Gureak-en egiten du lan Gorka Santestebanek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1979). Ataun irratian (Gipuzkoa) Ezbaian programa gidatzen du —bi larunbatetik behin ematen dute, 12:00etan—. Horrez gain, Kultur Zast egitasmoa sortu du Instagramen. Bi urte dira Hernanin (Gipuzkoa) bizi dela, eta herri horretako taberna batean erantzun die galderei.
Zure agiriek diote desgaitasuna duzula, baina denetarako zara gai. Nola bizi duzu hori?
Ondo bizi dut. Desgaitasuna dugu, pertsona bereziak garelako. Baina bizimodu arrunta egiten dut.
Kultur Zast egitasmoa abiarazi duzu Instagramen. Zer helburu dituzu?
Asmoa da kultur agenda bat egitea, batetik: antzerkia, musika, erakusketak, bertsolaritza... Bideoak egiten ditut. Eta sortzaileekin elkarrizketak ere bai. Julen Alonso trikitilariarekin egin nuen lehen elkarrizketa. Istorioak egiten ditut, postak baino argiagoak direlako.
Nola ikusten duzu gaur egun euskal kultura?
Ondo ikusten dut. Kontzertu asko programatzen dira, baina iruditzen zait talde gutxi batzuk bereganatzen dituztela kontzertu asko, eta beste talde batzuek kontzertu gutxiago ematen dituztela. Baina euskal kultura sasoian dago arlo guztietan.
Kultur teknikariek ez al dituzte askoz soldata hobeak sortzaileek baino?
Kultur teknikari bati egin beharko zenioke galdera. Baina Hernanin, adibidez, kultur ekitaldi asko dago teknikariek jartzen duten borondateari esker. Beste herri batzuetan betikoa antolatzen dutela ikusten dut.
Aurreko urte batzuetan eta aurten Olentzeroren gabon mezua ematen azaldu zara sare sozialetan. Hausnarketarako deia egin duzu aurten.
Joan den urtean gerraz gerra ibili da mundua, eta bada ordua horiek amaitzeko. Denok ondo konpontzeko saiakera egin beharko genuke. Garrantzitsua da elkar ondo ulertzea.
Ataun irratian Ezbaian saioa egiten duzu. Nola doa?
Hor ere euskal kulturarekin lotura duten gaiak lantzen ditut. Bertsolaritzak atal finkoa izaten du beti. Lau urte daramatzat programa egiten, eta oso gustura nabil.
Mikro aurrean urduritzen al zara?
Ez. Kezkarik ez dut izaten. Baina, behin, bertsolari bat elkarrizketatzean, kostatu egin zitzaidan tiraka aritzea. Oso zaila izan zen elkarrizketa hori. Pertsona lehendik ezagutzen baldin badut, elkarrizketa gusturago egiten dut.
Ataun irratia (Gipuzkoa) mundu osoan entzun daiteke Internet bidez. Goierritik kanpoko entzuleak badituzue?
Toki askotako entzuleak ditugu. Kanpoan entzuten gaituzte, bai.
Zuk ere entzuten al dituzu Euskal Herritik kanpoko irratiak?
Ez, egia esan, euskarazko irratien munduan sartzen naiz, eta hortik ez naiz ateratzen.
ETB1eko Hamaika esateko jaioak saioan ere azaldu zinen.
Kamera aurrean jartzeak errespetu pixka bat ematen du. Baina pozik ibili nintzen, eta saioko lantaldekoak ere bai.
Telebista gogoko duzu?
Kantu giro saioan ere azaldu nintzen duela urte batzuk. Nire ametsa da ETB1eko Biba zuek! programakoek niri elkarrizketa bat egitea.
Zer esango zenieke desgaitasunen bat izanik irratia egin nahi dutenei?
Saiatzeko esango nieke. Gustukoa badute, behintzat, ikasteko, ausartzeko eta animatzeko.
2024. urtea nolakoa izango dela iruditzen zaizu?
Urtea ona izango dela espero dut. Gauzak gerta daitezke egun batetik bestera, baina urtea ondo joango dela uste dut. Aurrera jarraitu behar dugu gure gauzatxoekin. Inflazioa ere hor dago. Hego Euskal Herrian garraio publikorako deskontuak mantendu dituzte, eta hori garrantzitsua da.
LOTSABAKO
Irrati esataririk kutunena?
Egoi Belategi, Naiz irratikoa.Eta telebista aurkezlea?
Klaudio Landa.Antzezlan bat?
Tu-tum Platz!, Jon Plazaolarena.