Gutxi dira arrakastaren olatua hartu eta hogei urtera goian eusten diotenak: Gozategi taldeak plazak betetzen jarraitzen du, eta kontzertuak ematen hasi zenean bezain indartsu. Gaur Berriozarren ariko da (Nafarroa), Ilargi parkean, 19:00etan.
Ibilaldi oparoa egin du ezohiko formatu batekin ausartu zen taldeak. Hirukote modura ekin zioten musika ibilbideari. Trikiti eta pandero doinuei baxu eta txarangoa gehituta, arrakasta lortu dute azken hamarkadetan. Horrela, Ainhoa eta Asier Gozategik, Iñigo Goikoetxearekin batera, lehen diskoa atera zuten 1995ean. Sei disko dituzte dagoeneko, 2010ekoa azkena, eta, nahiz eta hogei urte igaro, ez dute hasierako freskotasunik eta bizitasunik galdu. Urteak pasatu ahala, disko «pertsonalagoak» atera dituzte, eta oso presente izan dituzte amodioa, egoera politiko eta sozialak eta Euskal Herriarekiko sentimendua. Orain, beste disko bat ateratzeko asmotan dabiltza: Gozategi 1992-2012.Udan hamaika kontzertu ematen ari dira, eta abesti berriak eta hain berriak ez direnak tartekatzen dituzte, ikusleen gozagarri. Triki-popak oraindik ere indarra baduela ikus daiteke Gozategik ematen dituen kontzertuetan; 90eko hamarkadan izandako arrakastara iritsi gabe, hala ere.
GOZATEGI
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Berriozarko Ilargi parkean (Nafarroa).
Gozategi, 20 urte plazak betez
Disko berri bat dauka esku artean talde beteranoak; kontzertua emango du gaur, 19:00etan, Berriozarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu