Osasuna. Sexologia

Gozamenari bidea ematen?

BERRIA.
2014ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Aspaldian konturatu izan naiz nire idatzietan nahikotan agertzen direla plazerari lotutako hitzak, edukiak, keinuak... Esan ere, esan didate. Eta, bai, horrela da.

Denboraren poderioz eta askoren lanaren poderioz, sexologiari lotutako hainbat gai beste modu batean aztertzen dira egun, eta horren nahiari eusten diogu lanbide honetan gabiltzanok; eta baita gure etxekoek, auzokoek, familiakoek, eskolek, guraso elkarteek, emakume elkarteek, gay-trans-lesbianen elkarteek eta abarrek ere.

Badakigu hainbat aldaketa denboraren poderioz gertatuko direla, orain hazi batzuk ereiten gabiltzala eta gure umeek loreak ikusiko dituztela. Badakigu, halaber, prozesu batzuk ezin direla aldatu norberak bizi behar dituen ardatza direlako, bere barneko iraultzarako eta hazkuntzarako…

Baina hori horrela bada ere, oraindik zaila egiten zait Lehen Hezkuntzako liburu bat zabaltzea eta oraindik ugalketa prozesua azaltzea kitzikagarritasunaren fisiologia aipatu gabe. Edo DBHko liburu batean sexualitateari buruzko azalpenetan indar handiagoa ematea antisorgailuen zerrendari gure bizitzan izaten dugun sexualitatearen bizipenari baino. Edo jende larregik pentsatzea sexologoak garela hankartekoaren arazoak «konpontzen ditugunak». Edo hilekoari buruz informazio gehiena minarekin eta ezinbesteko pasadizo «nazkagarriarekin» lotuta egotea. Edo hitzaldietan tarte handienak genitalen arteko jolasek ekar litzaketen ondorio txarrei buruz izatea (nahi gabeko haurdunaldiak, infekzioak, gaixotasuna…). Edo koitoa oraindik ardatza izatea emakumeak plazeraz aritzen direnean, orain dela milaka eta milaka urte naturak emakumeon klitoria baginatik kanpora lekualdatu zuenean, ugalketa eta gozamenaren bideak desberdintzeko. Edo, jakinda soilik jokabide batzuek baino ez dituztela sortzen infekzioak eta haurdunaldiak, oraindik esku hartze gehienek jokabide horietan ipintzea ahalegin guztia, bestelako arrisku gabeko jolasei eta gozatzeko moduei hain arreta txikia eskainiz. Edo nesken erotikari edo neskek eduki ditzaketen harremanei buruzko informazioa beldurrez eta jarrera ezkorrez josia izatea.

Imajinatzen duzue Arzak, Subijana, Eneko Atxa, Argiñano edo David de Jorgeren saioetan edo aurkezpenetan kolesterola, tentsio altua, azido urikoa eta abar aztergai izatea, haien errezeta zoragarriak izan beharrean?

Haiek gastronomiaz jarduten dute: zentzumenak lantzen dituzte gozamena lortzeko; egiteko moduak lantzen dituzte artearen ukitua eman arte; ikerkuntza zabalkuntza eta askatasuna moduan; aldi berean, gure eguneroko jatorduak zelan erraztu esaten dute; gure imajinazioa suspertu egiten dute, gure ukituari garrantzi berezia emanez, momentu bakoitzak bere moduak dituela azpimarratuz; guarrindongadak egitea bakoitzaren dastamenarekin lotuta dagoela eta gozagarriak direla esaten dute, sukaldean norberaren burua nahastea eta purrustadak ateratzea bidearen geltoki aberasgarria dela…

Baina gozatzea, plazera bilatzea, jolastea, ikastea, ikertzea, ondo pasatzea, lagunekin edota bikotekidearekin partekatzea eta banaka jardutea ere oso gozagarria dela… Sukaldariek irria, pasioa, gozamena, elkarlana, berezitasunak, arauak eta arauak apurtzeko arrazoiak ematen dizkigute, bakoitzak berea egiteko.

Zer gertatu zaigu sexudunak, sexualak, erotikoak eta amanteak izatearen gozamenarekin, irriarekin, elkarbizitzarekin, laguntzarekin, pasioarekin, baikortasunarekin, sinergiarekin...? Zergatik eta zertarako horrenbeste beldur, gaixotasun, biktimizazio, ikara, patologia, bekatu, edo ona eta txarraren ebaluazioaren beharra?

Gozamenak indarra, konfiantza, autoestimu zoragarria, aberastasuna, askatasuna, gaitasuna, xamurtasuna, grina, poza, aukera zabala, umorea eta beste dakarkigu gure bizitzara. Uste dut norberaren gozamenaren mapa eraikitzeko bidaiak merezi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.