Frantzian harrotu da polemika. Bizkarrezur amiotrofia duen Marcel Nuss idazlearen liburu batek piztu du txinparta: En dépit du bon sens, autobiographie d'un têtard à tuba (Aire tutudun zapaburu baten autobiografia, zentzuz kontra). Urritasunen bat duten pertsonak sexualki artatzen dituen laguntzaile sexualaren figuraz mintzo da obra. Are gehiago, aldarri bat da. Eragozpen fisiko edota psikikoren bat dutenek beren buruarekin edota bikotekidearekin sexu harremanak edukitzeko eskubidea defendatzen du, eta zilegi dela horretarako beste pertsona baten zerbitzua jasotzea. Adibide bat: nork bere burua masturbatu ezin badu, masturbatuko duen norbait egoteak legezko praktika izan behar duela, eta, era berean, laguntza hori eskaini behar zaiela bere bikotekidearekin edo taldean sexu harremanak mantentzeko laguntza behar duten pertsonei. Buru beste aburu daude, ordea. Askok diote laguntzaile sexualak soldatapeko norbait izan behar duela; bada kontra dagoenik; baita edozein pertsonarentzako zerbitzua izan beharko litzatekeela azpimarratzen duenik ere... Iritziak iritzi, legeria da zehaztuta dagoen bakarra. Hego Euskal Herrian alegala da laguntzaile sexualen zerbitzua; Ipar Euskal Herrian, aldiz, ilegala. Europari so, Suitzan, Herbehereetan, Alemanian eta Danimarkan arautua dago. Baina matriuska bat da gaia bera: azpigaiez betetako artefaktu diskurtsiboa. Izan ere, erdigunean jartzen ditu ia ezkutuan egon diren errealitateak: tokirik ba al dauka ezintasunen bat dutenen sexualitateak iruditeria kolektiboan?
Ezetz uste du Mari Karmen Azkona Fekoor Federazioko emakumeen berdintasunerako batzordeko kideak. Hark jaio eta hiru hilabetera polioa hartu zuen. Horregatik, bere larruan ezagutzen du egoera. Ezintasunen bat dutenen sexualitatea aintzat hartzen ez delakoan dago. «Ez gara izaki asexuatuak. Sexua gustatzen zaigu, eta horretarako eskubidea daukagu, gainera; gozatu egiten dugu, eta geure burua baloratzeko era ere bada». Kate berari beste katebegi bat gehitu dio batzar bereko boluntarioa den Arrate Eskuderok: «Sexualitatea gizaki guztiongan da inherentea». Hark garuneko paralisia dauka, eta esperientziaren talaiatik egin du solas. «Gizarteak uste du aingerutxo asexuatuak garela, eta batere desiragarriak ez garela indarrean dauden edertasunen kanonen arabera». Zapalkuntza, halaber, handiagoa da emakumeen kasuan, haien esanetan. Hala ziurtatu du Azkonak: «Gure sexualitatea, eta ezintasunen bat dugun emakumeona are gehiago, aurreiritziz eta jazarpenez bete du gizarteak». Eskuderok borobildu du: «Diskriminazio bikoitza da».
Bazterketaren pisua sumatzen duen beste bat da Telmo Irureta: garun paralisia dauka, bi urte zituela izandako entzefalitisaren ondorioz. «Askotan umemokoak izango bagina bezala tratatzen gaituzte. Eta umeek ez dute larrua jotzen. Zer naiz ni, 26 urteko haur bat?», galdera erretorikoa bota du airera. Gaya da Irureta, eta sexualitatea gozatzearen aldeko mezua zabaldu du, oztopoak oztopo, baina ongi daki jakin bide malkartsua dela. «Aulkian ikusten zaituztenean soldadutxoa gogortzen ez zaizula pentsatzen dute. Edo gerritik behera ez duzula ezer sentitzen. Edo zurekin rollito-ren bat izan duen horrek ere ezgaitasunen bat izango duela. Ematen du nirekin oheratzeko hanka bat falta behar zaizula», esan du garratz. Horren aurrean, konponbidea: «Gaia naturaltasunez azaltzea». Haren irudiko, tabua deuseztatzea da lehenengo egitekoa: edozeinen sexualitateaz hitz egin behar da gaia rara avis bat izan ez dadin. Ildo horretatik, laguntzaile sexualaren inguruan ere umoreko mintzo da. «Nire botoa: baiezkoa. Ideia oso ona iruditzen zait; probatuko nuke!».
Heterosexualitatetik at
Guztiok elkarteko kide eta Berdindu eskolako arduradun Nahia Rojo, dibertsitate funtzionala dutenen sexualitatea «ikusezin bihurtu» dutela deritzo. Ondorioz, ikusarazteko eta balioa emateko edozein ekinbide da ona, dioenez. «Oso positiboa da laguntzaile sexualaren rola. Arazo pila bat saihestuko lizkieke dibertsitate funtzionala dutenei». Haatik, laguntzaileena puzzlearen zati bat baino ez da. Nabarmendu du urritasunen bat dutenen sexualitatearen inguruan orokorrean ezjakintasun handia dagoela, eta, era berean, sinesmen faltsu gehiegi daudela. «Kontraesan bat gertatzen da: dibertsitate funtzionala dutenek edo ez daukate sexurik, edo justu kontrakoa, hipersexualak dira; badirudi aingeruak edo deabruak direla... Desberdinak dira, denok desberdinak garen bezala».
Ezintasunen bat dutenak homogeneizatzea da gizarteak egiten duen beste akats larrienetako bat, haren aburuz. Heterosexualitate ustekizuna ardatz duen sistema heterozentristan, urritasunen bat dutenentzako are murritzagoa da irakurketa. «Ez dugu imajinatzen, eta ez dugu imajinatu ere egin nahi dibertsitate funtzionala dutenek lesbianak, gayak... izan daitezkeenik. Pentsa guraso askok ukatu ere egiten dutela haien seme-alabek sexualitatea dutela. Baina pertsona batek izan dezake dibertsitate funtzionala eta izan daiteke LGTB, eta horiek topatzen dituzten arazoak... etengabe justifikatzen egon behar dute». Adibide baten bidez josi du azalpena: «Irudikatu eskizofrenia daukan batek esaten dizula: 'Ni ez naiz mutila, neska naiz, nahiz eta zakila eduki'. Etengabe egon beharko luke azalpenak ematen». Hori dela eta, jardueren eta identitateen hetereogenitatearen alde egin behar dela adierazi du.
Umeak balira bezala
«Infantilizazioa». Aho bizarrik gabe adierazi du Rojok hori dela beste trabetako bat; umeak balira bezala tratatzen dituztela. Esparru bera izan du ardatz, hain zuzen, Feekor Federazioko teknikari Izaskun Jimenezek: «Ezin dute askeki haien sexualitatea bizi».
Infantilizazioaz gain, bada tamaina handiko errotiko beste problema bat: ikusezintasuna. «Eta ikusezintasuna oso txarra da: ez dena ikusten ez da existitzen», nabarmendu du Rojok. Hedabide nagusietan apenas azaltzen den urritasuna duten pertsonen errealitate sexuala. Bat egin du harekin Yes, we fuck! (Bai, jotzen dugu!) dokumentaleko egile Raul de la Morenak. Hark erantzun bat eman nahi izan dio egoerari: «Guk dibertsitate funtzionalarekin eta sexuarekin loturiko istorioak kontatu nahi izan ditugu dokumentalarekin; ezbaian jarri generoa bera, sexualitatea, gorputzak... Eredu hegemonikoetatik kanpo dauden adibideak ikusarazi behar dira». Hala, normatik atera diren esperientziak jaso dituzte.
Eta alternatibak eraikitzeko beste ekinbideetako bat da Post Op kolektiboaren Pornortopedia egitasmoa, edozeinentzat egokitutako jostailu sexualak egiten ditu: protesietan jartzeko dildoak eta gurpil aulkirako bibragailuak, adibidez. Urko Post Opek azaldu du: «Gorpuztasunaren normaltasunean sartzen ez garenok, alegia, transak, marimutilak, elbarrituak... ahalduntzeko espazioak behar ditugu, gorputzen eta praktiken inguruko iruditeria berriak eratzeko».
Eredu falta gogoan, Rojok hedabideak aipatu ditu. Jimenezek, bestalde, sexu heziketa aldarrikatu du: «Hezkuntza afektibo sexuala jaso behar dute osasunez bizitzeko: jakin behar dute gorputzak nola funtzionatzen duen; zer den haurdunaldi bat, bai eta nola saihestu daitekeen ere; ezetz esateko aukera dutela...». Egun, gutxi zaintzen den arloa da, haren ustetan, «eta hezkuntza sexuala ukatzea zaurgarritasun are handiago batera arriskatzea da».
Rojoren lanaren parte bada ikastokietan sexu heziketa ematea, eta hark ere gabeziak nabarmendu ditu. «Noizbait, gela batera sartu, eta dibertsitate funtzionala dutenak gelatik ateratzen dituzte. Irakasleak esatea: 'Hau ez da geratuko saioan'. Baina zergatik? Umeek zer interpretatzen dute horrela? Ikaskideek interpretatzen dute pertsona ezberdina dela, eta gai horrek ez duela zerikusirik pertsona horrekin; eta dibertsitate funtzionala duenak zer sentitzen du?».
Txikitako garaiak gogoan, ironikoki mintzatu da Irureta hark eskolan jasotako irakaspenez. «Lehen hezkuntzako 5. mailako Ingurunea daukat gogoan. 'Ugalketa: Gizonezkoak bere zakil zutikorra emakumearen baginan sartzen du'», esan du txantxa tonuan. Horixe gabezia: genitaletan eta sarketan oinarritutako hezkuntza partziala, heterosexualitate zutabe duena, ezaugarri, eta sentsibilitate ezberdinetara egokitu gabekoa.
Administrazioak, geldi
Horretaz guztiaz aparte, bada hatzaz seinalatu beharreko beste esparru bat ere: administratiboa. «Ez dago ez erraztasunik ezta baliabiderik ere administrazioen partetik», salatu du Azkonak, eta gogorarazi du erakundeek pertsona guztientzako sexualitate osasuna bermatzeko ardura dutela. Fernandezek ehundu du azken gogoetabidea: «Erakundeek ez dute haien lana egin; sexu hezkuntza inklusiboa garatu behar dute. Legeek dibertsitate guztiak jaso, eta informazioa eskuragarri jarri behar dute».
Administrazioa, zentroak «blokeatuak» ikusten ditu Ahmed Moufekek. Angeluarra da Moufek. Polioa hartu zuen txikitan. Anaiak lan istripu baten ondorioz eragozpen psikikoak jasaten dituela eta, arazoaren alde bat baino gehiago ezagutzen duela gaineratu du. Lan istripuaren ondorioz jasan «kalte sexuala» kontuan hartu zioten anaiari: «Ahalak murriztu izana dirutza batekin konpentsatu zioten». Dirutza batean mugatzen zena.
Baina, dena dela, gauzak egin egiten direla gaineratu du Moufekek. Hendaiako zentro berezitu batean lanean ari zela, zentroko zenbait Irungo prostitutengana eramateko usaia zuela baieztatu zion ezagun batek. Beste batek azaldu zion familia bat ezagutzen zuela non amak baitzuen semea masturbatzen. «Begi bistakoa da horrelakoak saihestu behar direla». Baina nola? Oro har, gaia «tabua» dela eta agian gutxienez eztabaidak «tabu» horren altxatzen lagunduko duela espero du. Baina konplikatua ere ikusten du beste pertsona baten zerbitzuekin aritzea. Beste pertsona hori zein intentziorekin ere ari den zalantzazkoa izan daiteke, haren iritziz.
Moufekek esan du bizi sozial bat mantentzeko diru laguntzak eskaintzea dela soluzioetako bat. 800 bat euro jasotzen ditu hark hilero. Eta, horrez gain, beste dirutza bat dauka, erosketak, etxeko garbiketak edo beste gisa bereko lanak egiteko kanpoko baten ordaintzeko: «Baina, ororen buru, zure etxea garbia da, bai... baina ezin duzu nehor gonbidatu! Atera behar duzu jendea ezagutzeko, eta ateratzeko dirua behar da. Dirua, jatetxera norbait gonbidatzeko, kontzertu batera joateko, edo beste».
Gorputz oro plazer zelaia izateko
Ikusezina eta estigmatizatua da dibertsitate funtzionala duten pertsonen sexualitatea; are gehiago heteroarautik ateratzen direnen kasuan. Gizaki asexualtzat edo hipersexualtzat dituzten uste ustelen gainetik, askotariko identitateen eta praktiken aitortza aldarrikatu dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu