Naturaren egoera

Gorostiaren negu gorria

Eguberrietako ohiko apaingarria izan da urteetan gorostia, haren ederrak eta gorriak erakarrita. Babes bereziko espezie gisa dago katalogatuta oraindik, baina sumatzen da mendian orain arte jasotako babesa.

(ID_17044409229735) Gorosti bat, Zegaman.
Fruitu gorriz betetako gorosti eder bat, Aizkorri-Aratz natur parkean, abenduaren 29an. ETOR TELLERIA SARRIEGI
enekoitz telleria sarriegi
2024ko urtarrilaren 6a
05:05
Entzun

Badute koloreek botere berezi hori: bakoitzak izaten duela sentipen bat erantsia. Gogorrak izaten dira negu gorriak, eta hotzak izotz beltzak. Zaila da koloreei erantsitako sentipenari ihes egitea, baina gorostiak lortu du, lortzekotan. Izan dituelako negu gorriak, eta agortzearen marra gorriraino eraman duten gehiegikeriak. Oraintxe, ordea, haren ale ederren gorria da negu gorri bakarra. Aspaldikoa da basoari gorostia lapurtzeko ohitura, eta etxekotzen saiatzekoa. Ohiko apaingarria zen —oraindik ere bada toki gutxi batzuetan, tamalez—, ezkaratz, atari, harrera eta jaiotzetan. Fruitua ematea ohikoa ez den garaian ematen baitu fruitua, eta inguruko zuhaitzak biluzten eta pobretzen diren garaian jartzen baita hura pertxenta eta lerden. Denek nahi izaten diote adar bat puskatu, eta edertasuna kimatu, ohartu gabe mendian dela gorostia ederra, eta halako orekak bortizki apurtzea ekintza ankerra.

Jakoba Errekondo paisajistak zerrendatu ditu gorostiari eman izan zaizkion erabilerak: «Gorostia erabili izan da, batez ere, Gabonetako apaingarri gisa, koskor gorriak negu betean izaten dituelako. Gorostia erabili izan da biska egiteko eta harekin txoriak harrapatzeko ere— mihurarekin egiten da hori gehiago, baina gorostiarekin ere bai—. Eta gorostia erabili izan da makilak egiteko; asko».

Ingurumenari buruzko kezkak eta gorostiak ere badute harreman berezia. Mendian gorostia biltzea eta kimatzea erakundeek adostu zuten aurrenekoetako debekua izan zen. «Egon zen bolada bat ingurumenari buruzko kezka piztu zena. Eta, alde horretatik, gorostiarena mito moduko bat izan da: ‘Gorostia babestu behar dugu, gorostia salbatu behar dugu, desagertzera doa’. Pinudiak jartzearekin bat atzeratu zen asko gorostia, eta harekin batera beste zuhaitz asko. Pinudiek zuhaitz asko jan dituzte, eta tartean bat, gorostia», azaldu du Errekondok.

Eta paisajista usurbildarrak dio badaudela gorostiaren inguruan «mito» gehiago ere,  jendearen iruditerian landare «bitxi» gisa kokatzen dutenak: «Nagusiena da arrak eta emeak daudela. Oso landare gutxi daude halakoak —gurean, hagina da bestea, Gipuzkoako armarrian dagoena, eta zuhaitz mitikoa dena—, eta arrak eta emeak izateak ekartzen du halako errespetu bat. Jendeak ikusten ditu, nolabait, gure antzekoagoak edo».

«Luzaro bizitze horrek ere zerbait berezia sortzen du. Ez da lizar bat bezalakoa: ri-rau moztu, eta beste bat jarri. Gorostiek badute beste modu bateko lotura gure iruditeriarekin».

JAKOBA ERREKONDOPaisajista

Koskor gorriak emateak ere egiten du berezi. Eta urte asko bizitzeak ere bai: «‘Hau gure amonak ezagutu zuen hemen, eta orain gure aitak ere bai, eta guk ere bai, eta gure umeek ere ezagutuko dute’. Horrek zerbait berezia sortzen du. Ez da lizar bat bezalakoa: ri-rau moztu, eta beste bat jarri. Gorostiek badute beste modu bateko lotura gure iruditeriarekin».

Mikel Etxeberria Okariz Aranzadi zientzia elkarteko Botanika saileko kidea da. Errekondok esandakoak berretsi ditu, eta xehetasun bat gehitu dio gorosti arren eta emeen berezitasunari: «Apaingarri gisa pipita gorridunak hartzen zirenez, eta, fruitu gorriak beti emeak ematen dituenez, desoreka handia gertatu zen ar eta eme kopuruaren artean. Horren harira sartu zen gorostia interes bereziko espezieen EAEko katalogoan».

2011n berritu zuten katalogo hori azkenekoz, eta bertan jarraitzen du gorostiak. Populazioaren egoerari buruz galdetuta, Etxeberria ez da ausartu gorakada posible bat berresten: «Ez dugu gorostiaren jarraipenik egiten, eta ez daukagu daturik esateko hobeto edo okerrago dagoen. Egia da eremu jakin batzuetara joaten zarela, eta ikusten direla gorosti eme dezente, fruitu asko dituztenak, baina ez daukagu ikerketarik eginda populazioaren hobekuntza hori berresteko, espezie mehatxatuenekin egiten dugulako lan». Mehatxuaren edo larritasunaren arabera lau kategoria daude, eta gorostia laugarren kategorian dago egun.

«Egia da toki batzuetan gorosti dezente ikusten dela, baina ez dugu ikerketarik eginda hobekuntza hori berresteko».

MIKEL ETXEBERRIAAranzadiko Biologia saileko kidea

Negu gorrian fruitu gorria. Gorostiaren berezitasun horri buruz azalpen zientifiko ederra dauka Etxeberriak: «Gorostia sortu zen garaitik hona, gorostiaren eboluzioan, klima aldatuz joan da milurtekoz milurteko. Gorostia eta beste landare batzuk —huntza, erramua…—, hosto iraunkorra dutenak eta argizaritsuak direnak, klima edo garai epelago batera egokitutako espezieak dira, izatez. Zer gertatu da? Denboran zehar klima hoztuz joan dela haientzat, eta egokitzeko gaitasuna izan dutela. Egokitze horretan, hostoak gogortu zaizkie, argizaria sortu zaie… hotzari aurre egiteko, baina ezaugarri guztiak ez dira modu berean aldatu. Eta horixe gertatu zaie loraldiekin. Kasu honetan, erabat ezohikoa da negu betean fruituak ematea, baina pentsatu behar da fruitu horien sorrera berez beste klima baterako zegoela aurreikusita. Huntzarekin ere gertatzen da hori, baina ez da horren deigarria, fruitu beltzak ematen dituelako».

Fruitu horiek, gainera, jangarriak dira. Eta neguan jan bila dabiltzanentzat ezin aproposagoak. «Ez da apropos egindako zerbait, zeren eboluzioak ez dauka norabiderik, baina kasualitate horrek bermatzen du bai, nolabait, jan iturri bat izatea hegaztientzat neguan».

Izan ere, jan eta osasun kontuetan badu zeresan gorostiak. Sendabelar gisa erabili izan da, eta erabiltzen da. «Oso ahaztuta daukagu hemen gorostiaren sendabelar izaera hori: hostoa, fruitua, azala…», gogorarazi du Errekondok, eta Pius Font i Quer kataluniarrak joan den mendean idatzitako Plantas medicinales. El Discòrides Renovado liburuari egin dio erreferentzia: «Joan den mendean sendabelarren inguruan gazteleraz argitaratu den libururik garrantzitsuenetako bat da. Botanikaria, medikua eta botikaria zen P. Font Quer». 682 espezie bildu zituen liburu horretan, eta gorostiaren bertuteei buruz zera dio 453. orrialdean: «Hostoak diuretikoak eta laxanteak dira; fruituak libragarriak, eta gehiegi janda, okaztagarriak. Arriskutsuak ere bai haurrentzat». Laxante eta diuretiko gisa euren funtzioa bete dezaten, hostoak uretan egosita hartu behar direla azaltzen du, eta edari «bizigarri» bat nola egin ere bai: gorosti ardoa. Gorosti hostoak ardo gozoarekin botila batean sartu eta hamabost egunez beratzen utzi behar dira; ondoren, artileki batekin iragazi.

Ikusten da gorostia basoan, eta ikusten da etxe inguru batzuetan ere. Errekondok dio «erraz itsasten den» landarea dela: «Urte garaiarekin asmatu behar da. Jendeak garai batean asko egiten zuen hori: gorostia etxe ingurura jarri, loreontzietan jarri... Landare polita da, distira handia dauka». Eta espezie asko daude: «Gu Ilex aquifolium espeziari buruz ari gara. Aqui=arantza eta folium=hostoa. Espezie horren barruan, hainbat barietate daude, azpibarietateak, hibridoak… denetarik. Batzuk zabalak dira, besteek ertza horia dute, besteek zurixka, beste batzuk denean dituzten arantzak, beste batzuek ez dute arantzarik. Hori gertatzen da kulturizatzen ditugun landare guztiekin».

Ez baita gorostia Eguberrien aitzakian kimatu duten bakarra. Hor daude arkasatsa (Ruscus aculeatus), mihura (Viscum album), goroldioa... Etxeberria: «Menditik hartu eta gurean jartzeko tradizioa egon da, kolorerik gabeko urtaroari kolorea emateko». Errekondo: «Eguberrietako jaiotzen inguruan sortutako ohiturak dira. Kolonizazio erabatekoa».

GOROSTIA
Gorostiaren fruitu gorriak, lehen planoan. ETOR TELLERIA SARRIEGI

jakingarriak

  • Espeziea: Euskal Herriko gorosti espeziea Ilex aquifolium izeneko zuhaixka edo zuhaitza da. Baina Ilex familiako 400 espezie baino gehiago daude. Ezagunenak: japoniarra (Ilex crenata), eta amerikarrak (Ilex opaca, Ilex vomitoria eta Iles paraguariensis).
  • Dioikoa: Korostia landare dioikoa da, hau da, gorosti emeak eta arrak daude. Soilik emeek ematen dituzte fruitu gorri ikusgarri horiek. Bere garaian gorosti eme gehiegi ustiatu zituztelako sartu zuten espezie babestuen katalogoan, eta bertan dago gaur egun ere.
  • Ezaugarriak: Zuhaixka edo zuhaitz txikia izaten da; 10 metrorainokoa eta oso adarkatua. Enborraren azala leuna eta grisaxka izaten da gaztetan; ondoren, arre bihurtzen da. Aldiz, adarrak tenteak ditu, eta kolore berde distiratsua dute.
  • Fruituak: Fruitua drupa txiki bat da, kolore gorri bizikoa, eta adar edo hostoen kolore eta distirarekin kontraste nabarmena sortzen duena. Apiriletik ekainera bitartean loratzen da, eta udazkenetik aurrera hasten da fruituak ematen.
  • Banaketa: lIex aquifolium gorostia Europa osoan zehar dago banatuta, Asiako toki gehienetan eta Afrikako iparraldean ere bai. Euskal Herrian, hegoaldean eta Pirinioetako mendi gailurretan izan ezik, gainerako lurralde guztietan dago banatuta.
  • Toponimia: Euskal Herriko toponimian eragin handia izan du gorostiak, eta izen askok dute gorostia oinarrian: Gorostiza, Gorostizu, Gorostiaga, Gorostiola, Gorostidi, Gorosteta...

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.