Ane Gebara: «Gorputzaren barrenetik egiten duzun guztia beti da zurea; beti da egia»

Ane Gebarak eta Josune Velez de Mendizabalek antzerki tailer bat egingo dute 9 eta 12 urte bitarteko neskekin, hirugarren aldiz , «haurrei gorputzarekin konektatzen laguntzeko».

(ID_17079912769895) Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal
Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara 'Eta kittorik ez!' antzezlana egiten. LES BOBE BOBE
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 16a
05:10
Entzun

Hirugarren aldiz, Nahi duguna izango gara antzerki tailerra egingo dute etzi Ane Gebara (Gasteiz, 1989) eta Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977) aktoreek. 9 eta 12 urte bitarteko neskekin gorputzeko zenbait ataletatik sentimenduak irudikatu eta sortuko dituzte, «orokorretik jakinera iristeko». Tankera horretako tailerrak ematen —eta jasotzen— ohituta daude Gebara eta Velez de Mendizabal, baina saio bakoitza «berezia» dela azaldu du Gebarak.

Nondik sortutakoa da tailerraren izena?

Behin Aramaion [Araba] bi pieza egin genituen Josunek eta biok, beste bi mutilekin batera. Mutilek ia biluzik amaitzen zuten; guk ez, baina tontakeria asko egiten genituen. Emanaldiaren amaieran, 10 urteko bi neskatilak lotsarik ez genuen galdetu ziguten, gu bioi bakarrik, nahiz eta mutilak erdi biluzik egon. «Bada, ez. Nahi duguna egiten ari gara», erantzun genien. Ez dakit izena hortik datorren, baina egun hartan ikusi genuen emakumeen jarduteko moduaren inguruan dauden aurreiritziak oraindik ere arazo handi bat direla.

Zertan datza tailerra?

Gehienbat jolasak eta ariketak egiten ditugu. Ez da ohiko antzerki tailer bat; istorio eta gidoi batetik abiatuta pieza bat sortzean datza. Ariketen bitartez sortzen diren mugimendu eta sentimenduekin jolasten dugu guk. Bakoitzaren gorputza jartzen dugu erdigunean.

Nolakoak dira ariketak?

Gorputza esnatzeko jolasekin hasten gara, mugimendu asko dituztenekin. Gero, poliki-poliki, bakoitzaren gorputzera eramaten dugu arreta: nola daukat oina, nola mugitzen naiz... Eta tailerraren amaieran gauza orokorragoak egiten ditugu, premisa batetik abiatuta.

Adin horretako haurrekin ez da zaila horrelako ariketak egitea?

Ez pentsa; umeak uste baino gehiago murgiltzen dira jolasetan. Egia da tempo oso lasaian eta denbora oso luzeekin lan egiten dugula, eta haurrak ez daudela horretara ohituta, beti exijitzen baitiegu korrika eta presaka egitea gauzak, eta aspertzen direnean beste estimulu bat ematen diegu. Hemen, berriz, kontrakoa egiten dugu, eta uste dut haiek asko eskertzen dutela.

Zertan laguntzen die tailerrak?

Indarra ematen diogu bakoitzak nahi duena egiteari eta bere gorputza entzuteari. Inork ezin dizu ezer esan. Gorputzaren barrenetik egiten duzun guztia beti da zurea; beti da egia. Beraz, beti dago ondo.

Lotsa oztopo handi bat da gorputzarekin konektatzerakoan?

Guztiok daukagu lotsa noizbait, nik ere bai. Hasierako barre txikiak, elkarri begietara begiratzen diogunean sortzen diren horiek, saihetsezinak dira. Eta, bai, lotsak bideratzea zaila da batzuetan, baina gakoa guztiok eroso egotean datza. 

Badago alderik helduen eta haurren antzezteko moduan?

Egia esan, egiten ditugun ariketa guztiak Josunek eta biok jaso ditugun berdinak dira, helduok ere asko eskertzen ditugunak. Izan ere, ariketen muina begirada gorputzean jartzea da, eta hori edozein adinetan egin daiteke. Hala ere, egia da haurrek askotan esaten digutela «helduen gauzak» egiten ari direla sentitzen dutela, baina, nire ustez, horrek lortura estuagoa du denbora luzeekin eta lasaitasunarekin, eta ez horrenbeste ariketetan egiten dugunarekin. 

Horrelako antzerki tailer batean badago «ikasturte amaierako ikuskizunik»?

[Barrez] Tailerra hiru igandetan egiten dugu, eta, normalean, azken igandean erakustaldi txiki bat egiten dugu, gurasoentzat. Guraso gehienak zur eta lur geratzen dira. Erakusten duguna ez da antzezlan konbentzional bat; ariketak dira, mugimenduak, musika lasai batekin, eta gurasoak harrituta gelditzen dira sortzen den giro lasaiarekin. Beti galdetzen digute: «Nola lortu duzue?».

LOTSABAKO

Antzezten ikasi edo antzezteko jaio? Gozatu eta gero ikasi.
Genero bat? Umorea; zentzuduna ez bada, hobe.
Norberarekin konektatzeko kanta bat? Sinnerman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.