bakarrik irekitzeko aukera zegoela.
Nolakoak dira Gabonak gozotegian?
Gogorrak. Baina hilabete bat bakarrik da, eta ez zegoen aukerarik aurreko garai txarrak errepikatzeko. Ongi joan zenez, hurrengo urteetan errepikatu genuen.
Zergatik erabaki duzu Gabonetatik kanpo labeak berriz piztea?
Herrian lehen ez zegoen pertsona bat dagoelako: Patricia Hiriart gozogilea. Aurreko Gabonetan gozotegian aritu zen, eta ikusi genuen oso ongi moldatzen ginela; horregatik erabaki genuen berriz martxan jartzea.
Nolakoak izan dira lehendabiziko egunak?
Estropezuren bat egin genuen. Uste genuen dena kontrolpean genuela, baina ahaztuak genituen gauza batzuk. Ongi berotu arte epe bat behar izan dugu.
Herritarren ongietorria sumatu duzu?
Bai. Jendea pozik eta eskertuta dago. Hasi gara gauza ezberdin batzuk eskaintzen, eta kontuan hartzen dugu jendeak esaten duena. Gozotegian ezinbestekoa izan da beti bezeroekin hitz egitea.
Nola eutsi orekari errezeta tradizionalen eta berrien artean?
Poliki-poliki joango gara errezeta berriak txertatzen. Oraingoz, betikoa hobeto antolatuko dugu. Baina, etorkizunean, Argentinako alfajorrak egingo ditugu, Hiriartek badakielako horiek egiten. Ezaguna da, eta bioi gustatzen zaigu.
Zure ustez, etengabeko berrikuntza ezinbestekoa da?
Bai. Dena aldatu da. Txikia nintzenetik orain arte, gizartea eta ohiturak aldatu dira. Eta niretzat erosoagoa da betiko gauzak egitea, baina berritu egin behar da, negozioari-eta gure alaitasuna emateko.
Gozoen eskaeretan ere aldaketa sumatu duzu?
Bai. Sumatu dugu gure produkturik ezagunena, barboa, gehiago saltzen dela. Ohitura horri eutsi diogu, baina beste gozo berri batzuk ere eskatzen dizkigute: kafetegi askotan dauden tarta altuak, adibidez.
Zer behar da gozogile izateko?
Egiten duzuna eta jatea maitatzea. Egongo dira jatea gustuko ez duten gozogileak, baina nik uste dut osagarri ederra dela hori, lana ongi egiteko eta sortzen duzunarekin disfrutatzeko.
Zure ofizioa afizioa ere bada?
Ez da beti horrela izan. 14 urterekin hasi nintzen lanean, igandero. Orain bai, orain ikusten dut neure burua ofizio honetan, bizitza osoan aritu naizelako gozogintzan; eta horrek ez du preziorik. Ofizioa irabazi dut.
Nola lortu negozio familiarra bizirik mantentzea?
Garapen bat behar da. Hala ere, enpresa honek oraindik badu familia enpresaren kutsua, eta beti izango du, nahiz eta familia ez aritu beti lanean.
Beste 127 urtez labea piztuta egongo dela uste duzu?
Gaur egun ezin da jakin. Badirudi gaur egun, bizirik jarraitzeko, behartuta zaudela enpresa handitzera edo etengabe aldatzera. Nik zera nahi dut, enpresak gutxienez esentzia mantentzea, eta hori oso zaila da.
LOTSABAKO