San Juan Dolozak Bakion

Gozamen luzeagoa

Emakumeak izango dira jaien hasierako protagonistak bihar, Bakion. Zazpi egun iraungo dute aurten, eta denentzako ekintzak izango dira

Udaletxeko plaza urtero betetzen da txupinazorako. BAKIOKO KULTUR ETXEA.
2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Bihar hasiko dira Bakioko jaiak (Bizkaia), eta, Isabel Barturen alkateordeak adierazi moduan, «beste batzuetan baino egun gehiago» izango ditu. San Juan Doloz bezperan hasi ohi dira, baina, asteburua aprobetxatzeko aukera egonda, ospakizunak aurreratu dituzte. Ez beti da ez leloa buruan, oro har, udako jaietan gertatu ohi diren eraso sexistak ez ditu ahaztu Barturenek. Horregatik, eta emakumeei protagonismoa emateko ahaleginean, uste du Marta Txori emakumeen elkarteak pregoia irakurtzeko «momentu egokia» dela. Bat dator Jai Batzordeko Marije Muruaga: «Gauden momentuan, sexismoaren gaitzarekin, bada garaia mezu positiboa helarazteko: libre eta beldur barik ibili behar dugu, eta berezia izango da txupinazoa emakumeek botatzea».

Une politak izaten dira beti jaien hasierakoak. Urtero bezala, kalejira jendetsua egingo dute bihar, txistulariak buru. Lanper jaietako pertsonaia, buruhandiak eta festarako gogoa ez dira faltako, eta txakolina ere banatuko dute bidean. Aurten, elektrotxaranga eta Musikaleko ikasleak izango dituzte lagun. Ibilbidea auto zoroen lehiaketako gurdi ikusgarrietan egingo dute askok. Udaletxeko plazara iristean, Marta Txorikoen txanda izango da.

25 emakume inguruk sortu zuten, duela hamabost urte, Marta Txori. Bakion hainbat ekintza antolatzen dituzte: matxismoaren eta defentsa pertsonalaren inguruko tailer eta hitzaldiak, tratu txarren kasuak salatzeko kontzentrazioak, bidaiak eta museo nahiz antzokira joateko planak... «Egun, 150 kide ditugu; denborarekin haziz joan gara», azpimarratu du Ana Castresana presidenteak. Hark botako du suziria, eta Arantxa Zabalak irakurriko du pregoia; biak hasieratik daude taldean. Emakumeen defentsan mintzatuko dira, eta Bakioko jaien alde, noski.

Marta Txori elkarteak beti hartu du parte jaietan, eta Jai Batzordean ere badaude. Muruagak kontatu du herriko talde guztiek lan egiten dutela: «Denok egoten gara prest ahal duguna egiteko, eta jendearen parte hartzea nahi dugu». Bakioko abesbatzako kide da Muruaga, eta, haiez gain, Itsas Alde dantza taldeak, Bakio Surf Taldeak eta gehiagok laguntzen dute jaiak antolatzen. Esaterako, Alaitasuna pilota elkarteak eta Atxurre areto futboleko taldeak. Gaur dira haiek antolatutako udako pala eta areto futboleko txapelketen finalak. Gauean kontzertuak egongo dira txosnagunean, eta bertan ere eraso sexisten aurkako protokoloa eta prebentziorako panfletoak dituzte.

Gaurtik aurrera, Muruagak dioenez, «denontzako moduko zerbait dago jaietan». Jaiegunakkalejirekin hasiko dira, eta Gure Etxean antzinako jaien erretratuak ikusi ahalko dira. Astelehenean da San Juan Doloz eguna, eta goizez Herri Milian korrika egiteko aukera egongo da. Hori da, mareengatik iragan astean egin zen txalupa jaitsierarekin batera, parte hartze handieneko ekitaldietako bat. Horrez gain, San Juan Doloz mozorrotzeko eguna da. «Jende guztia mozorrotzen da, eta giro berezia sortzen da; txupinazoarekin batera, egun handiena da», dio Muruagak. Asteazkenean izango da agian Bakiotik kanpo gehien ezagutzen den ekitaldia, Eneperi eguna. Paella lehiaketa egiten da Urizarretan, eta parte hartzea oso handia izaten da beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.