Gotorlekua, berrituta

Zaintzategia berritu eta erakusketa bat jarri dute Hondarribiko Gotorlekuan. Jaizkibel mendiari buruzko informazioa jaso eta monumentuaren historia jakin daiteke bisitetan.

1900. urtean eraiki zuten gotorlekua, eta 2010ean garbitu eta ireki zuen Hondarribiko Udalak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Hondarribia
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hondarribiko Ama Birjina da Ama Guadalupekoa. Jaizkibel mendian du santutegia, eta hara igotzeko ibilaldi polita egin daiteke herriko kaitik. Mendiaren inguruetan itsasoko kresal usaina arnasten da. Hondarribiko (Gipuzkoa) argazki ezagunena hondartza izaten bada ere, mendian galtzeko aukera ere badago. Santutegitik gertu, Guadalupeko gotorlekua dago. Mendiaren erdian dago sarrera, aparkaleku baten alboan, han ezer ez dagoela ematen duen arren. Hara sartuta, istorioak berpiztu egiten dira, eta gotorlekuaren lubakietara igota, itsasoa ere ikusten da.

Udalak 2010. urtean ireki eta garbitu zuen 1900ean eraikitako gotorleku hori, Gregorio Berrotara zinegotziaren irizpideei jarraituz, bisitariek lekuaz gozatu ahal izateko. Izan ere, han gordetzen zena ez zen gauza makala, 69 artilleria unitate eta 600 militar baino gehiago sartzen baitziren.

Gotorlekuaren barruan kuartelak, patioak, muniziorako biltegiak, ofizialen gelak eta sukaldeak zeuden; eta inguruan hobi bat, metrailadore, kanoi eta fusilen bidez babestua.

Hondarribiko Udalak hainbat lan egiten ditu gotorlekua egoera onean mantentzeko. Azkeneko lanak zaintzategian egin dituzte. Juan Luis Silanes Kalixa Hondarribiko nekazaritza zinegotziak esan duenez, «lehengoratzearen bigarren fasea egin berri dugu, guztira 90.000 euro erabili ditugu proiektu honetan». Enpresa pribatu batek egiten dituen mantentze lanei zaintzategiko lehengoratze lanak gehitu zaizkie. Gainera, gotorlekuari buruzko erakusketa bat ere jarri berri dute.

Iaz, Arma Plaza fundazioa hasi zen bisita gidatuak bere gain hartzen, eta haien laguntzarekin sortu dute erakusketa.

Gotorlekuko sarreran bi areto txiki lehengoratu dituzte, eta han bi informazio panel sorta jarri dituzte. Ezkerraldekoak gotorlekuari buruzko informazioa ematen du: kuartel eta galeriak deskribatzen ditu, gotorlekuak dituen berezitasunak, artilleria eta garnizioa, baita lubakia eta bere defentsa ere. Eskuinaldeko aretoan, berriz, Jaizkibel mendiari buruzko xehetasunak ageri dira: basoko landaredia eta fauna, hurbil dauden monumentu megalitikoak, gerra karlistetako gotorlekuak, antolaketa geologikoa eta mendi bideei buruzko informazioa.

1976an izaera militarra galdu zuen tokiak, eta Hondarribiko Udalak erosi zuen. «30.000 metro koadro ditu, beraz ez da oso erraza kudeatzen; hala ere, ari gara gauza gehiago egiten, betiere segurtasuna kontuan hartuz», dio Silanesek. Izan ere, urteak hutsik egon eta gero, eta galeria eta pasadizoz betea dagoenez mendia, lurra jausteko arrisku handia egon zen urte askoan. Orain konponduta dago bisitentzat erabiltzen den aldea behintzat.

Gerrako istorioak entzun ahal izango ditu bertara joaten denak. Gotorlekuan espetxeratutakoen edo han hildakoen senideek familian entzundako istorioak kontatzen dituzte; adibidez, 1936ko irailaren 5eko ihesaldiaz. Bisitari asko, soldaduska bertan egin zutelako joaten dira, eta beste bisitariekin garai hartako bitxikeriez hitz egiten dute: non jaten zuten, non egiten zuten lo, zertan pasatzen zituzten aisialdiko orduak... eta baita nondikihes egiten zuten ere, larunbatetan zinemara edo dantzara joateko.

Ezkutuan dago gotorlekua, kanpotik ia ikusi ere ez da egiten. Eta, hain zuzen ere, hori da Kalixa Silanesentzat gotorlekuaren berezitasun nagusia: «Jende askok kartela jarri arte ez zekiennon zegoen gotorlekuko sarrera». Oro har, gotorlekua oso ondo mantenduta dago. Silanesek argitu duenez, eraiki zutenean hiru milioi pezeta kostatu zuen (18.000 euro), «Artzain Onak baino gehiago», beraz, ez da harritzekoa zutik irautea.

Aurten, 1.600 lagun igaro dira Guadalupeko gotorlekutik, batez ere eguraldi onak lagunduta. Iazko urtearekin alderatuta, %10 bisitari gehiago, eta gehienek trenean igotzea aukeratu dute. Izan ere, tren berdean igo daiteke Guadalupera udan, larunbat eta astelehenetan.

Bisitak irailaren bukaerara arte luzatu dira asteburuetan, eta uztailean eta abuztuan astelehenetan ere badago trenez igotzea. San Juan de Dios biribilgunetik ateratzen da trena, eta portutik barrena itsasargirantz abiatzen da, eta handik Jaizkibeldik barrena iristen da gotorlekuraino. 35 minutu behar ditu trenak bidea egiteko. Treneko bidaiak eta gotorlekuko bisitak bost euro balio du, eta bost urtetik beherako umeak doan sartzen dira.

Igandeetan, nahiz eta trenik ez egon, bisitak egin daitezke gotorlekuan. Gainera, falkoneria ekitaldiak egiten dituzte Bidasoa Bizirik-ekin batera, Hondarribi Habian programaren barruan. Hegaztien erakustaldiak eta hitzaldiak egiten dituzte.

Horretaz gain, astegunetan ere urte osoan dago aukera bisita egiteko, aurretik erreserba eginda. Euskal Herriko nahiz atzerriko bisitariak hartu ohi ditu gotorlekuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.