Gorputzaren eta buruaren arteko lehia, ur azpian

Euskadiko apnea txapelketa jokatu dute gaur arratsaldean Gasteizko Mendizorrotzako igerilekuetan. Parte hartzaileek bi proba zituzten: iraupenekoa eta distantziakoa.

Igerilari bat, ur azpian, gaur jokatu den Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako apnea txapelketan. KGZ / BERRIA
Igerilari bat, ur azpian, gaur jokatu den Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako apnea txapelketan. KGZ / BERRIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko martxoaren 29a
18:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Eduki hau irakurtzeko bi minutu behar dira. Bitartean, ez hartu arnasarik. Bukatzean, oraindik arnasari eusteko ahalmenik bada, ez bota, minutu batzuk gehiagoz eutsi behar baitzaio itolarriari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako apnea txapeldun izatea lortzeko. Gaur arratsaldean jokatu dute txapelketa, Gasteizko Mendizorrotzako kiroldegiko igerileku estalian. Lehiak ez du aparteko zailtasunik: ur azpian denbora gehien irauten duenak irabazten du.

«Kirol hau, fisikoa baino gehiago, psikologikoa da», Elena Olieteren ustez. Gorputzak uretatik irten nahi du, karbono dioxidoa askatzeko eta oxigenoa hartzeko programatuta dagoelako. Eusteko gakoa kontzentrazioa dela esan du. Igerilekuan ezin da zaratarik egin, esaterako.

«Denbora luzez urpean zaudenean, kontrakzioak hasten dira sabelean», deskribatu du Inma Aragon Bautistak.«Bakoitzak bere trukoak ditu irauteko. Nik nire baitan kantatu egiten dut, edo neure buruari hitz egiten diot». Beroketak ere garrantzi handia du, eta batzuk berrogei minutu ere egiten dituzte arnasketa ariketak eta luzaketak egiten, gorputza ohitu dadin.

Zortzi minutu ere egiten dituzte onenek ur azpian. Batzuk larri irteten dira gainazalera, baina gaurkoan ez da sorosleen beharrik izan. Behin biriketako oxigenoa berrituta, bizkor itzultzen dira euren onera, eta ongi daudela adierazteko keinu bat egin behar izaten dute, arautegiak hala dioelako.

«Ikasi egiten da, dena bezala», kontatu du Aragonek. «Ni lehorrekoa naiz. Heldua izan arte ez nintzen igerian hasi, eta horrela ezagutu nuen kirol hau. Badu zerbait, eta azkar erakarri ninduen». Haren arabera, apnearen onurak egunerokoan baliagarriak dira, kontzentrazioa eta emozioen kontrola lantzen dituelako, ariketa fisikoa egiteaz gain.

Hazten ari den kirola dela azpimarratu du Kosme Aranburu Euskadiko ur azpiko kiroletako federazioko kideak. 2019an sortu zuten apnea adarra, eta esan du geroz eta federatu gehiago daudela. Aurtengo txapelketan, adibidez, 30 lagun lehiatu dira, iaz baino sei lagun gehiago. «Normalean, emaitzarik onenak heldutasunean lortzen dira, 40 urteren bueltan, baina 20 edo 50 urteko federatuak ere baditugu». Txapelketan, gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua da.

Denbora eta distantzia

Igerilekuko albo batean, kaleak bereizteko kortxozko ilarekin, hainbat eremu markatu dituzte. Zati bakoitza epaile batek zelatatzen du, kronometratzaile baten laguntzarekin. Txandaka, txapelketa hasi aurretik erabakitako ordenaren arabera, igerilariak dagokien laukitxora joaten dira eta, ahuspez, uraren gainazalean etzaten dira, ahalik eta denbora gehien egiteko. Igerilari bakoitzak laguntzaile bat izaten du, eta lauki bakoitzean sorosle bat dago. Epaile, sorosle eta enparauen artean, ia lehiakideak baino gehiago dira.

Bigarren modalitate batean ere lehiatzen dira. Kasu honetan, denbora baino gehiago, arnasarik hartu gabe egindako metroak dira garrantzitsuenak. Berrehun metrotik gora egiteko gai dira onenak, hau da, 50 metroko igerilekuan lau joan-etorri baino gehiago, arnasarik hartu gabe. Modalitate horren barruan hiru kategoria daude: oinutsik, bi hegalekin eta hegal bakarrarekin. Igerilari bakoitzak modalitate batean baino gehiagotan har dezake parte.

Igerilekuan 27 gradu egin arren, gehienek gorputz osoa dute estalita, neoprenozko trajeekin. Azkenerako, orduak egiten dituzte uretan, eta hoztu egiten dira. Txapelketak ia bost ordu iraun du, denera.

Igerilari bat, murgiltzeko prest. Lepoan zama darama; birikak horrenbeste betetzen dituzte, pisurik hartuko ez balute flotatu egingo luketela. KGZ / BERRIA
Igerilari bat, murgiltzeko prest. Lepoan zama darama; birikak horrenbeste betetzen dituzte, pisurik hartuko ez balute flotatu egingo luketela. KGZ / BERRIA

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketa izan arren, Nafarroako eta atzerriko igerilariak ere lehiatu dira, izen ematea irekia baita. Felipe Martin eta Irene Arjol Mallorcatik (Herrialde Katalanak) etorri dira, nahiz eta Zaragozako (Espainia) klub baten izenean lehiatu diren. «Kostaldekoak izanda baina Zaragozan bizita, uraren falta sumatzen nuen. Apneak lagundu dit», esan du Martinek. «Batera eta bestera, kilometroak egiten ditugu. Aurreko astean Bartzelonan izan ginen, beste txapelketa batean», gaineratu du Arjolek.

Hilabete barru, Espainiako apnea txapelketa jokatuko dute Gasteizen. Mendizorrotzako igerilekuan izango da hura ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.