Garraiolari autonomoa da Jose Mari Lejardi Gabixola (Xemein, Bizkaia, 1959). Alorreko langileek azken hamarkadan erosteko ahalmenaren %23 galdu dutelakoan, gose greba abiatu zuen maiatzaren 1ean. Astelehenean utzi zuen, 47 egunen buruan.
Gose greba hasi zenuenean, «gorputzak eusten duen arte» jarraituko zenuela esan zenuen. Nola egon zara azken egunetan?
Gorputzez ahul nago, azken bost egunetan beherakada nabarmena izan dut: hizketarako indarra ere asko gutxitu zait. Baina barrutik ezin naiz beteago egon, helburu guztiak bete ditudalako, eta baita gehiago ere. Alde batetik, espero baino oihartzun handiagoa lortu dut hedabideetan. Bestetik, ikaragarria da pertsona bakar baten ekintza batengatik euskal sindikalismoaren gehiengoa bitan etortzea eta, azken aldian, denak batera. Greba uzteko eskatu didate, eta agiri sendoa argitaratu dute. Horregatik eta nire osasunaren egoerarengatik utzi dut protesta.
Salatu duzunez, garraiolari gehienak autonomoak direlako, talde gisa jokatzeko ezinak kentzen die ahalmena lan baldintza hobeak lortzeko. Ekintza ezin autonomoagoa egin duzu, ordea.
Ez naiz bakarka aritu bakarka aritzeagatik, baizik eta ez dudalako beste inor topatu. Gehiagok egin beharko genuke. Garraiolari guztiek dakite batasunik ezagatik galdu dutela lehengoko pisua. Tristea da, geu baikara gizarte osoaren odola. Gizarteak behar gaitu: janaria, lantegietako materiala, gasolina... dena guk eramaten dugu, furgoneta txikian, kamioi handian. Gure ahuldadea psikologikoa da, zeren eta praktikan denek baitute geure beharra. Baina bakarrik ibiltzen gara, eta horrek bakarti bihurtzen gaitu. Orain, garraiolari guztiok gaude gaizki, baina ez dago buruzagirik horiek guztiak bildu eta sinetsarazteko egoera alda daitekeela oso egun gutxitan.
Egun gutxitako kontua litzateke? Nola?
Maok nekazariak konbentzitu zituen iraultza egiteko. Orain, garraiolariak eta informatikariak konbentzitu beharko lituzke, horiek maneiatzen dituztelako sistemaren beharrizan nagusiak. Programatzaileak kenduta, sarea mantentzen duten informatikariak ere oso gaizki dabiltza: 800 euro inguru kobratzen dute. Hori esan nien sindikatuetako ordezkariei: ikusi zein alorrek daukaten dena gelditzeko gaitasuna, eta, egun gutxitan, eta gizarteari ahalik eta kalte txikiena eginda, elitearen planak geratu. Mundu osoan egin behar dugu eta orain, jada ari direlako gidaririk gabeko kamioiak asmatzen.
Nolako giroa sumatu zenuen sindikatu horiek guztiak zurekin elkartu zirenean?
EHNEko, LABeko, ELAko eta Hiru sindikatuetako kideak etorri ziren. Ondoren argitaratu zuten agiriak erakutsi dit borroka honek balio izan duela jendea sentsibilizatzeko: Gure Esku Dago bezalako dinamika bat dute martxan, batuketa lortzeko eta herrietara zein lantegietara zabaltzeko. Egun batean ekintza sinbolikoa ez, baizik eta eraginkorra egiteko. Gose greba gogorra da, baina, era berean, osasungarria, denbora batez, behintzat, ustel usaina pixka bat kentzeko. Geure buruzagi politiko zein sindikalek 30 bat egunez egingo balute, sekulako sinesgarritasuna lortuko lukete.
Eta, zeu, orain zer?
Frutaren ura edaten nabil. Entsaladak eta barazkiak jango ditut hilabete batez... Gidaria kontratatua dut ni ordezkatzeko, mailegu bat eskatuta. Baina hau egin ez banu ez dakit zer egingo nukeen neure buruarekin: gaizki eta bakarrik sentitzen zarenean balioesten duzu benetan merezi ote duen horrela bizitzea. Halako katarsia behar nuen.
ATZEKOZ AURRERA. Jose Mari Lejardi. Garraiolaria
«Gose grebak ustel usaina kentzen du»
Jan gabe 47 egun pasatu ondoren, protesta bertan behera utzi berri du kamioi gidariak. Garraiolarien egoera txarra salatu nahi zuen eta sindikatuak biltzea lortu du ekintzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu