Dantzaren Nazioarteko Eguna izango da datorren asteartean, apirilaren 29an, eta, horri lotuta, hainbat ekimen antolatu dituzte Euskal Herriko txoko askotan. Getxon (Bizkaia) larunbata, hilaren 26a, aprobetxatuko dute egun osoa dantzen erritmora betetzeko.
Getxokoa ez da ospakizun berria: 30 bat urte daramatzate Dantzaren Nazioarteko Egunaren bueltan jardunaldi horiek antolatzen. Getxo Kulturakoen esanetan, haien asmoa beti izan da dantza kalean egitea, «jendeak ikus dezan dantza arte eszenikoen diziplina inportantea dela», aldarrikatu dute. Antolaketa lana elkarlanean egin izan dute betidanik: «Getxotarrekin antolatutako ekimena da, eta bertako bederatzi dantza akademiak hartzen dute parte, orotara».
Eguerdiko hamabietan hasita, balleta izango da protagonista: barra klasikoaren erakustaldia egingo dute Bizkaia Zubiaren ondoan. «Donostian eta Bilbon egiten den bezala egingo dugu erakustaldia», esan dute Udaleko ordezkariek. Gero, arratsaldeko ikuskizunean denetarik dantzatuko dute, beste hainbat diziplina irakasten dituzten akademien eskutik: klasikoa, hip-hopa, urbanoa, garaikidea, jazza, jazz lirikoa, saltsa, zumba, modernoa...
Erakustaldiaz gain, dantzaldia eta jendeari irekitako klasea ere izango dira, 19:30ean, Algortako San Nikolas plazan. Antolatzaileen esanetan, ez da oso erraza izaten jendeak parte hartzea. Halere, animazioa sustatzeko, adin guztietako jendeari erakargarriak eta errazak egingo zaizkion dantza estiloak irakatsiko dituzte: saltsa, garaikidea, urbanoa, hip-hopa... «Izan ere, balleteko pauso bat edo beste irakats dakieke, baina asmoa gehiago izaten da festa giro dibertigarria sortzea», zehaztu dute.
Getxo Kulturakoek festara joatera animatu dute dantzatzen dakien eta ez dakien jendea: «Inoiz halako esperientziarik bizi gabekoa izan zaitezke, probatu, eta zure bizitzako ilusio bilaka daiteke; probatzeko aukera izango duzu hemen, eta bilaka daiteke gerora zure bizitzaren parte». Zer eguraldi egingo duen esperoan daude: eguraldia nolakoa den, litekeena da egitaraua moldatu behar izatea.
Dantza nonahi
Dantzaren Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta, Euskal Herriko hainbat herrik dantzaren bueltako egitarauak ondu dituzte: Lasarte-Orian (Gipuzkoa), nazioarteko egunean bertan ospatuko dute; herrian dantza lantzen duten zenbait taldek hartuko dute parte Kukuka eskolak antolatuko duen ekimenean. Donostian, maiatzaren 4ra arte atzeratuko dute ospakizuna, hurrengo igandera arte, baina arrazoi bat dute horretarako: Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak 1996. urteko maiatzaren 4an ospatu zuen lehen aldiz Dantzaren Nazioarteko Eguna. Aurtengo galan Gorka Duran dantzaria eta Alberto Sagardia piano jotzailea sarituko dituztela aurreratu dute Donostia Kulturako arduradunek. Sopelan (Bizkaia), berriz, maiatzaren 9an ospatuko dute eguna.
'Dantza lanbidea da' leloa
ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak Dantza lanbidea da leloa hautatu du aurten, dantzari profesionalek egiten duten lana «ospatu eta ikusarazi» nahi dutelako. Hain zuzen, ohar batean adierazi dute sektore berean hainbat lanbide daudela, eta horietako batzuk beste batzuk baino ezezagunagoak direla.
Horretarako, bina profesional elkartuko dituzte hiru ikastetxetan lau hitzaldi egiteko, haien esperientzia eta grina kontatzeko. Belaunaldi berriak «inspiratu» nahi dituzte horrela, eta erakutsi dantza «artea» dela, baina baita «aukeraz eta dedikazioz betetako ikasketa bat» ere. Zahar etxe batera ere joango dira, aurkezpen berezi bat egiteko. Iruditzen zaie aukera aberatsa izango dela bi aldeentzat, «dantzak belaunaldiak nola konekta ditzakeen erakutsiko duelako».